Iran - Israel (II)

Iran eta Israelen arteko gudari hurbilpen xume bat egiteko asmotan, lehen atalean irandar baten iritzia ekarri genuen atzo. Gaurko elkarrizketa honetan jaiotzez siriarra den ingeniari baten iritzia dakargu, bestelako ikuspuntu bat eskaintzen digulako. Aboud Onji egun Mexikon bizi da eta nazioarteko politikaz dihardu hango irrati batean. Elkarrizketa Noticias TV-ko kazetari batek egin dio.
Fordow-ko instalazio nuklearra
Irango Fordow-ko instalazio nuklearra bonba bunker-hausle bitartez erasotzeko aukerari buruz eta estatubatuarrek edo israeldarrek egingo ote duten, esan nahi dut arraroa dela hain zehazki arma mota bati buruz hitz egitea. Horrelako erasoak ez dira negoziatzen, eta ez dira hainbesteko aurrerapenarekin iragartzen. Nik ulertzen dut hau albiste mediatikoa dela Donald Trumpek eta Israelek erabili nahi dutena eremu geopolitikoan mugimendu gehiago eragiteko eskualdean.
Dena den, Israelgo armadak duen puntu indartsuena aireko indarrekin zerikusia duen guztia da. Teknologia moderno asko dute eta bonba hori bota lezakete. Hala ere, Estatu Batuek azpiegitura osoa utzi beharko liekete bonba hori botatzeko. Nola eraman hain urrutira da arma mota honek planteatzen duen arazo zailena. 13 tona baino gehiago pisatzen duen bonba bati buruz ari gara eta edozein hegazkinek ezin du garraiatu.
Amerikako Estatu Batuen inplikazioa
Hori bai, Israelek AEBen partetik erraztasun guztiak izango balitu, egin ahal izanen luke. Hala ere, AEBak zuzenean inplikatzeak Iranen fronte militar berri bat irekitzea dakar, eta horrek lurreko esku-hartze militar batera eraman gaitzake. Israelek ez du horretarako gaitasunik, baina AEBek bai. Eta, segur aski, AEBak sartzen badira Iranen aurkako gatazka militar honetan estrategia berriak sartzeko izanen da.
Orain arte ez dugu ikusi Iranek zentro estrategikoei egindako erasorik. Batzuetan esaten da Israel informazioa ezkutatzen saiatzen ari dela, ez duela esan nahi Iran zer erasotzen ari den. Baina nik neure buruari galdetzen diot: zergatik Iranek ez ditu esaten Israeli eragiten ari zaizkion kalte estrategikoak? Bada, seguruenik informaziorik eta Israelgo egitura militarrean eta gobernuan min egin dezaketen helburu estrategikorik ez duelako.
Badirudi Israelgo gobernuak 24 eta 48 ordu artean eman dizkiola AEBei Iranen aurka zer eginen duen erabaki dezan. Eta, AEBek egiten ez badute, Israel prest dagoela Fordowko instalazio nuklearrari berak bakarrik eraso egiteko. Antza, horrek gatazkaren abiadura azkartzea ekarriko luke eta iraupena murriztea. Nire ikuspuntutik, ez dut uste gatazka hau asko luza daitekeenik, zentro nuklearraren aurkako erasoa edozein izanda ere. Nik ez dut gatazka hau Ukrainakoa bezala ikusten. Izan ere, hasieratik estrategia militar desberdinak daude. Hemen ez dago Israelen aldetik eraso mugatu bat, eraso gogorra baizik. Gatazka militarra lehertu zen eta hasieratik nahiko puntu garaira iritsi da termino militar eta humanitarioetan. Ez da luza daitekeen gatazka. Alderantziz, gatazka azkarra da eta gehienez egun edo asteen kontua izanen da.
Irango erregimenaren aldaketa
Aldaketa bat emanen da eta hainbat eszenatoki eman daitezke. Lehenengoa Irango erregimenaren erorketa da, buruzagi gorenaren aurka atentatua eginez. Hura hiltzea oso gauza sinbolikoa izan liteke irandarrentzat eta israeldarrentzat ere. Bigarren aukera erregimenak amore ematea da eta modu hibridoan geratzea. Hau da, erregimen bera geratzen da, baina AEBekin akordio asko sinatuz. Aukera urriak ikusten dizkiot. Hirugarren probabilitatea Iranek gerra irabaztea da. Honi ere ez diot aukerarik ikusten, ez baitugu ikusten Iranekin bat eginen duen herrialderik.
Trumpek Txinarekin zeharka egin du ituna, Trumpek baitu India eta Pakistanen arteko gatazkaren kontrola. Arazo horrek buruko min handia eman diezaioke Txinari; beraz, Txina geldirik geratuko da gatazka honetan. Errusiak ere Ukrainako aferagatik AEBekin ituna du; beraz, ez da Iranen alde jarriko. Persiako Golkoko herrialdeak ere, Saudi Arabia bereziki, ez dira sartuko, Trumpekin dituzten itun ekonomikoak direla eta. Horregatik diot egunen edo asteen kontua dela. Ez dut uste luzatuko denik, ezta III. Mundu Gerra bihurtuko ere.
Iranek esaten duenean oraindik baduela nahikoa misil erreserba denbora luzez erasoei erantzuteko, egia dio. Eta Netanyahuk Israel bere kanpaina militarrean espero baino aurrerapen azkarragoak lortzen ari dela esaten duenean, hori ere sinesgarria da. Izan ere, estrategia militar erabat ezberdinak erabiltzen ari dira biak. Egia da Iranek Israelek baino armamentu kopuru handiagoak dituela. Adibide gisa, soldadu kopurua alderatzen badugu, Irango armadak 600.000 soldadu baino gehiago ditu, eta Israelgo armada, berriz, ez da 150.000 soldadura iristen. Eta egia da ere misil asko daukatela, urteetan hori landu dutelako eta egiten ari diren erasoek hala erakusten dutelako. Baina aldi berean, Israel esaten ari dena ere zuzena da, Israelek inteligentzia militarrean oinarritutako estrategiak dituelako. Misil bat nahikoa da Irango gobernuaren egitura osoaren buruan dagoen pertsona bat hiltzeko. Israelen aldetik eraso kuantitatiboak baino kualitatiboak ari gara ikusten.
Hala ere, Iranek armamentu gehiago izateak ez du gerra irabaziko duenik esan nahi. Edo Israelek inteligentzia gehiago duelako gerra irabaziko duenik. Eragile geopolitiko guztiak eskualdean nola kokatzen diren, horren araberakoa izanen da garaipena. Dena den, Iranen erasoek ez dute emaitzarik lortu. Zuk ikusten baduzu zenbat heriotza eragiten ari den eta horien kalitatea, sekulako aldea dago Israel eta Iran lortzen ari direnaren artean, lehenaren alde.
Jameneik ez duela existitzen jarraitu behar eta akabatu egin behar dela dioten Israelgo buruzagien adierazpenek, hilketa saiakerarainoko edo erregimen aldaketarainoko eskalada inplikatzen dute. Kontutan izan behar da erregimen aldaketa dela Israelen lehen helburua. Orain bizitzen ari garena 2003an Saddam Husseinekin bizi genuenaren oso antzekoa da. Hussein AEBek luzaroan babestutako politikari militarra izan zen. AEBk eta Israelek Ekialde Ertainerako ezarritako mapa geopolitikoaren barruan arazoak eragiten hasi zen arte. Orduan, hura akabatzeko unea iritsi zen. Iranekin gertatzen ari dena oso antzekoa da. Iranen jarri zen lehen erreaktore nuklearra AEBen oparia izan zen 60ko hamarkadan Nixonen gobernupean. Zer gertatu zen gero? Lehen programa nuklearra AEBek babestu zutela, Iranen gobernu aldaketa iritsi arte. Baina gaur egun dena aldatzen ari da eta erregimena ezabatzea da aukera probableenetariko bat.
Zer gertatuko da gero? Nolakoa izanen da Iran gobernatuko duen erregimena? Irango Sharen itzulera ikus genezake, ez dut aukera hori baztertzen. Erregimen hibrido berri bat egon liteke, non nolabaiteko oreka egon daitekeen fanatismo erlijiosoaren eta printzipio zibiko errepublikarren artean. Horrelako aukera bat egon liteke, baina hor garrantzitsuena da inoiz ez dela onartuko mundu musulmanak bat egitea. Ez da onartuko herrialde horiek guztiak lagunak izatea. Hau da, Siria eta Irakeko egungo erregimenak eta Iranera iritsiko den erregimena ez dira inoiz lagunak izanen. Pieza horiek guztiak mugitzeko hariak AEBen esku egonen baitira.
https://www.youtube.com/watch?v=tGHss9Xzb6M&ab_channel=NegociosTV
joan mari beloki kortexarena
2025-06-21
Iruzkinak
Utzi iruzkina: