Iran - Israel (I)

Seyed Marandi Teherango Unibertsitateko irakaslea dugu. Pascal Lottaz analista politiko suitzarrak elkarrizketa egin dio aste honetan eta Iranen gertatzen ari denaz eta Israelekin duen gudaz iritzia eskatu dio. Elkarrizketaren erditsua galdu omen da, gerrak eragindako arazo teknikoak direla medio; salbatu den erdia ekarri dugu, laburbilduta. Bigarren atalean (II) beste analista politiko baten iritzi arras ezberdina ekarriko dugu.
Egungo egoera
Israelek herrialdeko hainbat zati kolpatu ditu, baina Iranek gogor erantzun du. Gerra honek luzaroan jarraituko duela espero da. Irango indar armatuak modu eraginkorrean jokatzen ari dira. Kalteak oso mugatuak izan dira. Iran herrialde izugarri handia da. Morala handia da. Jendea haserre dago Mendebaldeak hain eraso ekintza nabarmena babesten duelako.
Emakume eta haur ugari hil dute. Kasu batean, apartamentu eraikin oso bat eraitsi eta 60 pertsona hil zuten, horietako 20 haurrak. Israelek bereizketarik gabe erasotzen du, Gazan, Libanon eta leku guztietan bezala. Beste guztiok bigarren mailako gizaki gisa ikusten gaituzte. Hala ere, irandarren helburuak arlo militarrari lotuta daude edo Iranen erasotutako helburuengatik errepresalian dira, findegiak kasu. Helburu zibilen bat lortu bada, misila edo dronea helburutik desbideratzeko gerra elektronikoa erabili delako izan da.
Israel ingurumena kutsatzen eta ihes erradioaktiboak eragiten saiatzen ari da, eta Mendebaldea hori babesten ari da. Baina AEBek Afganistan eta Irak inbaditu zituztenetik, Iran pixkanaka aktibo garrantzitsuenak lurpera eramaten hasi zen. Azken urte eta erdian, prozesua are gehiago bizkortu da eta, gaur egun, Irango funtsezko aktibo guztiak (misilak, droneak, programa nuklearrarekin lotutako ekoizpen-lerroak, benetan axola duen guztia) lur azpian daude. Israelek diru asko gastatu du erasoetan, baina ez du bilatzen zuen efektua lortu.
Aireko defentsak ondo funtzionatzen ari dira eta Israelgo F-35 hegazkinak, drone asko eta misil asko eraitsi dituzte. Irango misil eta droneek “Burdinazko Kupula” zeharkatzea lortzen dute eta euren inpaktua askoz handiagoa da, Irango misilen karga leherkorra Israelgo misilena baino askoz handiagoa delako.
Arrisku nuklearra
Iranen aurka arma nuklearrak erabiltzeko asmo serioa balego, Iranen doktrina nuklearra berehala aldatuko litzateke. Munduko gainerako herrialdeek eraso nuklear bat urrunegi joatea bezala ikusiko lukete eta Israelgo erregimenarentzat ondorioak izanen lituzke maila globalean, egungo egoerarekin konparagarriak ez direnak. Israelgo erregimenak norabide horretan aurrera eginen balu, Iranek berehala aldatuko luke bere doktrina nuklearra. Iranek ez du arma nuklearrik nahi, Iranek ez zuen inoiz arma nuklearrik nahi izan, eta ez zen inoiz saiatu horiek eraikitzen. Horren froga asko daude. Horiek arma immoralak dira, eta Iranek ez lituzke inoiz ekoitziko. Baina biziraupen kontua bihurtzen bada, orduan noski doktrina nuklearra aldatu eginen da.
Amerikako Estatu Batuen inplikazioa
Iranek ez du AEBetako edozein aktibo militar erasotu nahi izan eskualdean. Estrategia une honetan Iran eta Israelen arteko kolpe trukeari eustea da. Badakigu estatubatuarrak buru-belarri inplikatuta daudela eraso honetan, badakigu estatubatuarrekin batera planeatu zutela, baina Iranek ez du AEBetako aktiborik erasotu eta honek aurrera jarraituko duela aurreikusten du.
Iran eta Estatu Batuen arteko gerra piztuko balitz, Persiar Golkoko eta Asia mendebaldeko petrolio eta gasaren amaiera ekarriko luke. Ez bakarrik egun, aste edo hilabete batzuetarako, urtetarako baizik, eta ekonomia globala suntsituta geratuko litzateke historia modernoan inoiz ikusi ez den moduan. Iranek gatazka ahalik eta gehien moteldu nahi du. Baina bada marra gorri bat: estatubatuarrak zuzenean inplikatzen badira eta Iranen aurkako ekintza iraingarriak garatzen badituzte, orduan irandarrek berehala erantzunen dute.
Gainera, Iranek konplizetzat hartuko ditu Persiar Golkoko diktadura txiki guztiak, eta suntsitu eginen ditu. Hauek Estatu Batuei presioa egin beharko liekete.
Su-eten batera itzultzeko Israelgo erregimenak atzera egin beharko du. Israelgo erregimenak onartu behar du hori akats katastrofikoa izan zela eta prezio altuegia ordaindu dutela. Bitartean, Iranek bere burua babesten jarraituko du eta errepresaliak hartzen. Israelek ekintza oldarkorrak geldiarazten baditu, orduan su-etena egonen da. Baina oraingoz Iranek Israel zigortzen jarraituko du, haren damua argia eta agerikoa izan arte.
Nazioartea
Iran AEBekin negoziatzen ari zen. Munduak ikusi du Israelek probokaziorik gabeko eraso ekintza burutu duela eta Iran negoziazio mahaian zegoela. Trump bere harropuzkeriekin desonestoa eta iruzurtia izaten ari zela ere ikusi du. Horrek guztiak lagundu du nazioarteko komunitatea eta iritzi publikoa Iranen alde jartzen.
Israelek eta estatubatuarrek Gazan azken 20 hilabeteetan genozidio hori aurrera eraman izanak eta Libanon horrelako eraso genozidak egin izanak eta estatubatuarrek, europarrek eta israeldarrek Sirian Isis eta Al-Qaeda erabiltzen aritu izanak aldartea aldatu du mundu osoan Iranekiko, bereziki hegoalde globaleko herrialdeen artean.
Mendebaldeko zenbait herrialdetako iritzi publikoa ere aldatu egin da. Iran saiatuko da Israelgo erregimenari erantzuten ari dela erakusten eta negoziazio mahaian estatubatuarrek -israeldarrekin batera ezkutuan hilketak eta erasoak prestatuz- ziria sartu ziotela. Hori da Iranek datozen asteetan jarraituko duen politika.
Iranek ez du inoiz Israel militarki suntsitzeaz hitz egin. Iranek esan du erregimen hori apartheid estatu gisa, estatu etnosupremazista gisa, amaierara iritsi behar dela, eta palestinarrak gizaki berdin gisa tratatu behar direla. Iranek hasieratik esan du apartheid erregimen honek bere amaierara iritsi beharra dela, Hegoafrikan gertatu zen bezala.
Europak Israelen alde jarraitzen du eta aldatu izanaren arrazoi bakarra iritzi publikoa Israelen aurka bihurtu izana da. Gutxienekoa egiten ari dira, eta, funtsean, hitzontzikeria edo ekintza sinbolikoak baino ez dira. Europarren politika aldaraziko duen gauza bakarra Iranen errepresalia erasoek Israel kaltetzen ari direla ikustea da. Hori dela eta, Iran ziur dago Israelgo erregimenak porrot eginen duela eta porrot hori nabarmenagoa den heinean europarrek eta estatubatuarrek pixkanaka irtenbide bat bilatuko dutela.
https://www.youtube.com/watch?v=Qegyl9N-5ak&ab_channel=NeutralityStudiesEspa%C3%B1ol
joan mari beloki kortexarena
2025-06-20
Iruzkinak
Utzi iruzkina: