IZENAREN GARRANTZIA

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-11-20 01:22

belokijmari@gmail.com 1700439881352

Izena gizakion identitatearen osagai garrantzitsua da. Interlokuziorako eta harremanetarako ezinbesteko zerbait. Izenak besteengandik bereizten gaitu, gure nortasunaren zigilua da.

Behar bada, izenaren inguruan bizi dugun unerik hunkigarriena haurdun geratzen garenekoa da. Izendegiaren itsaso zabalean murgiltzen gara eta izen guztiek osatzen duten zurrunbilotik izen kuttunena arrantzatzen saiatzen gara etorriko den haurtxo berriarentzat. Aukeratu dugun izenaz hitz eginen diogu jaio berriari eta ikuttu goxoa emanen diogu geure maitasunaz blaitzeko. Lehengo Martin Mattin bihurtu genuen, Arantzazu Arantxa, Jose Joxe… Izena, maitasuna, sentimenduak eta enpatia beti egon baitira lotuta.

Euskaldunon herria

Azken mendean, euskaldunon herria adierazteko, herritarren artean Euskadi izenaren erabilera nagusitu zen. Frankismoan “Gora Euskadi Askatua” oihukatzea herri honekiko sentimenduzko atxikimendua adierazteko irrintzi oso zabaldua bihurtu zen. Ondoren, ordea, autonomismoaren indarraren poderioz, herri osorako genuen Euskadi hori mendebaldeko hiru herrialdeen multzora mugatu zen. Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa Euskadi horretatik kanpo geratu ziren eta kulturaren munduan normaltasunez erabiltzen zen Euskal Herria izena berreskuratu behar izan genuen zazpi herrialdeen osotasuna adierazteko arlo sozialean eta politikoan ere. Aipatu hiru herrialdeetan gaur egun ederki txertatuta dago Euskal Herria izena. Mendebaldeko hiruetan, berriz, sektore batzuk Euskadi izenari eusten diote, batzuetan zazpi herrialdeak eta beste hainbatetan mendebaldeko hiruak bakarrik adierazteko bada ere. Aurrez esana dugun bezala, izenak enpatiarekin oso lotuta baitaude.

Nafarroa

Izenen inguruan, Nafarroa hitza ere egoki erabiltzen  arazoak ditugu euskaldunok. Mapan Pirinioz behetik dagoen zatiari Nafarroa deitzen diogu eta Pirinioz goikoari Behe Nafarroa, Nafarroa Behera, Baxenabarre... erabilera okerraren kontraesanari garrantzirik eman gabe. Zeren zergatik deitu “Nafarroa” seigarren merinaldea kanpoan uzten duen zatiari? Ezin zaio Nafarroa deitu -akats larria baita-  bost merinalde bakarrik biltzen duen zatiari.

1991-01-16an lagun batzuek orduko Euskaldunon Egunkariara gutun bat bidali genuen Axularrek bere garaian erabili zituen izenak berreskuratzea proposatuz: “Nafarroa Beherea” eta “Nafarroa Garaia” bi zatiak izendatzeko eta “Nafarroa” soilik sei merinaldeen osotasuna adierazteko. Xabier Kintana euskaltzaina ados azaldu zen egun batzuk beranduago. Publikoki enbidoa botata geratu zen, baina ez zuen oihartzunik izan. Proposamena hainbat egitura politikotara iritsi zen, baina hor ere oihartzuna hutsaren hurrengoa izan zen.

Gaur egun kalean eta sare sozialetan erabilera egokia zabaltzen hasia da. Baina oraindik bide luzea geratzen zaigu.

joan mari beloki kortexarena

2023-10-28


Utzi iruzkina: