Iran gerrarako prest

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-02-22 00:40

belokijmari@gmail.com 1771717428830

Mohammed Marandik, Unibertsitateko irakaslea Teheranen, beste ikuspuntu bat eskaintzen digu AEBek prestatuta duten erasoaren inguruan. Analista honek bere herritarrengan konfiantza handia helarazten digu pausatuki bidaltzen dizkigun mezuen bitartez.

Irango Itsas Armada, Iraultzaren Zaindariak, maniobrak benetako munizioarekin egiten ari direnez, Ormuzko itsasartea partzialki itxi dute operazio horiek egiteko. Armak AEBen aurka eta berekin zerikusia duen edozein erakunderen aurka erabiliko dituzte. Pertsiar Golkoko familia arabiarren diktadura guztiek base estatubatuarrak dituzte, eta Iranen aurkako gerra prestatzeko erabiltzen ari dira. Ez dira neutralak, konplizeak dira.

Iranek misilen arloan gaitasun handia du.  Hortaz gain, ehunka mila drone zabaldu ditu Pertsiar Golkoko eskualde osoan eta Indiako ozeanoan objektiboei eraso egiteko. Irango su-boterea izugarria da, sakabanatuta dago eta Iranen aurkarien zaurgarritasuna apartekoa da. Hau ez da munduaren parte normal bat, petrolio eta gas instalazioez beteta baitago. Petrolioa eta gasa esportatzeko findegi eta portuz beteta dago. Petroliuntziak ere badira joan-etorrika etengabe. Eta, gainera, Ormuzko itsasartea dago. Pertsiar Golkoa bera ez da oso zabala. Iranek kontrolatzen ditu alde bat eta erdiko irlak. Ekonomia globalak porrot eginen du eta energiaren prezioak gora eginen du. Eta inguruko erregimen txiki guztiak desagertu eginen dira.

AEBetako gobernuak ez du herriaren babesik izanen gerra batean parte hartzen duenean eta mina sentitzen hasten denean. Izan ere, Trumpen, Senatuaren eta Ganberaren inguruko pertsonek Israel lehenesten dute. Ez zaizkie axola AEBak, ez ekonomia globala, ez Europako ekonomia. Israel bakarrik axola zaie.

Inoiz ikusi gabeko eskalada ikusten ari gara Ekialde Ertainean. Aurretik ez genuen horrelako eskaladarik ikusi. Bi hegazkin-ontzi, 15 destruktore… eta arma asko. Eta Donald Trump, erregimenaren aldaketa dela orain aukerarik onena esanez.

Zein da Iranen erantzuna egoera honen aurrean? Bi elkarretaratze handi ikusi ditugu Iranen, herrialde osoan, urtarrilaren 12an eta otsailaren 11n. Urtarrilaren 12an, aurreko asteko istiluen ondoren, non 3.117 pertsona hil ziren, tartean ehunka polizia, 12 milioi pertsona atera ziren kalera. Gero, otsailean, hilaren 11n, iraultzaren urteurrenean, are manifestazio handiagoak izan genituen. Zenbakiak urtarrilaren 12an baino %25 altuagoak izan ziren. Irango herria batuta dago.

Eskualde osoa eraginda

Honek ez du soilik Iran ukitzen, baizik eta erresistentziaren ardatz osoa. Yemen gerrarako prest dago eta bere gaitasunak hobeak dira orain. Iraken erresistentzia ikaragarria da eta oraindik ez da borrokan sartu. Gerra existentzial baten alde borrokatuko dira. Eskualde osoan erresistentziaren ardatza aktibo izanen da. Afganistanek ere Iran babestuko duela adierazi du. Beraz, hau ez da AEB-ek beren aireko boterearekin maneiatu dezaketen zerbait. Aktore gehiegi daude eta lurrean nagusitasun numerikoa dute. Errusiarrek eta txinatarrek dituzten gaitasunak ere kontuan hartu behar dira, Iranen gaitasunekin bat egin baitute. Hau ez da ondo amaituko AEBentzat.

Irandarrak negoziatzen aritzearen arrazoi bat da, Trumpek zentzuz jokatzen badu, akordioa egon daitekeela. Beraz, ez dut esaten probablea denik, irandarrek esan dutelako ez dutela kontzesiorik eginen misilei eta aliantzei buruz, eta ez diotela uko eginen uranioa aberasteko duten eskubideari. Bigarren arrazoi bat ere bada, irandarrek nahi dutela nazioarteko komunitateak, hondamendi hau gertatzen denean, jakitea nori leporatu errua. Jendeak lana galtzen duenean, etxeak galtzen dituenean, bizirauteko behar dituzten materialak ezin eskuratuz egonen direnean, hau nork eragin duen pentsatzen hasiko dira. Beraz, irandarrak negoziatzen ari dira, gertatuko denaren errua nori dagokion jakin dezaten.

Erabateko gerra izanen da, ez dago zalantzarik. Iran ez da base militarrak erasotzera edo AEBetako ontziak bonbardatzera mugatuko. Iranek ziurtatuko du AEBei laguntzen dieten Pertsiar Golkoko erakunde horiek guztiek ere prezio bat ordainduko dutela. Iranek hasieratik gogor erasoko du eta aukera guztiak izanen ditu mahai gainean. AEBen interesean dagoen edozer gauza helburu legitimoa izanen da. Gogoratu behar da munduko petrolio kontsumoaren %20 eta GNLaren %25 Ormuzko itsasartetik pasatzen dela. Kopuru ikaragarriak dira.

Yemenek irabazi egin zien estatubatuarrei

Yemenen erreferentzia dugu, zazpi asteko gerra egin baitzuen AEBekin. Nola amaitu zen hori? AEBek alde egin behar izan zuten. Iranen gaitasunak Yemenenak baino askoz handiagoak dira eta oraingoan Yemen ere gerraren parte izanen da.

Munduan jendea errealitatera esnatzen ari da. Jende asko hasia da ikusten nor den zintzoa Palestinarekiko, Yemenekiko, Kubarekiko, Venezuelarekiko eta beste leku batzuekiko. Orain denek begiratzen diote erresistentziaren ardatzari esperantza bezala, ez bakarrik eskualdearentzat, baita harago ere. Errusia, Txina eta beste batzuk Iranen aldera nola egin duten begiratzen baduzu, hau globala dela ikusten duzu. Iranek eragin txikia izan duen munduko hainbat lekutan giroa aldatzen ari dela ikus daiteke.

Iranek ez dio bere programa nuklearrari uko eginen, ez eta duen ahalmen militarrari edota bere eskualde-aliantzei. Iran eta erresistentziaren ardatz osoa erresilienteak izanen dira, eta estatubatuarrentzat hondamendia izanen da.

Gerra badago, aurrera jarraituko dugu, gerra irabaziko dugu eta AEBak garaituak izanen direla ziurtatuko dugu. Ziur nago hau AEBen amaiera izanen dela. Hau gure biziraupenaren aldeko gerra da. Iranen eta Epstein erregimenaren arteko gerra da. Ez dago Irani aurrea hartzeko inolako aukerarik.

Iranen doktrina erabat aldatu da, defentsibatik ofentsibara. Beraz, gerra hasten denean Iran guztiarekin joanen da. Hau da Iranen doktrina orain, hori aldaketa handia da. Iranen benetako boterea ez dago Israelgo erregimenari zuzendua. Israelgo erregimena ez da mehatxua Iranentzat. Erregimen ñimiñoa da, Mendebaldearen guztiz menpekoa. AEBak dira benetako mehatxua. Iranek AEBetara zuzendu dezakeen su-boterea askoz handiagoa da.

Mundu osoak jasanen ditu ondorioak

Pentsa nolakoa izanen den Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako dozenaka milioi pertsona kolapsatzen ari den leku baterantz mugitzen hasten direnean. Zeren mugimenduak izan izanen dira, norabait joan behar dutela sentituko baitute. Europara eta AEBetara joanen dira. Beraz, gerrazaleek aurrekaririk gabeko krisia sortuko dute, eta kudeatu ezinik geratuko dira.

Irandar arruntek etsaitzat dute Israelgo erregimena, baina ez Iran ahuldu dezakeen mehatxutzat. Jendeak ere ez du uste AEBek Iranen aurkako gerrarik irabaz dezaketenik. Iran kontu handiz prestatu da. Ormuzko itsasartean egiten ari diren maniobrak denontzako mezua dira, garbi izan dezatela ez dela petrolio gehiago aterako eskualde honetatik eta horrek ekarriko duela prezioak lau aldiz igoko direla, hiru aldiz, bost aldiz, auskalo. Eta GNLarekin beste hainbeste. Munduko merkataritza eten eginen da eta itsasontzi asko suntsituko.

Iran, AEBak eta Epsteinen erregimenaren arteko benetako arazoa Palestina da. Palestinaren inguruan izan da beti. Inoiz ez da izan programa nuklearragatik, terrorismoagatik edo giza eskubideengatik. Beti izan da Iranek askapen mugimenduei, Iranen independentziari eta guztion askapen mugimendu garrantzitsuenei, Palestinari eta Palestinako herriari, emandako babesagatik. Iran eta erresistentziaren ardatza dira Palestinaz kezkatzen diren bakarrak. Beste inori ez zaio axola. Mundu osoko jendeari axola zaio. Jendea dagoeneko esnatu egin da, baina gobernuei ez zaie axola. Iranekiko gorroto irrazional hori betidanik erakutsi duten Europako ezkertiar horiek, besteek egin duten bezala esnatuko dira ala burua lurpean ezkutatzen eta irandarren aurkako propagandak baliagarritasunik baduela itxurak egiten jarraituko dute?

https://www.youtube.com/watch?v=P1trjMqb4T4

joan mari beloki kortexarena

2026-02-22


Utzi iruzkina: