Iran ulertu ezina

Iran ulertu ezina EUSKAL HERRITIK | 2026-04-30 19:45

Iran ulertu ezina

Gaur mintzo zaigun analista, Alastair Crooke irlandarra, ekonomia politikoa ikasi zuen Eskozian eta Londresko bankan eman zituen bere lehen lan urteak. Geroago diplomazian jardun zuen Britainia Handiarentzat. MI6 inteligentzia britainiarrarentzat ere lan egin zuen hainbat urtez. 

AEBek eta mendebalde politikoak ez dute ulertzen Irandarren mentalitatea. Hortaz gain, okerreko tresnak erabiltzen ari dira hura ulertzeko. Mundua ulertzen saiatzeko pentsamendu mekanizista erabiltzen dugu. Mendebaldean behin eta berriz azpimarratzen da arrazionaltasun mekanizista, beste ulermen eta ezagutza batzuk baztertuta. Ezin da Ekialde Hurbila ulertu arrazionalismo sekularraren bidez, sinbolo erlijiosoen arteko gatazka-eremu bihurtu baita.

Israel leku mesianikoa bihurtu da, eskatologikoa. Gershom Scholem historialari juduak esan du egungo sionismo erlijiosoak, israeldarren %70aren babesa duenak, mugimendu mesianiko, apokaliptiko eta erradikal gisa funtzionatzen duela. Eta amaiera, Mesiasen etorrera, behartu nahian, Estatuari lurralde kontrol masiboa gauza dezan exijitzen diotela.

Horri deitzen zaio Israel Handia. Hori da Israelek Nilotik Eufrateseraino bilatzen duen lurralde kontrola, Estatuari lur konkista masibo hori burutu dezala exijituz, munduaren amaierarekin zerikusia duten arrazoiengatik. Mendebalde politikoko politikariek ez dute Asia mendebalde hau ulertzen, hau mordoilo handi samarra baita pentsalari mekaniko, arrazional eta sekularrentzat. Ezin dute ulertu zer suposatzen duen Mesiasen etorrerak.

Israelen eta AEBen interes ezberdinak

Hori ulertzen ez baduzu, ez duzu ulertuko zer gertatzen ari den Ekialde Hurbilean, Israelen bereziki. Beraz, ez du zentzurik Israelera joateak eta esateak bere arazoaren konponbidea ez dela Mesiasen etorrera, ezta munduaren amaiera ere, bi estaturen irtenbidea baizik. Israeldar gehienek ezetz diote, gurea ez bezalako plano batean pentsatzen dutelako.

Iran beste adibide bat da, Errusia beste bat. Beraz, pentsatzeko modu honetatik ateratzeko eta mundua pentsamendu mekaniko hutsa ez den zerbait bezala ikusteko gaitasun falta dugu. Zeri erreparatuko diozu zeure arreta gertakarietan erabat oinarrituta badago? Bide horretatik Iran, adibidez, zer den ulertzera ez zara iritsiko. Iran ez da estatu nazioa, gizarte iraultzailea da. Eta hori ulertu gabe Iranekin tratua egin behar baduzu, botere politikatik eginen duzu. Gauza bera gertatzen da Errusiarekin. Presioa, presioa. Presio horrek kontrako emaitza eraginen dizu eta zeure proposamenak onartuak izateko zailtasunak areagotu eginen dizkizu.

Israelen interesak eta AEBenak nahiko desberdinak dira. Ezberdin pentsatzen dute eta interes ezberdinak dituzte. Gershom Scholem-ek esan zuena ulertzen baduzu, badakizu sionismo erlijiosoa amaiera behartu nahi duen mugimendu mesianikoa dela. Orduan, zergatik onartuko dute moderazioa estatubatuarren interesak berenak ez badira? Izan ere, bost axola zaizkie AEB. Eta Golkoko estatuak beste hainbeste. Laster etorriko den aro apokaliptikoaren ideian, garrantzitsuena amaiera behartzea eta lurralde kontrola lortzea da, erredentzioak aurrera egin dezan. Beraz, Iranekiko gerra modera dezaten eta Libanon gerran ez dela jarraitu behar esateko ideia zaharrak ez du zentzurik, ez baitu funtzionatuko.

Bi estatuen ideiak aurrez aurre talka egiten du sionismo erlijiosoaren funtsezko ideiarekin, hau da, Israel juduentzat dela, ez palestinarrentzat, ez goyimentzat, ez jentilentzat. Sionismo erlijiosoak juduak ez direnak kanporatu egin behar direla aldarrikatzen du, berentzat lan egiten dutenak izan ezik. Hauek arimarik gabeko esklaboak dira.

Mendebaldearen modernitatearen aurkako iraultza

1.979an sha kargugabetu zuen iraultza ez zen zientziaren edota teknologiaren aurkako iraultza izan, mendebaldeko modernitatearen aurkako iraultza baizik, bere elementu ekonomikoen, elementu moralen, komunitate faltaren eta indibidualismoaren aurkakoa. Gure modernitatearen aurkako iraultza izan zen. Pentsamendua, abangoardiako iraultza, Sayyid Qutb-ek eman zuen, mundu islamikoan eragin handia izan zuena sha-k behartutako sekularizazioaren testuinguruan sortu zelako, pentsatuz pertsonak erlijiotik, komunitatetik, familiatik bereizi behar zirela, mundu globalizatuan parte har zezaketen unitate modukoak bihurtuz. Iraultza horren guztiaren kontrako gerra izan zen. Zentzu askotan, horren ondorioz, estatubatuarrek gehiago baloratu beharko lukete Iran, wokismoaren aurkako gerra izan baitzen, globalismo wokearen aurkakoa.

Iranek negoziazioaren baldintzak aldatu ditu. Irandarren asmoa azken 74 urteetan izan duten setioaren paradigma leherraraztea da. Hau da, muga-zergen eta beste bitarteko batzuen bidez Iran ahulago eta pobreago bihurtzea. Orain, "ez dugu gai nuklearra eztabaidatuko" esan dute. Eta hau bonba bat da Washingtonentzat, ez baitaude horretarako prestatuta.

Eztabaidak gerraren gaira mugatuko dituzte, besterik gabe. Mohammad Ghalibafek mezu hau bidali berri du: "Trump jauna, karta handiak ditugu jokatzeko. Ormuz dugu, Itsaso Gorria kontrolatzen duen Bab el-Mandeb dugu, oliobideak ditugu eta hori guztia kontrola dezakegu. Beraz, presio ekonomiko handia ezar dezakegu”.

Iran ez dago AEBen aurrean amore emateko prest. Eta AEBek ez dute kapitulazio hori behartzeko baliabiderik. Ez diot irteera errazik ikusten honi, barrikada ikaragarriak baitaude. Lehena, Trumpek akordio nuklearra nahi duela. Eta bigarren oztopoa Israel duzu. Beraientzat emaitzarik txarrena su-eten luze moduko bat litzateke. Israelek ez luke hori onartuko, Netanyahuk baldintza horietan ez lituzkeelako hauteskundeak gaindituko, berak ezarritako gerra honen ondorioz deus lortu ez izanagatik kritikatua izaten ari delako.

Donald Trumpen itxaropen ustela

Trumpek ere ez du izanen gerragatik zer erakutsi azaroko hauteskundeetan. Orduan, nola gaindituko du egoera hau? Berak eta Alderdi Errepublikanoak azkar atera behar dute honetatik. Baina bi oztopo daude horretarako. Bata Trump bera da. Garaipen itxura duen zerbait nahi du. Adibidez, Iranek 430 kg uranio aberastuak itzultzea. Baina ez du lortuko. Eta Netanyahuk ere ez du lortuko. Orduan, zer egin? Agian eskalada militarra izanen da. Askok iragarri dute hori. Baina haien instalazioak, energia-hornidurako lineak, zentral elektrikoak eta abar bonbardatzen baditugu Iranek gauza bera eginen du Golkoko estatuetan. Eta Golkoko estatuak oso kezkatuta daude dagoeneko.

Duela gutxi Israel Katz Israelgo defentsa ministroak adierazi duenez, “Israel prest dago Iranen aurkako gerrari berriro ekiteko. Khameneitarren dinastiari amaiera eman nahi dio. Helburua Iran harriaren arora itzultzea da, energia eta elektrizitate instalazio nagusiak lehertuz eta azpiegitura ekonomiko nazionala zapalduz”. Mezu mesianiko eta apokaliptiko hutsa da. Iranen erabateko suntsiketa eragin nahi du. Eta hemen Israelen eta AEBen interesak ez datoz bat. Bide horretatik AEB beren suntsiketarantz, suizidiorantz, daramatza eta hori ez da AEBen interesa. Aitzitik, hondamendia eraginen du eskualdean eta mundu guztian.

https://www.youtube.com/watch?v=mkzPIHaC0GA

joan mari beloki kortexarena

2026-04-30


Utzi iruzkina: