Israel desagertzekotan?
Jacques Baud koronela analista izan zen Suitzako Inteligentzia Estrategikoko Zerbitzuan. NATO erakundean ere ardurak izan zituen. Gaurko bideoan, Israelek bere buruaz beste egitera irits daitekeela diosku.
Glenn Diesen: Israelgo egoerari buruz, zer esan? Badirudi ezin izanen duela luzaroan honela jarraitu. Egungo bideari jarraitzea ahalbidetu zion munduaren ordena higatzen ari dela iradokitzen du AEBen gainbeherak.
Jacques Baud: Israelen agortuta dagoen gobernu bat dago. Behin boterea utzita, Netanyahuri eragin diezaioketen prozedura legalen ondorioz, Gobernua gerra pribatu bat zabaltzen ari denaren sentsazioa gero eta handiagoa da. Horri gehitu behar zaio Smotrich eta Ben-Gvir bezalako pertsonek ere gerra ideologiko pribatua dutela, interes handia baitute Palestinako lurralde osoa Israelen kontrolpean egon dadin. Netanyahuk bi horien babesik gabe gobernatu ezin duenez, ez zaio gatazka honi irtenbiderik ikusten. Alderantziz, badirudi herritarren eta militarren pazientzia agortzen ari direla. Era berean, aspaldi bere aliatu tradizionalek izan diren mendebaldeko Europa eta AEB gero eta zalantza gehiago dutela ikusten dugu.
Israelek ez ditu inoiz legeak bete. Israelek 1947tik ez du inoiz nazioarteko zuzenbidea aplikatu. Mendebaldeko herrialdeok ez gara inoiz ausartu Israel nazioarteko zuzenbidea bete dezan behartzera. NBEren 150 ebazpen baino gehiagok dio Israel ez dela nazioarteko zuzenbidea eta NBEren ebazpenak betetzen ari. Jende askok dio Israel Nazio Batuen Erakundetik kanporatu beharko litzatekeela. Berea terrorismo hutsa da. Adibide gisa Gazan, dibertitzeko asmo hutsez, umeak hiltzen zituztela zioten soldaduen testigantzak ditugu. Historian sekula ezagutu ez den zerbait.
G.D. Beste herrialdeei ez zaie kontu eman gabe arma nuklearrak garatzen uzten. Hortaz gain, lurraldeen okupazioak, apartheid politikak, gerra amaigabeak, errefuxiatu-esparruen eguneroko bonbardaketak, janari zain dauden haurren aurkako tiroketak... ditugu. Urrutiegi joan direla dirudi.
J.B. Israel beti hartu izan da Mendebaldearen posizio aurreratutzat Ekialde Ertainean. Horrek azaltzen du zergatik Mendebaldeak onartu dituen Israelgo estatuaren desbideratze guztiak. Baina gaur egun Ekialde Ertaina intelektualki eta ekonomikoki Israelek baino gertuago dago Mendebaldetik. Israelek Ekialde Ertainean duen garrantzia erabat aldatu da. Ekialde Ertaina Mendebaldearekin harreman hobeen bila dabil, eta Mendebaldea hornitzeko, produktuak erosteko, elkarteak sortzeko eta lankidetza ekonomiko eta industriala sustatzeko bezain aberatsa da. Bitartean, Israelek Mendebaldeari ez dio ekarpenik egiten, Mendebaldetik jaso besterik ez du egiten eta trukean ematen duen guztia arazoak dira. Israel, gaur egun, arazo-sortzaile iskanbilatsua da. Ekialde Ertaineko gainerako herrialdeak, berriz, konponbideak eta arazoen konpontzaile. Beraz, egoera erabat aldatu da.
Europako buruzagiak ohartu berri dira Israeli emandako laguntza politikoa eta legez jasanezina bihurtu dela. Israelgo gobernuak egiten duen guztiak ez baitu inolako justifikaziorik. NATOko kide militar ohiekin, koronel eta antzekoekin hitz egiten dudanean, ez dut Israelen alde dagoen inor ezagutzen. Israelen ikusten duguna ez da terrorismoa garaitzeko diseinatutako estrategia bat. Aitzitik, terrorismoa eragiten du.
G.D. Nola ikusten duzu egoera ekonomikoa Israelen? Izan ere, hor daude Iranen aurkako gerraren ondorioak, Yemenekiko gatazka eta, gainera, israeldar asko herrialdea uzten.
J.B. Arazo sakona da. Israel oso herrialde konplexua da eta geruza askotako arazoak daude. Izan ere, gerraren eragin zuzena hor badago ere, badira beste faktore batzuk. Nahiko faktore esanguratsua da armadak jendea errekrutatzeko arazoak dituela; ondorioz, legea aldatu nahi dute eta horrek arazo asko sortzen ditu. Orain Israelen lan egiteari edo Israelekin trukeak izateari uko egiten dioten enpresen desinbertsioa ere badago. Hau oso larria da Israelgo ekonomiarentzat eta gizartearentzat. Horri gehitu behar zaio orain jendeak ez duela Israelera joan nahi, uko egiten dioten juduak barne, herrialdearen jarrera moral eta politikoagatik.
Milaka milioiko galerak dira hilero. Zalantzarik gabe, finantza eta ekonomia krisi handia izanen da Israelentzat epe luzera, jende askok alde egin baitu Israeldik. Mendebaldeko buruzagiek ulertu izan balute zer zegoen jokoan eta Israelek dena galdu behar zuela gaizki jokatuz gero, Mendebaldeak saihestu izan balu eta Israeli arazoa beste modu batera konpontzen lagundu izan balio, Israel ez litzateke egoera honetan egonen. Gaur egun Israel denek mespretxatzen dute eta estatu paria bihurtu da.
G.D. Zein da Netanyahuren egoera?
J.B. Nazioarteko Justizia Auzitegiak dio israeldarrek ez dutela Zisjordanian egoteko inolako eskubiderik eta bertatik alde egin beharko luketela. NBEren ebazpen bat ere badago horren inguruan. Israel irteerarik gabeko kale itsu batean dago eta horrelako egoeretan muturreko erreakzioak gerta daitezke. Legeak gogortu egin dituzte, gobernua oso egoera larrian dagoelako. Beraz, Israelen inoiz aldaketa erradikalen bat gerta litekeela uste dut. Erradikala beharko du izan, bestela Israelek existitzeari utz liezaioke.
Egonkortasunari eusteko dagoeneko ez dago baldintzarik. Israelek inguruko herrialdeetatik gero eta presio handiagoa du politikak alda ditzan. Mendebaldetik ere presioa handitzen ari zaio. Zerbait aldatu beharra du Israelek. Netanyahuk bere jarrerari eutsi nahi dio, bere ustelkeria akusazioengatik epaitegiak aurre egitea saihestu nahi duelako. Israelek ordaindu egin beharko ditu egindako guztien ondorio legalak saihestu nahi izanaren ondorioak. Israel bere existentzian oso garrantzitsua den inflexio puntu batera hurbiltzen ari da eta hori onartzen ez badu, desagertu ere egin liteke.
Israel desagertu litekeenaren ideia ez da funtsik gabekoa. Ez naiz gertatuko denik esaten ari, baina aukera horrekin kezka serioa izan beharko luke, lehen esan dudan bezala, Israelek geruza anitzeko arazoak dituelako. Palestinarrez bakarrik kezkatzen gara. Baina, hango egoeraz ari garela, bada Mendebaldean jorratzen ez den beste kontu asko.
G.D. Al-Aqsako meskitaren suntsiketa, Gazaren txikizioa, Iran sugearen buru bezala desagerrarazteko ahalegina, Siria balkanizatzeko saiakera, Hezbolaren aurka joateko Jolaniren erabilera, Siriako lurralde anexioak... Oso egoera arriskutsua da. Badirudi Israelek erabateko garaipenera joateko unea dela erabaki duela.
J.B. Israeldarrak, mendekuak bultzatuta, ez daude negoziatzeko prest. Eta irtenbide praktiko eta negoziaturik ikusten ez duzunean, bilatu ere ez duzu egiten. Ikuspegia aldatu behar duzu eta egoera eskalatu. Horrek oso arriskutsua izan daitekeen egoera batera darama Israel.
Eginkizun esanguratsua eta eraikitzailea bete lezakeen aktorea AEB lirateke. Baina AEBetan ez da jokoan dagoena ulertuko duen lidergorik. Arazoak gehiegi sinplifikatzera jotzen dute, inposatuak eta negoziatu gabeak diren akordioetan irtenbideak bilatzera. Eskualde honetan, Mendebaldeak egun ez du irtenbide bat inposatzeko lehen izan zuen eragina. Eta Mendebaldeak ez du hori ulertu. Ez du ulertu dagoeneko ez direla besteen izenean irtenbidea erabaki dezaketenak. AEBen administrazioa egun ez daude arazoa konpontzeko jarrera intelektual eta politiko batean. Alderantziz, kasu gehienetan arazoaren parte dira.
https://www.youtube.com/watch?v=Fm6L--VH5so
joan mari beloki kortexarena
2026-06-22

Iruzkinak
Utzi iruzkina: