Iran eta Trumpen planak

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-10-21 18:44

belokijmari@gmail.com 1761065511124

Mohammad Marandi akademiko eta analista politiko irandarra dugu. Aurreko batean Irango errealitatea azaltzen zigun bideo batean ekarri genuen. Gaur Donald Trumpek Gazarako eta eskualderako dituen planez duen ikuspuntua azaltzen digu.

Irandarrek Donald Trumpen bake plana ez babestea erabaki zuten urriaren 13an. Palestinarrak amore ematera behartzeko plana baita. Planaren lehen fasea inplementatu eginen da. Baina ondorengo etapak ez, ez baitira bideragarriak. Ez dago inongo seinalerik Palestinak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea onartzen denik. Nola dei dakioke horri bake plana? Erresistentziak ez ditu armak utziko, israeldarrek masakratu eginen dituztela ongi dakielako.

Gazan gertatu dena eta etorkizunean gertatuko dena historiara genozidio bezala pasako da. Israelgo erregimenak ezin izanen dio inoiz honi ihes egin. Ezin izanen da inoiz antisemitismo deitutakoaren atzean ezkutatu. Orain jendeak badaki israeldarrak europarrak direla, judu askenaziak*. Netanyahu zehazki poloniarra da. Ez dira semitak. Semitak palestinarrak dira.

Mahmud Abbas PAE-OLPko burua da eta Zisjordanian du egoitza. Zergatik egon behar zuen Egiptoko bileran? Mahmoud Abbasek lan zikina egiten du Israelentzat. Genozidio horretan erresistentzia iraindu besterik ez zuen egin. Bitartean, israeldarrak Zisjordaniako lurralde zabalen jabe egin dira eta berak ez du txintik esan. Dena den, jendea gehien gogaitu duena eskualdeko estatuburuak ehunka mila palestinar hiltzen lagundu duen Trump munstroa lausengatzera Egiptora joan izana da.

Bake planaren inguruan yemendarrak ez dira baikorrak. Gaitasun militarra indartzen ari dira, Gazan zerbait gertatzen bada ere prest egon nahi dutelako. Badakite azken helburua jendea Gazatik kanporatzea dela. Zergatik sinetsiko dute Israelek hiltzeari utziko diola? Libanon su-etena eman zenetik, Israelgo erregimena gerran zehar hartu ezin izan zituen lurrak okupatzen ari da eta Libanoko zibilak hiltzen ia egunero.

Estatubatuarrak eta europarrak Libanoren aurkako erasoaren parte dira. Beraz, ez dago arrazoirik Gazako su-etenak bere horretan jarraituko duela konfiantza izateko. Makineria bonbardatzen ari dira Libanon jendeak beren etxeak berreraiki ditzaten galarazteko, Libanoko hegoaldea etnikoki garbitu nahi dutelako. Hori da beren planaren helburua. Hortaz, Gaza normala izaten utziko al dute? Ez, ez dute utziko.

Libanon eta Gazan erresistentzia armagabetzen saiatuko da Trump. AEBek eskualdean dituzten aliatuak presionatuko dituzte, Israelgo erregimenari nahi duena egiten utz diezaioten. Hamasek zuzen jokatu zuen. Eta epe luzera, genozidio hau berriz hasten bada, lehen baino askoz okerragoa izanen da Israelgo erregimenarentzat, mundua nazkatuta baitago bere jokaerarekin.

Ez dute serio hartzen Palestinako estatua. Gazaren berreraikuntza Hamas desarmatu ondoren gauzatuko dela diote. Gazako herriari miseria ezarriko diote, urriaren 7a baino lehen esperimentatu ez zuten moduan, genozidioa berrabiarazi ala ez.

Irandarrak gerrarako prestatzen ari dira. Iranen gaitasunak lehen baino hobeak dira orain. Israelgo erregimenak erasotzen badu, erantzun gogorragoa jasoko du. Irango Errepublika Islamiarrak zilegitasun maila handia du herritar gehienen artean eta Estatu legitimotzat dute. Pertsona horiek, etsaiak erasotzen duenean, mobilizatu egiten dira. Mendebalde politikoak gaizki kalkulatu zuen, baina hurrengoan okerragoa izanen da haientzat, 12 eguneko gerrak Irango herriari bere disuasioak funtzionatzen duela eta Israelgo erregimenak eta Trumpek atzera egin behar izan zutela erakutsi baitzion.

12 eguneko gerran, Iranek ez zuen Israel garaitzea bilatu, zigortzea baizik. Hori zen helburua. Iranek ez zuen jarraitu eskualdean sarraski handi bat ekiditeko. Iranentzat, helburua Israelgo erregimena barrutik pixkanaka eraistea da. Iranek erregimenaren ahultasuna erakutsi nahi izan zion munduari. Erregimen israeldarrak Libano, Gaza, Yemen eta Iranen galdu egin du, munduaren aurrean bere zilegitasuna galdu duelako eta bere ekonomia txikituta dagoelako. Israelgo erregimena garaituko dutenak erregimenaren ekintzak berak dira. Historiak erakutsiko du Netanyahu eta egungo erregimena direla Israelen suntsiketaren eragileak. Beste misil batzuek ez dute helburu hori lortuko.

Mendebalde politikoa eta eskualdeko herrialdeak Israelgo erregimenaren alde daude. Genozidioko bi urte hauetan, Persiako Golkoko erregimen arabiarrak AEBekin eta Israelekin elkarlanean aritu dira Iranen eta tunelen aurka. Iran ez da soilik Israelgo erregimenaren eta AEBen aurka ari, baita bere aliatu eta kolaboratzaileen aurka ere.

Palestinako apartheidaren amaiera 1000 ebakiren* sistemaren bidez iritsiko da. Orduan bakarrik bizi ahal izanen dira kristauak, musulmanak eta juduak berdintasunean lurralde horretan.

Iranen benetako gaitasun militarrak, lur azpian sortu dituen base gehienak alegia, Persiar Golkoan daude zentratuta. Irandarrek, bereziki irailaren 11tik, AEBen erasoen mehatxua sentitzen baitute. Iranek Persiako Golkoa itxi dezake eta modu iraunkorrean itxi gainera. Baina ez du puntu horretara iritsi nahi, ez duelako ekonomia globala kaltetu nahi.

Iranek Netanyahu behartu zuen Trumpi 12 eguneko gerrari amaiera eman ziezaion eskatzera. Astebete aski izan zuten irandarrek Netanyahuk amore eman zezan lortzeko. Trumpek eskatuta, Iranek liskarrak etetea onartu zuen.

Israelek eta Trumpek Iran berriro eraso dezaten benetako arriskua dago. Hori gertatu ezkero, dena amilduko litzateke. Horregatik planteamendua 1000 ebakiren sistemara itzultzea da. Eskualdea lehertuko balitz, munduko ekonomia kolapsatzeaz gain, prezioek gora eginen lukete, enpresak gelditu eta Persiako Golkoko herrialdeak, gasa eta petrolioa bai baina baliabide naturalik ez dutenak, oso egoera zailean geratuko lirateke.

Hegoalde globalean bizi direnen mesederako, NATOk ez du inon irabazi behar, ez gerra komertzialean, ez Ukrainako gudu-zelaian eta ez Gazan.

Errusia indartsua ona da Txinarentzat. Txina indartsua ona da Errusiarentzat. Iran indartsua ona da Txinarentzat eta Errusiarentzat. Gauza bera gertatzen da hegoalde global osoarekin. Indiak eta Brasilek ere hala aitortzen dute, denek ikusten baitute Mendebalde politikoaren inperialismoa gordina eta basatia dela.

Hezbolá gaur egun su-etenaren ondoren baino ospe handiagoa du. Beiruten, estadio batean, 70.000 pertsona bildu zuen. Sakrifizio izugarriak egin zituen Gaza babesteko, Israelgo armadaren arreta bereganatuz.

Mundua nazkatuta dago Israelgo erregimenaz eta altxatu egin da. Hori da Trumpek plana aurkezteko izan duen arrazoia. Gauzak oso gaizki zihoazkien, han eta mundu osoan. Baita AEBetan ere, non Steve Bannon errepublikanoak esan zuen Israelek Irani eraso egin nahi badio, bere kabuz egin dezala. Era berean, ez da kasualitatea Charlie Kirk hil ondoren, horren ardura ahots askok Israelgo erregimenari leporatu izana. Horrek erakusten du zenbateraino den erregimena zeharo mespretxatua. AEBetako jarraitzaileen artean ere, babesa galtzen ari da.

  • Judu askenaziak: Erdi Aroan Alemanian bizi ziren juduen ondorengoak. Alemaniatik Hungaria, Polonia, Bielorrusia, Lituania, Errusia, Ukraina eta beste leku batzuetara migratutakoak.
  • Heriotza 1000 ebakiz: Txinan antzina erabilitako heriotza-zigor modua. Erruduna biluztu eta zutoinera lotzen zen, ehunka eta hiru mila bitarte ebaki eginez. Ebakiak azalekoak ziren eta mina eragiten zuten, baina ez odoljariorik, nahi baino lehenago hil ez zedin.

https://www.youtube.com/watch?v=6yxK46B40Xs


Utzi iruzkina: