Iran-Israel: ondorioak

12 egunetako guda hau amaitutzat eman daiteke. Gauza harrigarri batzuk ikusi ditugu, pentsaezinak duela denbora gutxi. Poliki-poliki ondorio batzuk ateratzeko tenorea iritsi zaigu eta, eginkizun horretan Pascal Lottaz analista suitzarra harrapatu dugunez, bere hausnarketak ekarri ditugu denontzat baliagarriak direlakoan.
Irango erregimena aldatzeko asmoa
Gudaren hasiera Iranen erregimena aldatzeko oso saiakera serioa izan zen Israelen eta AEBen aldetik. Irango programa nuklearra aitzakia baino ez zen. Benetako helburua Iranen esku-hartze militar bat burutzea zen, azkarra eta intentsitate handikoa, eta Aiatolaren eta Iranen egungo egitura politikoaren amaiera eragitea.
Gazakoa eta gero, Libanokoa, Siriakoa… Israelek erabaki zuen Iranen aurkako erabateko erasoa saiatzeko unea zela. Iranek erasoari aurre egiteko duen gaitasuna gutxietsi zuten israeldarrek eta Iranen erantzuna neutralizatzeko duen gaitasuna gehiegi balioetsi. Hasieran arrakasta izan bazuen ere, operazioa ez zen Israelek nahi bezain emankorra izan eta Iran gai izan zen aurreikusi baino askoz modu sendoagoan aurre egiteko. Itzaltze mediatikoa ezarri behar izan zuen Israelek, gertatzen ari ziren benetako kalteak ezkutatzeko. Botere suntsiezinaren itxurari eutsi nahi zion.
Iran kontraerasoa modu proportzionalean egiten saiatu zen, eta errepresalian Israelgo instalazioei zuzendu zizkien erasoak, bere instalazioek jasotako erasoen truke. Aspaldiko urtetan ohikoa den Irango taktika honek Israel bonbardaketak geldiaraztera behartu nahi du. Hasieratik Iranek adierazi zuen israeldarrek erasoak eteten bazituzten beraiek ere geldiaraziko zituztela beren kontraerasoak. Beraz, Iranen helburu militarra Israel geldiaraztea zela ikusten dugu.
Irandarren batasuna
Mendebaldeko hedabideen arabera, Irango herritarrak matxinatzeko eta bere gobernua boteretik kentzeko zorian zeuden, bonbardaketa gehixeago luzatzen bazen. Hau guztia fantasia hutsa zen, Irango diasporarekin eta Irango lankideekin harremanetan gaudenok berehala jaso baikenuen mezu bera WhatsApp bidez. Operazioa irandar guztiek gaitzetsi zuten, ia irandar bakar batek ere ez baitu une honetan bere herrialdearen gaineko bonbardaketarik nahi. Kontrako efektua izan du eta jendea gobernuaren inguruan batzea eragin du. Baita erregimenaren aurkakoak ere.
Israeldarren eta AEBen akatsetako bat izan zen pentsatzea goi agintari militarrei eta programa nuklearretan lan egiten duten zientzialariei eraso eginez, armadak desertatu eta zientzialari guztiak lasterka aterako zirela eta jarraian jendea altxatu eginen zela. Ez zen horrela izan.
Badakigu, halaber, israeldarrek gerra psikologiko handia erabili zutela gutxienez 20 jeneral irandarren aurka. Mehatxatzeko, eurak, emazteak eta seme-alabak hilen zituztela esan zieten, atzerrira ihes eginen zutela edo gobernu oinordeko bati leialtasuna zin eginen ziotela adieraziz berehala bideoak grabatzen ez bazituzten. Baina jeneral horietako inork ez zuen halako bideorik grabatu.
Porrota eta amaiera azkartzea
Horrek guztiak etsipena eragin zuen Israelgo aldean, Iranen misilek aireko defentsak zeharkatu eta iristen jarraitzen zutelako. Argi ikus zitekeen nola Israel lehen aldiz sufritzen ari zen Gazaren aurkako genozidioa hasi zenetik, nola bertako biztanleriaren zati bat serioski sufritzen hasia zen eta ez zegoela inolako seinale positiborik israeldarren eta estatubatuarren aldetik Iranen gaitasun misilistikoa neutralizatu ahal izateko. Misilak agortzen ari zitzaizkion Israeli eta horrek arazo estrategiko eta zaurgarritasun handiak zekarzkion.
Ikasi dugu Israelgo burdinazko kupula ahula dela eta Iran gai dela bilatzen duen edozein helbururi eraso egiteko, Mossad-en egoitza barne.
Bestalde, gauza bera gertatzen da Iranekin. Lur gainean duten edozein azpiegitura eraso dezakete israeldarrek eta estatubatuarrek. Aldi berean, argi dirudi gune nuklearrak ez zirela kaltetuak izan.
Bestalde, estatubatuarrek Qatarren zuten base militarra hustu ahal izan zuten, irandarrak eraso egitekotan zirela ohartarazi zietelako. Hori gatazka leuntzeko kalkulatutako errepresalia izan zen.
Erasoen lehen astean ideia gobernua ezabatzea zen eta gero, hori gertatu ez zelarik, Tel Aviven zein Washingtonen etsipenak gora egin zuen eta gatazkari amaiera azkarra emateko hautua egin zuten.
Nazioarteko zuzenbidearen porrota
Estrategikoki, Iranen erregimen aldaketa ez lortzea Israel eta AEBen porrota izan da. Iranentzat oso proba gogorra izan zen, eta osorik atera da bertatik. Hala ere, argi dago hau ez dela izanen AEB-Israel eta Iranen arteko gatazka militarraren azken atala.
Nazioarteko zuzenbidea dugu, Nazio Batuak ditugu eta printzipio batzuk ditugu, baina horrek guztiak ez dio batere axola Mendebaldeak erregimen aldaketa proposatzen duenean edo bere borondatea beste batzuei inposatu nahi dienean. Beste hainbeste esan dezakegu TNP Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaz.
Israelek eta AEBk, arma nuklearrak dituzten bi estatuk, arma nuklearrik gabeko estatu bati eraso egin izanak nuklearrak ez ugaltzeko erregimena gure begien aurrean amiltzea ekarri du. Ni neu bakezale sutsua naiz baina, segurtasun egokia eta benetako disuasioa nahi baduzu, arma nuklearrak beharrezkoak direlakoan nago oraintxe. Iranek arma nuklearrak ez garatzeko politika bazuen ere, berriz aztertuko duela esanen nuke. Eta egin beharko luke, politika horrek eraman zituelako AEB eta Israel eraso hau egitera.
Guda amaitu da. Oraingoz. Etenaldi bat egonen da alde guztiek behar dutelako. Israelek eta Iranek euren gaitasunak berreskuratu behar dituzte eta Donald Trumpi bere MAGA apurtzen ari zaio. Baina denbora kontua baino ez da Israel eta AEB berriz ere horrelako zerbait egiten saiatzea, Iran suntsitzeko asmo osoa baitute.
Ikusi dugun beste gauza bat da Iran oso txarra dela ezkutuko operazioen aurka egiterakoan eta Iran barruan lo dauden zelula israeldarrak desegiterakoan. Ondorioz, Errusiarekin eta Txinarekin koordinazio estuagoa bilatuko du.
Bertako defentsa antolaketan irandarrek nolabaiteko arrakasta izan dutela kontutan hartuta, bonba nuklearra ahalik eta azkarren lortzen saiatuko direla pentsa dezakegu.
Guda ez da amaitu
Ez dut uste gerra amaitu denik. AEBen sistema gudazaleak, konplexu militar industrialaren bidez eta Israelgo lobbyaren laguntzaz, gerrarako bultzada etengabea sortzen du. Eta europarrak erabat integratuta daude sistema horretan.
Lehendik Errusiak Ukrainan antolatu dioten gerrari aurre egiteko duen gaitasuna ikusten ari gara. Berriki, Iranek maila handiko erasoei aurre egiteko duen gaitasuna ikusi dugu. Orain, ikusteko dago ea Mendebaldeak Txinarekin ez duela saiatu behar ikasi duen.
https://www.youtube.com/watch?v=B3HsjeFQhg8&ab_channel=NeutralityStudiesEspa%C3%B1ol
joan mari beloki kortexarena
2025-06-27
Iruzkinak
Utzi iruzkina: