Iranen erantzuna

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-06-24 02:32

belokijmari@gmail.com 1750725267897

Iran-Israel gudak munduko ordena oso gogor astindu du. AEBak beren konstituzioaren eta instituzio guztien gainetik pasa dira eta NBE Nazio Batuen Erakundearen legalitatea osotara urratu dute. Irani egin dioten erasoa mundu guztiko eragileek arbuiatu egin dute eta mundu osoa irandarren erantzunaren zain geratu zen, emanen zutela ziur egonik. Berriz jo dugu Seyed Marandi irandarrarengana, negoziazio nuklearretan zuzenean inplikatuta ibili zenez, argi eman diezagukeelako hainbat puntutan.

Instalazio nuklearrei eragindako kaltea ez zen larria izan, baina irandarrek ez diote garrantzirik kendu nahi gertatutakoari. Eraso hau gerra ekintza izan zela esaten ari dira eta horregatik azpimarratzen dute ez dela minimizatu behar. NBEren Gutuna hautsi, nazioarteko zuzenbidea hautsi eta irandarren aurkako gerra hasi dute estatubatuarrek. Ondorioei aurre egin beharko diete, Iranek erantzun eginen baitu. Kalte kopuruak ez du garrantzirik, baina irandarrentzat kontu garrantzitsua da Israelgo erregimenaren aurkako gerrak jarraitu eginen duela eta Iranek erregimena zigortzen jarraituko duela.

Irandarrek ez dute inoiz beren programa nuklearra baztertuko. Gainera, Iran, oraindik erabakirik hartu ez duen arren, NEUI Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna uztera hurbiltzen ari da. Bere aktiboak babesteko besterik ez bada ere, Iranek NEUIrekin duen lankidetza birplanteatuko du, AEBek eta beste batzuek Iran zertan ari den jakin ez dezaten eta pertsonak hil edo aktibo gehiago suntsitu ez dezaten.

AEBek gerra ekintza bat burutu zuten eta hori da irandarrei axola zaiena. Eraso horrek ondorio globalak izanen ditu, NBEren gutunak jada ez duelako inolako baliorik eta nazioarteko zuzenbidea ez delako inoiz lehen zena izatera itzuliko. Ondorio militarrak izanen ditu, Iranek errepresaliak hartuko dituelako. Eta ondorioak izanen ditu EANE Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearentzat, etorkizunean Iranek birplanteatuko duelako elkarlana AEBek kontrolatzen dituzten organismoekin.

NBEren gutuna baztertua izan denaren ideia baztertu nahiko nuke, baina zaila da. AEBk eta EBk asko hitz egin dute azken hiru urteetan Ukrainan eragin gabeko erasoaz eta hau bai izan dela eragin gabeko erasoa. Hala ere, Kaja Kallas EBko atzerri politikako buruak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak behin eta berriz esan dute Iranek ez duela arma nuklearrik eduki behar, eta hori erasotzaileei babesa emateko adierazpen gisa interpretatzen dut. Israelen defentsarako eskubidea oso argudio arraroa da, bere inteligentzia zerbitzuek onartzen baitute ez dagoela arma nuklearren programarik.

Hegoalde Globala kezkatuta dago AEBak kontrolik gabeko aktore bihurtu direlako, Tel Aviveko bere aliatu sionista bezala, eta europarrak estatubatuarrei men egiten dieten aktoreak direlako, egiten dituzten izugarrikeriak kontuan hartu gabe. Hau ez dira albiste onak Mendebaldearentzat eta beste inori baino kalte handiagoa eginen die AEBei.

Iranentzat garrantzitsuena, oraintxe bertan, Israelgo erregimena kolpatzen jarraitzea da, erabat akituta geratu arte. Argi dago galtzen ari dela, bestela ez lirateke hain tematiak egonen estatubatuarrak gerran sartzeko. Israelgo helburuen aurkako erasoek lehen bezala jarraituko dute. Gogoratu behar da Israel ez dela handia. Iranek Israelgo zonalde bati eraso egiten dionean ondorio izugarriak ditu herrialde osoan; Iran, berriz, izugarria da, eta israeldarrek eraso egiten dutenean jende gehiena ez da hortaz jabetzen. Gainera, Israelgo misil eta droneen buru leherkorrak askoz txikiagoak dira; irandarrenek karga oso astunak dituzte eta oso suntsitzaileak dira, irudietan ikusten den bezala.

Irandarrak ez dira emozionalak, ez diete beren emozioei nagusitzen uzten. Iran oso kalkulatzailea da, gertatutakoa behatu, egoera aztertu eta gero hartzen dute erabakia. Erantzunak, alde batetik, AEBei disuasioa eragin behar die eta, aldi berean, Hegoalde Globalak -gure lagun eta aliatuek- eta nazioarteko komunitateak zentzuzkotzat hartu behar dute.

Oraintxe bertan Iranek babes global izugarria du. Inoiz ez dut Iranen alde hainbesteko babesik ikusi Hegoalde Global osoan eta Mendebaldean. Niretzat harrigarria da zein erakargarria bihurtu den Iran hainbeste jende ezberdinentzat. Iranek nahi du Hegoalde Globaleko gobernuek bere jarrera babestea. Beraz, uste dut Iranek emanen duen erantzun militarrak estatubatuarrak zigortuko dituela eta munduari erakutsiko diola Iranek erantzun duela beste batzuk egitera ausartuko ez liratekeen moduan. Aldi berean, BRICS eta Hegoalde Globaleko herrialdeei erakutsi nahi die Iran dela zentzuz jokatzen duen aldea guda honetan. Uste dut Iranek aukera hau baliatu nahi duela AEBk, Mendebaldea eta Israelgo erregimena are gehiago baztertzeko, erregimen arduragabeak direla erakusteko eta ekonomia globala arriskuan jartzen ari direnak beraiek direla garbi uzteko.

Afganistango eta Irakeko inbasioaz geroztik Estatu Batuekin konfrontazioa izateko prestatzen aritu da Iran. Irismen handiko dozenaka mila misil eta drone ditu eta AEBekin borrokan aurre egiteko moduan dago. Erabateko gerra badago, AEBak aktiborik gabe geratuko dira Persiako Golkoan, eta horrek AEBek eskualdean duten presentziaren amaiera markatuko du, baita inguruan dauden erregimen aliatu guztiena ere.

Persiar Golkoko estatuak ez dira gerra batean sartzeko bezain indartsuak. Ahulak dira eta ez daude beren herriaren menpe, diktadura familiarrak direlako. Guztiz zaurgarriak dira, eta badakite Iranen eta AEBen artean gerra bat baldin bada, denak izanen direla txikituak.

Iran erabateko gerrarako prest dago, baina ez du hori nahi. Iranek nahi du munduak jakitea erabateko gerra nahi duten bakarrak eta ekonomia globalaren suntsipena nahi dutenak Netanyahu eta bere aliatu sionista eta neokontserbadoreak direla. Eta AEBak sakrifikatzeko prest daudela kolonia israeldar hau aurrera ateratzeagatik.

Iranen erantzuna neurrikoa izanen da. Trump zentzuduna bada, hor utziko du tirabira. Baina aurrera jarraitzen badu, Iranek berriro erantzunen du eta horrek mundu guztia galtzaile aterako den egoera batera eraman gaitzake.

 https://www.youtube.com/watch?v=j-w-yLFCvBU&ab_channel=GlennDiesenEspa%C3%B1ol

joan mari beloki kortexarena

2025-06-24


Utzi iruzkina: