Irango gerraren eragina Ukrainan

Irango gerraren eragina Ukrainan EUSKAL HERRITIK | 2026-04-02 19:06

Irango gerraren eragina Ukrainan

George Beebe Errusiaren analisirako zuzendaria izan zen CIA Agentzian. Gaur egun,  Gobernantza Arduratsurako Quinc Institutuaren estrategia orokorraren zuzendaria da. “Errusiako tranpa: Errusiarekin dugun ezkutuko gerrak hondamendi nuklearra ekar lezake” liburuaren egilea ere bada. Gaurko elkarrizketan Irango gerrak Ukrainakoan duen eragina azaltzen digu.

Errusiarrak izugarrizko presioa egiten ari ziren Ukrainaren aireko defentsaren gaitasunetan eta ematen genizkien aireko misilen erreserbak agortzen ari ziren. Orain, Irango gerrarekin, Ukrainaren aireko defentsa erabateko larrialdi egoeran aurkitzen da. Horrek oso aukera txarrak iragartzen dizkio Ukrainari. Gudu-zelaian dituzten aukerek ez dute luze iraunen, gerra honek jarraitzen badu. Beraz, horrek arrazoi bat ematen dio Ukrainari, berandu baino lehen negoziazio mahaian gatazkari amaiera emateko.

Irango gerrak AEBek, Europak eta Ukrainak luzaroan izan duten Errusiaren energia sarrerak murrizteko estrategia ere oztopatzen du. Murrizketa horrek Errusia gerrari amaiera ematera bultzatuko luke. Baina Iranekiko gerraren ondorioz, nazioarteko egoera energetikoa krisi puntu batera hurbiltzen ari denez, Errusiako energia nazioarteko merkatutik kanpo mantentzen saiatzeko estrategia hori ez da bideragarria. Trumpen administrazioak Errusiako energia salmentaren aurkako zigorrak arindu ditu. Ia saihestezina da erlaxazio hori iraunkor bihurtzea, nazioarteko petrolio-merkatuen gaineko presioa handia delako, batetik, eta AEBetako egoera ekonomikoa oso prekarioa, bestetik. Ezin liteke estrategia zahar horrekin jarraitu. Hor du Ukrainak, berandu baino lehen, amaiera bilatzeko beste arrazoi bat.

Hortaz gain, petrolioaren prezioen igoera dela eta, Errusia ezusteko irabazia jasotzen ari da energiaren diru-sarrerak direla eta. Horrek, era berean, esan nahi du, Irango gerraren ondorioz, ikuspegi ekonomikotik Ukrainako gerrari eusteko duen gaitasuna askoz handiagoa dela, epe laburrean behintzat.

Europarrak dira Ukrainako gerra honetako galtzaile handienak, haien egoera energetikoan izaten ari den neurriz kanpoko inpaktua dela eta. Eta ez dute alternatiba onik. Egoera honen aurrean, Europan arrazionala den aktore batek esanen luke: “Errusiari energia erosi beharko diogu. Ez dago beste irtenbiderik oraintxe bertan”. Baina europarrek diote, “Ukrainak datozen hilabeteei aurre egin diezaieke eta AEBetako egoera politikoak Trump presidentearen egoera izugarri ahuldu lezake eta azaroko hauteskundeetan babesa galduta, porrota eragin”. Hau da, europarrek, Ukrainako gerrari amaiera eman ordez, hurrengo hilabeteetan eutsi ahal izatea espero dute eta, orduan, Trumpek bake prozesua bultzatzeko gaitasun politikorik ez izatea. Ez da oso apustu zentzuduna.

Moskun batzuek AEB ez direla gai akordioetara iristeko diote eta ezin direla Trumpez fidatu. Trumpen Irango mandatarien portaera behatzen dute, errusiarrek Ukrainako gaia tratatzen duten berberak baitira, eta Iranekiko fede txarra ikusten dute. Orduan galdetzen dute, “Trump eta bere mandatariez fida gaitezke gurekin fede onez negoziatzeko? Begira, guztiarekin jo beharko genuke, gerra hau irabazi eta disuasioa berrezarri”.

Beste batzuek diote: “Aukera bat dugu, AEB distraituta daudelako. Ez dute Iranen gerra bat libratzeko eta aldi berean Ukrainari behar duena emateko gaitasunik. Europak ez du baliabide ekonomikorik ukrainarrei laguntzeko, beraz, aprobetxa dezagun aukera hau”. Baina, ez dut uste Putin puntu horretara iritsi denik. Uste dut berak ez diola uko egin nahi AEBekin distentsioa izateko aukerari, harremanak normalizatzeko aukerari, Europako segurtasunari eta egonkortasun estrategikoari buruzko negoziazioei ekiteko aukerari. Horiek guztiak oso helburu garrantzitsuak dira Errusiarentzat, eta ezin dira konpondu Donbass osoko lurraldeak hartuz edo Odessa hartuz eta Ukraina, itsasorako irteerarik gabe utzita, hondar-egoerara eramanez.

AEBen eta Errusiaren arteko harremanean hobekuntzarik ez dela inondik inora gertatuko, Trump ahulegi dagoelako edo aldebiko harremanaren benetako normalizazioa lortzeko asmorik ez duelako, izanen litzateke Putin presidentea iritziz aldaraziko lukeen gauza bakarra. Ez dut uste Putin oraindik puntu horretara iritsi denik, baina irits liteke.

Iranekiko gerrak areagotu egin ditu Europaren eta AEBen arteko tentsioak. Nire ustez, Trumpek NATOko aliatuei zera esan die: “Zuen laguntza behar dugu. Ormuzko itsasartetik garraiatzen den petrolioaz neurriz kanpo baliatzen ari zaretenez, itsasartea irekitzen laguntzera etorri beharko zenukete”. Eta gure aliatuengandik jaso zuen erantzuna, funtsean, hau izan da: “Ez da gure arazoa”. Beraz, Etxe Zuriko balorazioa hau dela uste dut: “Zertarako balio dute aliatu hauek? Zergatik ari gatzaizkie babesa ematen, beharrean gauden honetan guri laguntzera ez badatoz? Ez gara inolako irabazirik lortzen ari”.

Europarrak, berriz, kontrako ondoriora iristen dira. Presidenteak Irani buruz egin duenak Europa arriskuan jartzen duela ikusten dute. Trumpek neurri handi batean krisia sortu duela Ormuzko itsasartean aurreikuspen falta baten ondorioz eta planifikazio egokirik ezagatik, aditu askorentzat ondorio posible gisa aspaldi agerikoak ziren ikuspegi faltagatik, alegia. Eta krisia sortu ondoren, Europara jotzen du eta esaten du: “Lagun gaitzazue egoera honetatik ateratzen. Jarri zeuen itsasontziak eta zeuen soldaduak arriskuan hori egitean”. Trumpek ezohiko krisi energetiko eta ekonomikoa eragin du Europan. Beraz, “Zertarako balio du AEBen babesak honetan guztian, benetan Europako segurtasuna ahultzen ari badira?” Egoera honek aliantzako tentsio oso larrien osagai guztiak ditu, desagertuko ez direnak eta, ziurrenik, denborarekin okerrera eginen dutenak.

Ez dut uste akordiorako leihoak aurtengo udazken hasieratik askoz harago zabalik jarraituko duenik. Hala ere, alde biek pizgarriak dituzte. Ukrainarrek pizgarri indartsua dute orain ahal dutena lortzeko, egoerak askoz gehiago okerrera egin aurretik. Errusiarrak, akordioa lortzen saiatzeko, Trump akordio batera iristeko gai den bitartean. Trumpek garaipena behar du, Irango operazioa politikoki oso txarra izan baita berarentzat. Horrelako egoera batean zentzu handia du garaipen bat lortzen saiatzeak, Ukrainarekin negoziazioak arrakastaz ixtera eramanez.

www.youtube.com/watch=o8A3QvamZ98


Utzi iruzkina: