Iran - Israel (III)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-06-22 01:05

belokijmari@gmail.com 1750548550755

Aurreko bi egunetan iritzi kontrajarriak irakur ahal izan ditugu laburpen hauetan. Irandarrak konfiantza betea erakusten zuen bere armada eta agintariengan, eta siriar-mexikarrak garaipena Israelen aldean ikusten zuen. Gaur militar estatubatuar baten iritziak dakartzagu, ikuspuntu neutral batetik emanak gure ustez. Iritzi kontrajarrien talka honetan epaile izan litekeelakoan. Douglas MacGregor militarrak eskarmentu handia du estatubatuarrek munduan barrena egin dituzten gerra guztien inguruan. Hortaz gain, informazio iturri zuzenak ditu hango armadan. Bere iritziak oso kontutan hartzekoak direlakoan ekarri ditugu hona.

Guda hasi berria da. Ez dut uste laster amaituko denik. Estatubatuarrok konplize izan ginen Irani ezustean egindako erasoan. Jendeak gehiegi balioetsi zuen inpaktua. Trump presidenteak negoziatzeko interesa zueneko ilusioa sortu zuen eta horrek irandarrak desarmatzen lagundu zuen. Irandarrek harrituta utzi naute kontraerasoa oso azkarra izan delako.

Israelek gerra luzea du aurrean eta estatubatuarrok bat egiteko zorian gaude. Baditut barruko iturriak erabakia hartua dela esaten didatenak. Erasoak gauzatu behar dituzten aireko eta itsasoko indarrak biltzea da denbora eramaten ari dena.

Israel egoera larrian dago. Bere lurren zati handi bat suntsituta ikusi du. Netanyahuk berehala esku hartzeko eskatu dio Trumpi, baliabiderik gabe geratzen ari baitira. Iran eta Israelek aurre egin behar izan dien beste estatuak ezberdinak dira. Iran potentzia kontinental handia da, ia mendebaldeko Europaren tamainakoa baita. AEBek ez dute lurreko indar handirik konprometituko. Ez daukatelako, besterik gabe.

Israelen hegemonia helburu

Estatu juduak eskualde osoan nagusi izan dadin helburua duen guda da hau. Estatu juduaren hegemonia estatubatuarren interesekoa da, eskualdeko petrolioa eta gasa ziurtatzen baititu. Errusiaren aurkako gerra galdu egin dugu. Gerra horren bitartez Putin deuseztatzen eta Errusia zatikatzen saiatu ginen, bere baliabideak kendu nahi izan genizkion eta geratzen zena Londres eta New Yorkeko bankuen estatu basailu bihurtu. Horrek porrot egin zuen. Guda hori galdu egin dugu. Errusiak ez du Putin galduko etorkizun hurbilean, bere estatuak lehengoan jarraitzen du eta bere botere militarra inoiz baino handiagoa eta indartsuagoa da.

Ekialde Hurbilean, Errusia suntsitzeko gudaren alde egin zuten babesle, finantzari, instituzio eta defendatzaile politiko berberak dituzten pertsona berak dira orain Israelen izenean Iranen aurkako gerra sustatzen ari direnak. Netanyahu jaunak askoz ere eragin handiagoa du Estatu Batuetako Kongresuan Trump presidenteak berak baino. Trump presidentea bere tresna da eta ez du Netanyahuk nahi ez duenik eginen.

Ez dut uste planak funtzionatuko duenik, Iran gaur duela 20 urte baino askoz aurreratuago baitago teknologikoki. Iran nahierara izutu eta eraso daitekeen estatu musulman atzeratua balitz bezala azaltzen dugu. Munduak uste du B2 bonbaketariek mendiak ustez zulatuko dituzten munizio sartzaileak jaurtitzea besterik ez dela, uranioa aberasteko instalazioak suntsituko dituztelakoan. Ahalegin handiena erregimenaren suntsiketan zentratuko dela uste dut. Iran geldiarazten saiatuko dira. Elkartuta mantentzeko gai ez izatea eta berriro erantzun ezin ahal izatea lortu nahi dute. Baina ez dut uste hori lortuko dutenik.

Uranioa aberasteko edo garapen nuklearreko instalazio horiek kaltetzeaz ari gara. Ez dut uste munizio konbentzionalekin suntsi daitezkeenik. Entzuna dut mendiak zulatzeko buru nuklearrak erabiltzeko aukera aztertzen ari direla. Oso ideia txarra izanen litzateke, horrek Pandoraren kutxa zabalduko lukeelako.

Bitartean, txinatarrek, errusiarrek, pakistandarrek eta beste batzuek baliabideak inbertitu dituzte Iranen, irandarrei defendatzen laguntzeko. Baliabide horietako batzuk nagusituko direla uste dut. Gatazka hau oso arriskutsua eta konplexua izanen da.

Bonbardatzen ditugun bitartean, gure lagunak direla eta gu haien lagunak garela esaten ari gatzaizkie irandarrei. Kontraesan handia da. Gainera, nahi ez duten gobernu batetik askatzeko bonbardatzen ditugu. Eta bitartean Israel beste gobernu bat antolatzen ari dela esaten diegu. Eta hori gutxi balitz, Israelen txotxongilo den Sha zaharraren semea etorriko dela, kontrola hartuko duela eta dena konponduko duela. Erokeria da, ez du inolako zentzurik. Oraindaino ez dut AEBetako edo Israelgo banderarik ikusi Irango kaleetan.

Ukrainan Errusiaren aurkako gerra bultzatu zuten berberak ari dira orain Israelen izenean Iranen aurkako gerra sustatzen. Errusia suntsitu eta paradisu globalista bihurtu nahi zuten berberek kontrolatu nahi dituzte petrolio eta gas baliabideak Ekialde Ertainean, batez ere Iranen. Iran zati txikitan zatitu nahi dute, gero Israelgo estatu handiaren basailu gisa tratatu ahal izateko.

Israelen biziraupena kolokan

Gatazka honen ondorioz, Israeli oso zaila eginen zaio bizirik irautea. Eta arma nuklear baten erabilerarekin mehatxu egiten badu, baliteke azkenean eurek izatea arma nuklear bat jasoko dutenak. Iranek arma nuklear bat sortu ez izanak ez du esan nahi arma nuklearren bat erabilgarri ez dagoenik. Israel, Mediterraneoan dagoen kolonia txiki bat besterik ez dena, potentzia handi bat balitz bezala jokatzen ari da, gure babes osoa duelako.

Hegoalde Globala Iranen alde lerrokatzen ari da. Europako estatu asko ere ondoan jarriko zaizkio. Eta gero, noski, India, Txina eta BRICS daude. Gero eta teknologia, ekipamendu eta laguntza gehiago ari dira iristen Iranera. Gure ekintzen ondorioz AEBek lortuko dugun gauza bakarra mundu osoan estatu paria bihurtzea izanen da eta egiten ari garenagatik gorrotatuak eta mespretxatuak izatea.

Astebete, 12 hilabete, 18 hilabete iraunen al du gudak? Hori suntsipenaren araberakoa izanen da, eta une honetan Israelen suntsiketa handia da.

Donald Trumpi atzera egiteko eskatzea oso zaila da. Trump presidenteak emozioz jokatzen du neurri handi batean, eta gaur egun 1991n ginen nazioa garela uste du oraindik. Ez dut uste iritziz aldatuko denik, ez dut horren inolako ebidentziarik ikusten, eta aurrera eginen duela uste dut.

Iran potentzia kontinentala da. Kolpe gogorrak jasan ditzake eta kontraerasora jo. Zer gertatuko da bajak izaten hasten garenean? Zer gertatuko da ontzi garrantzitsuren bat galtzen badugu? Zer gertatuko da okupatzen ditugun baseak suntsitzen dizkigutelarik? Orduan estatubatuarrek beren buruari galdetuko diote: zer da hau? Gutariko zenbat hil dira? Zer egiten dugu han? Ez dut gogoratzen horri buruz galdetu zidatenik. Kongresuan eztabaidarik izan al zen? Ez.

Benetako aukera dago israeldarrek beren etsipenean arma nuklearren bat erabiltzeko. Gerta liteke. Oso hutsegite larria litzateke. Eskalada maila horretara ez genuke inola ere iritsi behar, baina harrokeriaz eta autoengainuz jokatzen ari dira, eta hori konbinazio arriskutsua da, porrotera garamatzana ezinbestean.

https://www.youtube.com/watch?v=LT9QbnqQA5I&ab_channel=GlennDiesenEspa%C3%B1ol

joan mari beloki kortexarena

2025-06-22


Utzi iruzkina: