Israel bonba nuklearra erabiltzeko prest?

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-10-13 16:06

belokijmari@gmail.com 1760371438216

Alex Krainer Jugoslavian jaio zen. Geroztik Suitzan eta Venezuelan izan zen eta 1994an Kroaziara itzuli zen. Ekonomia eta finantzen munduan murgilduta eman du bizi osoa eta gaur egun analista geopolitiko gisa ere dihardu. Bideo honetan Israel eta Iranen arteko auziaz mintzo zaigu.

Israel erabat ahuldu da. Asko kostatzen ari zaie borrokara tropak eramatea. Egiten duten guztia bonbak nonahi jaurtitzea da. Bere kanpo-politika guztia indarkeria da, besterik ez. Bere gizartea gainbehera doa, amildegira.

Gazaren aurkako eraso genozidak ez du etenik izanen, palestinarrak mapatik ezabatzeko ia kontsentsu osoa dagoelako Israelen. Gehiengo handi batek genozidioak jarraitzea nahi du. Ez dirudi gauzak asko aldatuko direnik.

Israeldarrek ez dute Trumpen bake plana onartuko. Eta Hamasek ez du inoiz desarmatzerik onartuko, horrek israeldarren menpe jarriko lukeelako. Trumpek bake prozesu honekin denbora irabazi nahi du, lehenago edo beranduago Iranen aurkako gerra piztuko delako. Trump Irani aurre ez egiten saiatzen ari da, baina Israelek gerrari berriz ekin nahi dio. Erokeria den arren.

Trumpen gaineko presio izugarria

Trumpen administrazioan infiltratu diren sionista aberatsek komunikabideen kontrol zorrotza dute. Beraz, Israelek Irani eraso egitea erabakitzen duenean, jasanezina izanen da Iranen aurkako gerrarekin bat egiteko Trumpen gaineko presio politikoa.

Ez Israelek eta ez AEBek garai dezakete Iran, iraniarrek orain oso arma boteretsuak dituztelako eta Israel osoa hondakinen azpian utz dezaketelako. AEBetako eta mendebaldeko beste herrialde batzuetako 60 base militarrei eraso egin diezaiekete eskualdean eta mendebaldeko itsas-ontzi askori ere.

AEBak Venezuelaren aurkako fronte bat zabaltzen ari dira orain. Ukrainan inplikatuta jarraitzen dute eta Txina geldiarazteko konpromisoarekin jarraitzen dute. Gerra fronte asko izan daitezke 20 urtetan talibanak Afganistanen menperatzea lortu ez zuen armada ahulduarentzat, ezta Ansar Ala Yemenen menperatzea ere, 10 urte baino gehiagoren ondoren. Testuinguru honetan, inork serioski har ez dezakeen bakerako proposamen inprobisatua denbora irabazteko moduan baino ezin da interpretatu.

Ekaineko 12 egunetako gerraz geroztik, Txina eta Errusiak Iran arma sistema gehigarriz hornitu dute. Irandarrek arma oso indartsuak dituzte eta Israelek eta AEBek ez dute defentsa eraginkorrik arma horien aurka. Ekainean Irango misil bakar batek 28 eraikin suntsitu zituen Tel Aviven eta ez dut uste irandarrek beren misilik indartsuenak erabili izan zituztenik. Hortaz gain, uste dut, gerra zabalago bat lehertuz gero, ikusiko dugula orain ezkutuan dauden indar ezberdinak sortzen, hala nola, Hezbola eta Iranen, Iraken eta Sirian bertan ezkutatu ziren Siriako armada arabiarraren segmentu handiak kasu. Egipto ere hor dago, eta ezin izanen dio muzin egin parte hartzeari.

Israelek Iranen kontra eraso eginen duela uste dute Irango buruzagiek eta erantzuteko prestatzen ari dira. Eta badakigu, baita ere, Iranek izugarrizko kaosa eragin zuela Israelen 12 egun horietan. Iranek nahikoa munizio, misil eta drone ditu 2 urtez etengabe aktibo jarduteko. Irango defentsaren beste alderdi oso garrantzitsu bat da euren liderren bat akabatzen badute berehala ordezkatua izanen dela dagoeneko izendatua duten beste norbaitekin.

Netanyahuk gerra behar du

2023an Gazaren aurkako kanpainaren hasieran, Israelgo jeneralek zera zioten: "Begira, oso kanpaina azkarretarako prestatutako armada gara. Aste gutxi barru amaituko da hau." Ba, dagoeneko 3 urte baino gehiago daramate. Israel desegiten ari da ekonomikoki, sozialki, moralki, militarki, modu posible guztietan. Herrialdea suntsitzen ari dira. Bake planak funtzionatu ahal izanen du ala ez, baina azkenean Netanyahuk ezin du onartu gerrarik ez izatea. Hori da arazoa. Gazatik atera edo egoera pixka bat baretu bezain laster, Irani eraso eginen diote berriro. Bahituak lortzen dituztenean, edo lehenago ere bai, nik uste. Eta gero, Gazari eraso eginen diote berriro.

Inoiz ez dute Hamas garaitu. Batek daki zenbat kilometro tunel duten oraindik lurpean, eta horietatik soldadu israeldarrei eraso eta segadak egiten dizkiete, baja oso larriak eraginez. Soldaduek dagoeneko ez dute gerrara joan nahi, diana errazak direlako. Izututa daude, leher eginda, lur jota. Herrialdearen ekonomia desegiten ari da. Hau guztia agonia hutsa da. Eta agonia honi eutsi egiten zaio hura gabe Benjamin Netanyahuk ez duelako etorkizunik.

AEBetan Israeli emandako babes publikoak behera egin du. Bi urteko genozidioak oso irudi negatiboa jarri dio Israeli. Beraz, AEBek ez dute automatikoki parte hartuko Israelen aldeko gerran. Denbora beharko da eta propaganda asko. Israelekiko zegoen atxikimendua desagertu egin da.

Arma konbentzionalekin Israelek ezin

Israel bidearen amaierara iritsi da. AEBek bat egiten badute ere, Israel desagertu eginen da. Kezkagarriena arma nuklearren erabilera da. Izan ere, arma konbentzionalekin ez dago modurik Israelek Iran garaitu ahal izateko. Hau da dena alda lezakeen karta basatia. Egia esan, ez dut uste arma nuklearrak erabilita ere israeldarrek Iran garaitu ahal izanen dutenik. Suntsipen izugarria eta baja handiak eragin litzakete, baina ez litzateke Iranentzako bidearen amaiera izanen. Japoniaren aurrekaria dugu, arma nuklearrekin bi aldiz bonbardatu baitzuten, baina oraindik hor da, bizirik. Era guztietara, gertaera ikaragarria izanen litzateke, segur aski, pakistandarrek Israelen aurkako eraso nuklear batez erantzunen luketelako. Hori Israelen amaiera izanen litzateke, zalantzarik gabe. Ez nago ziur AEBek honetan Israeli babesa emanen ote lioketen. Israelek arma nuklearrak erabiltzeko %50eko aukera dagoela pentsatzen dut.

Nire ustez, benetako arriskua bandera faltsuko eraso bat izanen litzateke, publikoaren aldetik erantzun emozional oso indartsua eraginen lukeen zerbait. Orduan propaganda autoritarioz bonbardatuko gintuzkete. Bonba zikin bat izan liteke. Eta Londresen. Nahiko seguru nago planeatuta daukatela. Urtebete baino gehiago igaro baita Londresko web kamera guztiak itzali zituztenetik eta ez dago inolako azalpenik. Hiri osoan 200 web-kamera baino gehiagoz ari gara. Badugu Irailaren 11ko aurrekaria, bertsio ofizialarekin bat ez datozen grabazio asko dituena. Beraz, agian ekitaldi hau antolatzen ari diren pertsonek pentsatu izan dute, "Hobe web kamerak piztuta ez edukitzea, hobe baita jendeak benetan gertatzen ari dena ez ikustea".

Vladimir Putin egungo munduko liderrik onenetakoa da. Europarrei zer dagoen jokoan ulertzen lagundu die, eta oldarkor agertu gabe. Vladimir Putinen demonizazio etengabea izan dugu 2003az geroztik, Aurretik ez, lehen urteetan mendebaldeko buruzagiek Putin beretako bat izanen zela uste zutelako. 2003an konturatu ziren Errusiarentzat norabide berria egiten ari zela. Vladimir Putin da, alde handiz, gaur egun liderrik trebeena. Eta uste dut berari eskertu behar diogula oraindik gerra nuklear batean erori ez izana.

https://www.youtube.com/watch?v=TXvdWJsAkwA

joan mari beloki kortexarena

2025-10-13


Utzi iruzkina: