"Israelek hasi zuen gerra"

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-03-05 02:15

belokijmari@gmail.com 1772673497820

Horrela dio Douglas McGregor koronelak. Gizon hau gerra-beterano estatubatuarra da eta AEBetako defentsa idazkariaren aholkulari izana. Militar ohi honek informazio iturri zuzenak ditu Pentagonoan. Esandakoa egia den ez dakigu, baina hau da orain AEBetatik zabaltzen ari diren bertsioa.   

Irandarrek gutxienez 27 base estatubatuarri egin diote eraso Ekialde Hurbilean. Drone oso merkeek munduko aireko eta misilen aurkako defentsa garestienetako batzuk suntsitu dituzte, eta hainbat pista eta aireportu utzi dute zerbitzutik kanpo. Gerra eskualdeko gatazka bihurtu da eta ondorioak oraindik ezin dira aurreikusi.

Gaur egun, Europako petrolioaren merkatuak %20 inguruko igoerarekin ireki dira, petrolio gordinaren hornidura eten daitekeelako. Eskualdean negozio izugarriak egiten dituzten era guztietako nazioarteko konglomeratuak daude eta dena geldi geratzen ari da. Sortzen ari den kalte ekonomikoa luzatu eginen dela uste dut. Dolarra abiadura eta altuera galtzen ari da. Ekonomikoki hau triskantza handia da. Finantza-ikuspegitik, AEBentzat hondamendia da.

Mundu guztia dago orain zentratuta itxuraz Israel eta Iranen artekoa den gerra honetan. Dena den, gerra honen alderdirik bitxiena da ez zela israeldarren eta estatubatuarren arteko eraso batekin hasi, israeldarren eraso batekin baizik. Estatu idazkari Rubiok Senatuari jakinarazi zion Israelek erasoa hasi zuela. Ez genuen horren berri izan, ez zitzaigun ohartarazi hau eginen zutenik.

Berandu iritsi gara festara eta orain Irango misilen eragina sentitzen hasi gara. Badakigu hiru F15 ehiza-hegazkin eraitsi dituztela. Marinel, soldadu, hegazkinlari eta marine estatubatuarrak galdu ditugu. Ez dakigu zenbat. Hiruzpalau onartu ditugu, baina susmoa dut hori baino gehiago ere badela.

Nora goaz? Kanpaina luze baterantz goazela uste dut. Trump presidenteak men egin beharko dio Israeli. Horrek zerikusia du Israelek Iran suntsitu eta deuseztatzeko duen interesarekin, juduen nagusitasunerako oztopo handiena baita eskualdean.

Azkenean logistikak eragin handia izanen du, misilik gabe geratuko garelako. Uste dut ez Trump presidenteak eta ez bere aholkulariek pentsatu zutela Iranekin gerra luze batean amaituko zutenik. Baina hori da orain dutena.

Mundua norabide guztiz berrian mugitzen ari da. Mapak aldatu eginen dira. Asko harrituko nintzateke Pertsiar Golkoko familia-diktadura horiek guztiek gaur egun duten forman biziraunen balute.

Garaile izateko Iranek aski du bizirik irautea eta bizirik iraunen duela uste dut. Ez dut errukia eskatuko duen frogarik ikusten. Benetako estualdian gaude. Azkenean eskualdetik kanporatuak izanen garela uste dut. Begira zer gertatzen ari den orain Iraken. Xiiak altxatzen ari dira eta Irakeko gobernuak herrialdetik alde egin dezagun nahi du. Urteak daramatza gu joan gaitezen desiratuz. Azkenean alde egin beharko dugula uste dut. Ez dut uste Golkoan inork gertu eduki nahi gaituenik. Beraz, hau guretzat desastrea dela uste dut.

Gure itsas indarrak hornitzeko erabili ohi genituen portu guztiak suntsituak izan dira. Indiaraino egin behar dugu atzera eta eskualdetik urrun dago. Gerra askoz nekezagoa bihurtu da guretzat, besteak beste Ormuzko itsasartea eta Suezko kanala itxi dituztelako. Beraz, panorama komertziala iluna da eta panorama militarra problematikoa.

Israelgo burdinazko kupula ez da funtzionatzen ari. Irandarrek uste baino aurrerapen teknologiko handiagoak egin dituzte. Ezin dugu misilik fabrikatu erabileraren erritmoari eusteko behar bezain azkar. Ukrainari misil kopuru izugarria hornitzen aritu gara eta orain ondorioak nabaritzen hasi gara armategiaren zati handi bat agortu delako. Horrek esan nahi du ezin izanen dugula tiro egiten diguten gehiena eraitsi. 4.000 misil inguru ditugu gure inbentarioan eta Iranek 450.000 inguru. Logistikoki sekulako arazoa izanen dugu.

Trump gerra amaitzeko asmoz

Ali Khamenei aiatola buruzagi gorena hil genuen, baina horrek batasuna, agintea eta kontrola ez ditu aztoratu. Guretzat ez dut berri onik ikusten epe laburrean. Badakit asteburuan Etxe Zuriak negoziatzeko interesa adierazi zuela eta iraniarrek ezezko biribilarekin erantzun zutela.

Eskualdetik alde egin dezagun nahi dute. Onartuko dugula uste dut, gerra hau Israel estatu pariarekin batera eragin baitugu. Eskualdean israeldarrak oso gorrotatuak dira Gazan eragin dituzten hilketa masiboengatik. Gerra honek gauzak asko okertuko ditu. Eskualdean estrategikoki gure posizioa sakrifikatzen ari gara Israelen mesedetan.

Urrunago, korearrentzat estatubatuarrek alde egin dezaten garaia iritsi dela uste dut. Txinarekin lan eginez penintsula bateratua eta irtenbide egonkorra lortzeko aukera ikusten baitute. Japoniarrak hori ikusten ari dira, eta beren buruari galdetzen hasi zaizkio zenbateraino nahi duten gurekin lerrokatuta egon. Gaur egun bizi garen munduan, aro zahar bat amaitzen ari da eta beste berri bat hasten ari da. Etorkizunean arau berriak egonen dira eta horiek ez dira Washingtonen idatziko. Uste dut hein handi batean Asian eta neurri apalago batean Europan eta Ekialde Hurbilean idatziko direla, ez guk.

Taktikek batailak irabazten dituzte, baina azkenean gerrak estrategiak irabazten ditu eta guk ez dugu estrategiarik. Helburua erregimen aldaketa zen, baina erregimen aldaketak ez du funtzionatu. Iran batuta mantentzen da eta ez dago arrazoirik horrela ez duela jarraituko uste izateko. Ez dut uste inork sakon hausnartu duenik gerrari amaiera nola eman. Ezin duzu menderatu arte zibilizazio bat bonbardatu.

Inoiz ez dugu ulertu benetan zerekin ari ginen Iranen. Mundu guztiak hitz egiten du Irani buruz estatu islamiko erradikal moduko bat balitz bezala, baina ez da horrelakoa. Irango herriak ez zuen Ali Khamenei gorroto eta ez zuen ospatu hil zutenean. Alderantziz, jendeak oso gizaki apala eta zintzoa bezala ikusten zuen. Bere bizia sakrifikatu zuen, hil eginen zutela ongi zekien lekuan geratu zen. Hiltzeak martiri bihurtu du, eta islamarekin bat ez datozenek ere ohoratzen dute. Herrialdea gure aurka jarri dugu, gure aurka mobilizatu dugu.

Gerra honetan zer da garaipena? Garaipena egonkortasuna dela esanen nuke, eta ahal izan dugun guztia egin dugu egonkortasuna suntsitzeko. Egonkortasuna merkatuetan, merkataritzan, negozioetan, estatuen arteko konfiantzan. Beste behin ere argi eta garbi erakutsi dugu ez garela batere fidagarriak. Irani eraso egiteko erabakia aspaldi zegoen hartuta, data besterik ez zen falta. Eta, hala ere, negoziazioak martxan zeudelako fikzioarekin jarraitzen dugu. Israelekin batera pariak diren estatuentzat gordetako txokoan amaituko dugu. Prezio izugarria ordainduko dugula uste dut eta hau hasi besterik ez da egin.

Ez dut uste Israel handiaren asmoak arrakastarako aukerarik txikiena ere baduenik. Nire ustez, mundu guztia iraindu eta haserretu egin baitu eskualdean. Bizirik iraunen ote du Israelek hau guztia eta gero? Ez nago ziur. Agian. Baina Iran bai, Iran bizirik aterako da. 2.700 urte inguru daramatza gurekin. Kontua da ea gerra ergel horietan murgilduz gero, estatubatuarrok biziraun ahal izanen dugun. Nahiko berriak gara munduan, ez gara estatu zibilizazionala. Ez dut uste guretzat deus onik atera daitekeenik guzti honetatik. Iran, ordea, askoz entitate indartsu eta eragingarriagoa izanen da etorkizunean.

Uneren batean, Israelek nekeak jota bukatuko du. Eta bizirik iraunen al du? Ez dut garbi ikusten. Agian. Baina ez litzateke izan zena izanen, ez eta gaur dena ere.

Arma nuklearrak

Israeldarrek arma nuklearren bat erabiltzea erabakitzen badute Iranen misilekin jasandako erasoak gelditzeko asmoz, egoera goitik behera aldatuko litzateke. Ez nago ziur Israel horretatik bizirik aterako ote litzatekeen. Une horretan, errusiarrek eta txinatarrek esku hartuko lukete, zalantzarik gabe, eta aktiboki bat eginen lukete Israelen eta gure aurkako borrokan. Horren aurrean, zer egin dezakegu? Uste dut israeldarrei behingoz gelditzeko esan behar diegula, gainerakoan gu joan eginen gara. Puntu horretara iritsiko garela uste dut.

Netanyahu dago agintean. Aitor dezagun argi. Netanyahuren aginduak jasotzen ditu Trump presidenteak. Ez da eragile librea. Ondorioz, ez dut ikusten ezer aldatuko denik Washingtonen epe laburrean. Bonbardatzen jarraituko dugu, denborarekin arrakasta izanen dugulakoan. Ez dut uste Trump presidentearekin asko aurreratuko dugunik une honetan. Gertatzen dena gertatzen dela, AEBen hegemonia militarraren eta nagusitasun politikoaren pean ezagutu dugun Ekialde Hurbil Zaharraren amaiera ikusten ari garela esanen nuke.

https://www.youtube.com/watch?v=7HB_SQyaaoo

joan mari beloki kortexarena

2026-03-05


Utzi iruzkina: