Iranek gogor erantzunen du
Seyed Marandi irakasle irandarra dakargu beste behin, AEBek eta Israelek Irani berriz ere eraso eginen baliote, Iranek nola erantzunen liekeen jakiteko. Argi mintzatu da eta etor litekeena izugarria izan daitekeela diosku.
Su-etena hasi zenetik AEB gerrarako prestatzen aritu dira. Hurrengoa suntsitzailea izanen da ekonomia globalarentzat. Izan ere, gauzak dauden bezala egonda, ikaragarri sufrituko du. Oraingoa ez baita icebergaren punta baino.
Iranen azpiegitura kritikoari eraso egiten badiote, Iranek gauza bera eginen du Israelgo erregimenarekin eta Pertsiako Golkoko familia diktadura arabiarrekin. Hori dela eta, etorkizunean askoz petrolio, gas eta ongarri gutxiago egonen da eskuragarri munduko merkatuetan epe oso luzean, eta horrek depresio ekonomiko globala eragin lezake. Lehenik eta behin, petrolio eta gas gutxiago egonen delako. Eta bigarrenik, Ormuzko itsasartea irekitzeko, blokeoa altxatzeko eta Gazan eta Libanon su-etena berpizteko edozein negoziaziok aste asko eramanen duelako. Horrek guztiak mundu mailako depresio ekonomikoa eraginen du oso epe luzera.
AEBek lehengo gauza bera eginen dute. Jendea hil, bonbardatu eta, seguraski, azpiegitura kritikoari eraso. Baina irandarrek erantzun eginen dute. Gaur bertan Irango goi diputatu bati entzun diogu oraingoan hilketak gertatzen badira, Iranek Kuwait, Bahrein, Qatar, Saudi Arabia eta Emirerrietako erregimen arabiarretako buruzagiak hil eginen dituela. Konplizeak direla gaineratu du, haien inplikaziorik gabe gerra hau ez baitzen gertatuko.
Iranek bere errepresalia indarkeria maila askoz altuago batera eramanen du. Iranek dagoeneko argi utzi du bere azpiegitura kritikoaren aurkako erasoei erantzun eginen diela, eskualdeko eta Israelgo erregimenaren azpiegitura kritikoa kolpatuz. Ez dut ikusten nola horrek mesede egin diezaiokeen Trumpi. Berarentzat gauzak asko okertuko dira. Izan ere, egunaren amaieran, Trumpek kontuak eman beharko dizkie estatubatuarrei, dituzten zailtasun ekonomikoengatik.
Entzuna dugu AEBetan badirela zinez gerraren kontrakoak diren pertsonak, jende errugabearen sarraskiaren kontra daudenak, estatubatuarrek lehen egunean hil zituzten Minab-eko umeez kezkatzen direnak. Badira ere enplegua eta inflazioa bakarrik axola zaizkien pertsonak. Horietaz gain, eliteetako kide asko inondik inora biktima ez diren soldadu estatubatuarren bizitzaz kezkatzen dira bereziki. Pertsona horiek guztiak gero eta gehiago entzunak izanen dira. AEBen erregimena sionismoaren eta erregimen genozida baten kolaboratzaile gisa ikusten dutelako edo beren mantenua hondatzeagatik, beren negozioak hondoratzeagatik, estatubatuarrek bizia galduko dutelako, AEBetako ekonomiak sufritu eginen duelako edota defizitak gora eginen duelako. Indar horiek, elkarren artean zerikusirik ez badute ere, gerraren ondorioz Trumpek izugarri sufritzea eraginen dute.
Mundu osoan jendeak Gazako eta Libanoko irudiak ikusten jarraitzen du. Gainera, datorkigun hondamendi ekonomiko globalak jendearen bizitza pertsonala gero eta gehiago kaltetzen duen heinean, errua Israeli, sionismoari, Netanyahuri eta Trumpi egotziko diete. Beraz, ez dut ikusten Trumpek nola atera diezaiokeen etekina honi guztiari. Kaltetuta ateratzen ari da. Etekina ateratzen duen pertsona bakarra Netanyahu da.
Argindarrik gabe, bizitzerik ez
AEB Irango buruzagiei eta Irango azpiegitura kritikoari erasotzen hasten badira, lider arabiar horiek eta inguratzen dituzten eliteak ere helburu izanen dira eta haien azpiegitura kritikoa erasotua izanen da. Eta hori Golkoko eskualdean bero denboraldia hasten den unean gertatuko da. Gero, hondar ekaitzak eta hezetasuna daude. Hauek denak elkartzean, oso zaila egiten da herrialde horietan elektrizitaterik gabe inor bizi ahal izatea. Oso zaila izanen da han dauden milaka soldadu estatubatuarrentzat. Eta gauza bera biztanleentzat. Katastrofikoa izanen da herrialde horietan bizi direnentzat eta munduko petrolio eta gas merkatuentzat. Jendeak alde egin beharko du. Gainera, agintean dauden familiak erasotuak izanen balira, erregimen horiek kolapsatu eginen lirateke. Ez dut uste AEB honetan guztian ondo pentsatzen ari direnik.
Estatubatuarrek, seguruenik, inbasio mugatua eginen dute Ormuzko itsasartean. Agian gerra laburra aukeratuko dute, gerra horretan gogor eta azkar joz. Baina irandarrek erantzun eginen dute. Lurretik erasotzen saiatzen badira, irandarrek sartzen utziko diete eta xehatu eginen dituzte. Ez diete lurraldea kentzen utziko.
Ikuspegi zabalago batetik, tentsioak murrizteko edo Ormuzko itsasartea berriz irekitzeko edozein saiakera aste asko luzatuko dela da garrantzitsuena; borrokak amaitzeko, gero baretzeko eta ondoren nolabaiteko akordioren batera iristeko aste asko beharko delako. Hori dela eta, ekonomia globala depresiorantz abiatuko da argi eta garbi.
Iranek ez du Ormuzko itsasartea kostaldetik bakarrik kontrolatzen. Itsasartea kontrolatzeko ahalmena ehunka kilometrotatik dator, lur barruko leku ezberdin askotatik. Iranen gaitasunak ezezagunak dira AEBentzat. Mendien azpian sakon ezkutatuta daude. Irango instalazio asko dago gune horietan ezkutatuta, eta unea iristen denean, estatubatuarrek deus gutxi dakiten gauzei aurre egin beharko diete. Baseak eta fabrikak lur azpian daude, inportantea den guztia lur azpian dago.
Gerran gaude. 39 eguneko gerra eta horren aurreko 12 egunekoa irandarrek irabazi zituzten, mina estatubatuarrek baino hobeki jasan zutelako. Horregatik onartu zuen Trumpek Iranen 10 puntuko plana negoziazioetarako oinarri gisa, su-etena behar zuelako. AEBek jarri duten setioa kalte handia egiten ari zaio ekonomia globalari, gero eta ontzi gutxiagok zeharkatzen duelako Ormuzko itsasartea.
Itsasontzi estatubatuarrak helburu
Irandarrak berriz ere Israelgo erregimenari eraso egiten hasten diren unea ere azpimarragarria da. Erregimen horrek ez dauka bere burua babesteko beharko lukeen misil kopurua. Beraz, Iran nahiko azkar eta zailtasun handirik gabe has liteke Israelgo erregimenaren barruko helburuak kolpatzen.
Baliteke Iranek helburu mingarriagoak bilatzea Golkoan. Orain estatubatuarrek Irango azpiegitura kritikoei eraso egiten badiete, hori oso goian egonen litzateke eskaladaren eskalan, eta Iran ontzi estatubatuarrak hondoratzen hasiko litzateke. Aurretik ere izan dira Irango goi kargudunen adierazpenak hori mahai gainean dagoela esanez. Krisi ekonomiko globala dugu. Guztion bizitzei nabarmen eraginen die. Eta gatazkaren eskaladatik gora jarraitzen badugu, hondamendia imajinaezina izanen dela uste dut.
Putin presidentearekin egindako bilera oso ongi joan zen. Putin presidenteak oso goraipatu zuen Irango herria. Irango herriak zigor, terrorismo eta gerren hamarkadetan izan duen erresistentzia izugarria izan da. Baina gerra honek mundu osoko jendeak Iran modu ezberdinean ikustea eragin du. Iran oso ezaguna egin da eta hori munduko bazter guztietatik esaten didate. Jendeak orain Iran ikusteko duen modua oso desberdina da duela hilabete batzuk ikusten zuenaren aldean, batez ere Gazakoaren ondoren. Baina Hezbolak bezala, Iran ere erresistentzia ardatzaren parte da eta hori sionismoarekin, Israelgo erregimenarekin, Trumpekin eta AEBekin gertatzen denaren guztiz kontrakoa da. Askoz modu negatiboagoan ikusten dituzte azken hauek. Beraz, eraldaketa handia gertatzen ari da munduko leku askotan jendeak Iran ikusteko duen moduan. AEBetan ere Iran elkartasuna irabazten ari da orain dela gutxi pentsaezina zirudien sektoreetan.
https://www.youtube.com/watch?v=aPnX835sOW4
joan mari beloki kortexarena
2026-05-05

Iruzkinak
Utzi iruzkina: