Iran, gerra betean
Daniel Davis teniente koronela AEBetako armadako gerra-beteranoa da. Irango gerraren bigarren egunaren ondoren, Iranen aurkako gerra zergatik ez den aurreikusi bezala ateratzen ari aztertu du eta zergatik Iranek duen abantaila.
Erasoaren bezperan, Omango kanpo-arazoetako ministroak esan zuen Irango negoziatzaileekin akordio nuklearrean nahi zituen amore emate sakonak aurkeztea adostu zuela. Ez zutela inolako birprozesaketarik eginen -lehen mahai gainean ez zegoen zerbait-, beren erreserbak kenduko zituztela eta mahai gainean irismen handiko misilak eta proxy indarrak jarriko zituztela -hauek ere aurrez aipatu ez ziren gaiak-. Urrezko aukera izan zen Trump administrazioarentzat. Hori nahi bazuten, eskuetan zuten. Eta hurrengo goizean erasoa jo zutenean, oso argi geratu zen erabakiak ez zuela zerikusirik negoziazioekin.
Orain, amaitu ezin dugun egoera batean gaude. Gerra hau ezin dugu irabazi. Helburu militar eskuraezinak finkatu ditugu. Ez dago hori lortzerik irandarrek beren erabakiari eusten badiote. Aldez aurretik hau oso garesti eginen zitzaiela ulertu zuten baina, era berean, haientzat AEBen aurkako gerra bat egitea arrisku txikiagoa zela haien mende bizitzea baino.
Prezio altua ordaintzen ari dira eta haien indar armatuen eta goi agintari politiko eta militarren suntsipen sakona jasaten ari dira. Baina lur azpiko instalazioak dauzkate herrialde osoan zehar eta luze iraun dezakete gerran. Guk ezin dugu, hori da arazo nagusia. Trump presidentea su-etena proposatzen ari dela dioten txostenak atera dira eta hori irandarrek ez dute inola ere onartuko.
Frogek iradokitzen dute Ali Khameneik bazekiela hil eginen zutela, eta bere bizia martiri gisa sakrifikatu zuela bere borondatez. Ez baitzen babesleku batera joan. Mundu guztiak ezagutzen zuen lekuan geratu zen. Beraz, erasoa iritsi zenean hil egin zen. Badirudi nahita egin zuela eta orain emaitza hori erregimenaren aldeko aldarria sendotzen ari da, historian zehar gertatu den bezala. Protesta asko daude mundu osoan aiatolaren sakrifizioagatik. Beraz, akats sakona izan dela esan liteke, kalkulu akats larria. Bonbardatzen eta jendea hiltzen hasi orduko amore emanen zutela pentsatu zuen Trumpek. Baina Iran, iragarri zuen bezala, AEBek eskualdean dituen herrialde guztietako base militarrak erasotzen ari da geroztik.
Hilabete batzuetan zehar luza daitekeela kalkulatu dutela esanen nuke. 47 urtez horrelako kolpeak jasan ondoren, nazkatuta daude. Asko sufrituko dutela kalkulatu dute, baina azkenean AEBak erabat agortuta utziko dituztela. AEBek ez dute horrelako egoera batean luzaroan mantentzeko gaitasunik. Jack King jeneralak, erasoaren goizean, operazioa bizpahiru astez amaitu lezaketela esan zuen harrokeriaz, eta agian lehenago, aiatola hil zutelako. Ba, hori bada beren planifikazio-marjina, AEBen akats handia izan da hain marjina mugatua dugula onartzea. Irani esan diozu, "Ziurtatu hau hiru astez baino gehiago luzatuko duzula, zailtasun handiak izanen baititugu denbora gehiagoz luzatzeko”. Irandarrek, ordea, hiru aste baino gehiago iraun dezakete. Hori kalkulatua dute. Helburu gehiago kolpatzen hasiko dira, gu aireko defentsarako misilik gabe geratzen garen bitartean. Eta 300 edo 400 drone Shahed bidali ahal izanen dituzte boladaka, dozenaka mila baitauzkate.
Bide horretatik jarraitzen badugu, eta droneak gelditu ezinik geratzen bagara aireko defentsarako gaitasunik gabe gelditzen ari garelako, presio politiko izugarria egonen da bai Jerusalemen eta bai Washingtonen irtenbideren bat bilatzen hasteko. Balizko negoziazioetan zein izanen den Iranen helburu orokorra galdetzen badidazu, guretzat erasoaren aurreko gauean mahai gainean zegoena baino askoz okerragoa izanen dela esanen nizuke. Orain asko eskatuko dute trukean. Ez dakit ezertan guregan konfiantza izatera iritsiko diren, baina zerbait lortzen badute, hori garaipena litzateke haientzat. Irani inposatzeko bezain indartsuak ez garela onartzea arazo izugarria izanen da guretzat. Asko dago jokoan hemen, eta horrek esan nahi du jende asko hilen dela.
Nire lagun batek beste irandar bat elkarrizketatu zuen, aiatolaren guztiz kontrakoa dena eta iraganean bere aurka protestatan ibili zena. Erasotzaileei honela mintzatu zitzaien, "Entzun, egoera beldurgarrian jarri gaituzue. Aiatola gorrotatzen genuen eta erregimen hori desegin egin nahi genuen. Urteak daramatzagu protestan horretarako. Baina gustuko ez badugu ere, eskualdean dugun etsairik handiena, Israel, besarkatuko dugula uste al duzue, 2010etik gure jendea hiltzen, gure enbaxadak birrintzen eta orain bi aldiz eraso egin eta gero? Egiten ari direna onartuko dugula uste al duzue? Ez. Eta ez etorri Pahlavi Irango buruzagi berria izanen dela esatera. Familia horren kontra altxatu baikinen 1979an”.
Jende pila bat hil eta gero, herria altxatzeko adina kaos sortu genuela pentsatzen genuen, eta gero hori guretzat ona izanen zela, baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen. Ez dute euren herrialdearen aurka eginen eta 47 urtez Satan handia deitu izan diotena besarkatuko. Ez daude bizia gure alde emateko prest. Are gutxiago gure armada bidali behar ez izateko bada. Honela mintzatzen zaizkigu, "Nahi al duzu armada bat? Ekarri zure armada. Hau egin nahi baduzu, egin ezazu. Ez iezaguzu eskatu lekuan bertan hil gaitezen, zuk ez duzulako armadarik bidali nahi. Bide batez, guretzat ez zaretela erakargarriak adierazten dizuegu”.
Modu merkean saiatzea erabaki genuen, infanteria sartu gabe, hori tabu baten modukoa baita AEBetan. Trump presidenteak hori aitortu zuen AEBetako boto-emaileek gorroto duten zerbait dela oso ongi dakielako. Irandarrek ez dute amore emateko arrazoirik. Erasotik bizirik irten besterik ez dute egin behar. Badakite zenbat arma ditugun, badakite sakonki odolustu gaituztela 2023ko urritik hona Israeli eman diogun babesagatik, badakite odolustu egin gaituztela Ukrainara lau urtez etengabe gure armak bidali izanagatik, eta badakite gure inbentarioak behera egin duela. Bidenen administrazioan zehar galdu zen deus ez da ordezkatu, murrizten jarraitu du eta orain beharrean gara. Eta haiek badakite. Materiala pilatzen aritu dira azken hamarkadetan, beti ikusi baitute gerra hau aukera bezala. Ez dakigu zenbat misil eta drone dauzkaten, lur azpian daudelako. Baina imajina dezakegu asko dutela, dozenaka mila.
Gure intertzeptore gehienak agortuta ditugu eta dagoeneko ezin dugu hainbeste misil eta drone bota. Orain imajinatu misil bat datorrela eta ez dagoela defendatzailerik, ezta misil bakar bat ere jaurtitzeko. Egoera horretara iritsita, gero eta drone gehiago hasiko dira jartzen airean. Iranek aurkarien sufrimendua areagotu eginen du, hauek gehiago eutsi ezin duten arte.
Ziur nago Israelekin batera jarraituko dugula ahalik eta kalte handiena egiten saiatuz. Baina gure misil erreserbak murrizten badira, berdin dio zein indartsua den gure armada. Horrek ez du axola misilik ez baduzu. Baliteke Iranek gehiago edukitzea. Indopacometik edo munduko beste edozein lekutatik dena atera eta hona ekarri eta han literalki esku hutsik geratu ezean, egoera benetako arazoa bihur liteke.
AEBei kalte handiena egiteko helburuak bajak dira. Hori da bilatuko dutena, haserre handia egon baita sare sozialetan dagoeneko eman diren bajengatik. Beraz, irandarrek lehentasuna AEBen baja kopuru handia eragin dezaketen gauzei emanen diete.
https://www.youtube.com/watch?v=Bkz_4M0DUQ8
joan mari beloki kortexarena
2026-03-03

Iruzkinak
Utzi iruzkina: