"Iranek porrot estrategikoa eraginen die"

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-03-05 22:27

belokijmari@gmail.com 1772746133566

Irango gerraren seigarren egunean sartu gara eta alde bakoitzetik bidaltzen dituzten mezuak ezagutu nahi ditugu. Aurrekoan, beren interesentzat ikuspegi ezkorra duen Douglas McGregor militar estatubatuarraren elkarrizketa ekarri genuen. Gaur, beren interesentzat ikuspegi baikorra duen irandar batena, Seyed Marandi irakaslearena. Garaipen estrategikoaz mintzo zaigu irakasle irandarra.

AEBek bonbardaketak egiteko ahal duten guztia zabaldu dute. Irango aktibo militar nagusiak lur azpian sakon daudenez eta helezinak zaizkienez, hiriak, azpiegitura zibilak, etxebizitzak, eskolak eta ospitaleak bonbardatzen dituzte. Bart gauean Irango telebistan izan nintzen saio baterako eta handik ordubetera bonbardatu egin zuten. Lehen egunean, AEBetako misilek 165 neskatila hil zuten lehen hezkuntzako eskola batean. Mendebaldeko hedabideetan ez zioten bat ere garrantzirik eman, neskatila horiek ez baitute baliorik haientzat. Egun horretan bertan gimnasio bat bonbardatu zuten, non neska gazte batzuk boleibolean jolasten ari ziren eta jokalariak hil zituzten. Ondorioz, iraniarrek eskola eta unibertsitate guztiak ixtea erabaki zuten.

Heriotza eta suntsipena ari dira pairatzen orain Irango herria, estatubatuarrek aukeratutako gerra batean. Gauez bonbardatu egiten gaituzte, eta egunez ere bai, inpaktu bikoitzeko aire-erasoen bidez. Hau da, eraso egiten dute, eta gero, jendea laguntzera joaten denean, berriro leku bera kolpatzen dute. Horri aurre egiten ari gara. Gizatasunik ez duten bi erregimen basati. Baina irandarrak kontraerasoan ari dira. Irango misilak ikusten ditugu okupatutako Palestina kolpatzen. Irandarrak aktibo ikusten ditugu estatubatuarrak erasotzen Pertsiako Golkoan eta AEBak eta Israel sufritzen ari dira.

Atzo gauean, Teheranen, eta aurreko gauean, jendetza bildu zen hiri osoan zehar bonbardaketapean, indar armatuei babesa emateko eta Khamenei aiatola omentzeko. Trumpen erregimena salatzen eta Estatuari eta indar armatuei babesa adierazten ikusten da jendea, gizon zein emakume, tinko.

Enpresa asko itxita dago. Irekita jarraitzen dutenek ziurrenik ez dute bezero askorik izanen. Teheranen jende gutxiago dago, neurri batean jende askok alde egin duelako, eta baita askok etxean geratzea nahiago dutelako. Gobernu-sailek lanean jarraitzen dute, baina gutxieneko maila batean, langile publikoak zauritu edo hiltzeko arriskua murrizteko.

Gaineratu behar da, baita ere, Israelgo erregimena Libano bonbardatzen ari dela eta milaka zibil hiltzen. Beirut bonbardatzen ari dira, apartamentu blokeak bonbardatzen, jendea barruan zapaltzen eta familiak suntsitzen. Eta erritmo ikaragarrian gertatzen ari da. Jakina, Mendebalde politikoak beste alde batera begiratzen du eta mendebaldeko komunikabideek ere.

Une honetan, irandarrak Israeli eta okupatutako Palestinari ari zaizkie erasotzen. Badirudi Israelgo erregimenaren aireko defentsak agortzen ari direla, Irango ia misil guztiak iristen baitira helmugara. Irandarrak andanaz andana ari dira jaurtitzen. Oraintxe bertan Tel Aviv bonbardatzen ari dira. Base estatubatuarrak ere erasotzen dituzte. Irandarrak ez dira petrolioa eta gasa Pertsiako Golkotik ateratzen uzten ari. Oraingoz, Iranek ez ditu suntsitu kaian dauden petrolio-ontziak, ezta petrolio- edo gas-instalazioak ere. Eskalada bat badago, ziur nago hori gertatuko dela. Pertsiako Golkotik irteten saiatu diren petrolio-ontziei Iranek eraso egin die. Ondorioz, petrolio-ontzi gehienak zeuden lekuan geratu dira.

Porrot estrategikoa

Zalantzarik gabe Iran nagusitu eginen da, baina herriari kostu handia ekarriko dio. Baina ez dugu beste aukerarik izan. Inposatutako eraso gerra da hau. Hala ere, Iranek porrot estrategikoa eraginen die Trumpen eta Netanyahuren erregimenei.

Ez dut uste munduak Israelen aldetik eraso nuklear bat onartuko duenik. Urrutiegi joatea litzateke. Ez dut uste Errusiak, Txinak eta beste batzuek hori onartuko dutenik. Baina eginen balute ere, ezin izanen lukete Iran suntsitu. Larijani doktoreak, orain Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko presidente denak, esan zuen mehatxu existentzialik balego, Iranek bere jarrera nuklearra aldatuko lukeela. Iranek ez du arma nuklearrik nahi, ez ditu egin. Arma nuklearrei buruzko fatua dago. AEBetako inteligentziak berak ere onartu du inoiz ez dela hartarako mugimendurik izan.

Mundu xiita guztia gerran da. Haien sinesgarritasuna, baita musulman sunien artean ere, izugarri handitu da, horiek direlako herri palestinarra defendatzen ari diren bakarrak. Beste inor ez da hau egiten ari. Eta herrialde xiitak, erresistentziaren ardatza, dira Gazan genozidioa gelditzeko sakrifizioak egiten ari diren bakarrak, izan Yemenen edo Libanon. Libanon milaka gizon, emakume eta haur hil dute israeldarrek. Irandarrek beti babestu izan dituzte zapalduak. Hori xiien ideologia erlijiosoaren zati garrantzitsua da. Kuba babesten dute, Venezuela babesten dute, Afrika hegoaldean apartheidaren aurkako erresistentzia babestu zuten eta horrela mundu osoan. Eta orain ikusten dute Iranek men egiteari uko egiten diola, beraz, Iranen altuera handitzen ari da mundu osoan eta eskualde osoan.

Jendeak ikusten du Iran eta erresistentziaren ardatza kontraerasoan ari dela. Eta hori AEBen irudia kaltetzen ari da. Bestalde, irandarrek Ormuzko itsasartea itxi dute eta ez dago estatubatuarrek horren inguruan egin dezaketen deus. Iran petrolioaren eta gasaren prezioa igoarazten ari da, eta, estatubatuarrek gatazka igotzen badute, irandarrek petrolioaren eta gasaren prezioak hodeietaraino igo ditzakete. Estatubatuarrak oso egoera txarrean daude, egunero 24 orduz izugarriak eginez. Irandarrak sufritzen ari dira, baina herrialdea batuta dago. Estatubatuarrak ehunka hiri bonbardatzen ari dira, eta gizarte zibila, gizartearen egiturak, suntsitu nahian dabiltza.

Azkenean estatubatuarrek amore eman beharko dute. Yemenen bezala, non Trumpek garaipena iragarri eta erretiratu egin zen. Yemenek irabazi egin zuen, 7 asteko gerraren eta munduko ekonomiari eta AEBetako ekonomiari kalte handiak eragin ondoren. Amore eman beharko dute, baja ugari izaten ari direlako. Bere indar armatuak izugarrizko prezioa ordaintzen ari dira. Bonbak eta misilak agortzen ari zaizkie. AEBak ez dira Txina bezalako herrialde industrializatua eta ez dute Errusia bezalako industria militarrik.

Irandarrak bat eginik

Hori ez da ondo amaituko AEBentzat, batez ere Trumpentzat, babes txikia baitu herritarren artean. Epsteinen artxiboak daude eta zatiketa sakonak daude herrialdean. Aurreko gerretan jende gehienak babesten zituen gerrak, Iraken bezala. Baina orain, Mendebaldeko erregimenekiko eta hedabideekiko mesfidantza hain da handia, ezen oso zaila eginen baitzaie honi luzaroan eusten, eragiten ari diren nahigabeak eta mina Israelgo erregimenaren mesedetan egindako zerbait bezala antzematen baitira.

Ekaineko 12 egunetako gerraz geroztik, Mendebaldearekin zubiak eraikitzen saiatu behar genuela defendatzen zuten liberalei beren posizioa oso azkar joan zaie gainbehera. Herrian orain adostasuna dago. Zalapartariek ez dute Irango iritzi publikoa ordezkatzen. Gizartearen zati txiki bat besterik ez dira. Irandarrak AEBen eta Mendebaldearen kontra elkartuta daude. Errusia eta Txinarekiko harremanak hobetu egin dira eta datozen urteetan lotura horiek are gehiago indartuko dira.

Ali Khamenei aiatolak bere egoitzan geratu zuen, bulegoan lanean, berak horrela erabaki zuelako. Ez zen beldur. Alde egiteko eskatu ziotenean, jende askok ez duela nora jo esan zuen, beraz bera ere ez zela inora joanen. Tinko eutsi zion eta horrek are heroiago bihurtu du irandarren artean. Iran bat eginik dago eta hori AEBen eta Israelgo erregimenaren behin betiko porrota da.

Nahiz eta egunak ilunak izan Libanorentzat, irandarrentzat, eskualde osoko jendearentzat, mundu osoko jendea suminduta eta zeharo aztoratuta dago Mendebaldea egiten ari denagatik. Eta noski, Gaza, Gaza, Gaza. Iluntasuna gorabehera, eguzkiak gizateriaren gainean distira eginen du berriro etorkizunean. Inperioa eraitsiko da eta bizirik iraunen dutenek egun hobeak ezagutuko dituzte.

https://www.youtube.com/watch?v=YbvXJVMLpYE

joan mari beloki kortexarena

2026-03-05


Utzi iruzkina: