Iran, erasoaren zain (I)
Seyed Marandi Teherango Unibertsitateko irakaslea da. Lehenago, energia nuklearraren inguruko negoziazio-taldearen aholkularia izan zen. Glenn Diesen analista norvegiarrarekin jardun du hizketan, Iranen aurreko astean bizi izan duten egoera zailari buruz.
GD: Badirudi beste erregimen aldaketa operazio bat edo inbasio bat prestatzen den bakoitzean gidoi bera jarraitzen dela. Lehenik eta behin, zigorren eta informazio-gerraren bidez gizartea ezegonkortu egiten da. Gero protesta bortitzak pizten dira. Biztanleriari bere askatasun nahietan laguntzeko asmoa iragartzen da -bere gobernuaren aurka, noski-, eta erretorika beti aukeraketa bitar batera mugatzen da: ez zaizu axola askatasunaren aldeko borroka eta manifestari ausarten nahiak ala militarren zigorrak eta esku-hartzea babesten dituzu? Nola ebaluatzen duzu gaur egungo egoera Teheranen?
SM: Lehenik eta behin adierazi beharko nuke bi edo hiru urtetik behin Mendebaldeak esaten duela Iran kolapsatzeko zorian dagoela. Baina hori ez da gertatuko. Estatuak herritarren babesa du, Konstituzioarekin bat egiten dute irandar gehienek, eta ebaluazio horiek gogoan oinarritzen dira errealitatean baino. Duela gutxi monetaren bat-bateko jaitsiera izan genuen, esan dezagun %40 edo 50 epe nahiko laburrean. Bat-bateko erorketa izan zen eta atzerritik kudeatzen zela ikusi zen. Beste hitz batzuekin esanda, AEBek eta mendebaldeko beren aliatuek Iranekin dibisen aldaketa maneiatzen duten lekuak presionatu zituzten. Beraz, egun batzuetan zailtasun handiak izan ziren. Gero, txanpona hain bat-batean erori zenez, protestak ikusi genituen Teheranen eta beste hiri batzuetan. Ez oso handiak, milaka gutxi batzuk agian. Baketsuak izan ziren. Gehienbat denda zuten merkatariak ziren, aurrena merkantziak erosi eta ondoren saltzen dituzten pertsonak. Beren argudioa zen, txanpona egonkortu ezean, dendak itxi egin beharko zituztela prezioen igoeragatik, dendan jartzeko produktu berriak ezin izanen dutelako erosi. Bakean joan ziren protestak. Inor ez zuten atxilotu, inor ez zen zauritu. Poliziak ez zuen esku hartu, ez zen ezer gertatu.
Bigarren egunean protestek jarraitu egin zuten, gutxi gorabehera jende kopuru berarekin. Bat-batean pertsona talde txikiak agertu ziren, oso ongi antolatuak, eta protestetan infiltratzen eta istilu oso bortitzak eragiten hasi ziren. Azken egunetan, 100 polizia baino gehiago hil zuten. Horietako batzuei lepoa moztu zioten, bizirik erre zituzten edo aurpegia eta burua txikitu zizkieten. Klinika baten barruan zegoen erizain gazte bat bizirik erre zuten, eraikinari su emanda. Jende arrunt asko hil zuten kaleetan, 3 urteko neskatoa barne. Zirujau batek esan zidan bere ospitalean tratatu behar izan dituen zauri asko arma tiroz egindakoak zirela. Pertsona horiek eraikinak erre zituzten, autobus publiko asko erre zuten, anbulantzia asko suntsitu zuten, baita suhiltzaileen kamioiak ere. Hiruzpalau egunetan herrialde osoan eragin zituzten kalteak izugarriak izan ziren eta oso bortitzak. Mendebaldean manifestari baketsuak direla diote, jendea zabaltzen ari den grabazio guztiei muzin eginez. Baina astelehenean herrialde osoan manifestazioak izan genituen terrorista horien aurka protesta egiteko eta Irango Errepublika Islamikoa eta Konstituzioa babesteko. Edonor joan daiteke eta grabazioak ikusi. Protesta hauek herrialde osoan ospatu ziren eta ikaragarri handiak ziren. Teheranen orain arte ziurrenik izan dugun jende pilaketarik handiena izan da. Mendebaldeko hedabideek ezkutatu nahi dute milioika pertsona atera direla kanpora, baina milioi asko izan dira herrialde osoan.
GD: Berriro ikusten dugu gobernu bat ez-legitimo gisa aurkeztea dela hemen kontua, hura boteretik kentzeko asmoz. Irango herriarekiko ustezko enpatia erakutsiz orain ahotsa altxatzen duten pertsonak serioski hartzea kosta egiten da, Iran duela gutxi bonbardatu zuten berberak direlako eta berriz ere bonbardatzearen alde daudelako. Beraz, kalean manifestari batzuk seinalatu eta "Hauek dira askatasuna nahi duten benetako irandarrak eta ahal dugun guztia egin behar dugu hauek babesteko" esan daitekeela dioen ideia hori ez da benetakoa. Ba al duzu informaziorik atzerriko inteligentzia agentziek zenbateraino duten zerikusia herrialdea ezegonkortzeko saiakera hauetan?
SM: Manifestariekin hitz egiten baduzu, denek ez dute ikuspegi politiko bera. Batzuek gobernu honen alde egiten dute, beste batzuek aurka. Kontua da Konstituzioa eta Estatuaren zilegitasuna babesten dutela. Argi utzi nahi dute terrorismo honen, istilu hauen eta AEBek eta Mendebaldeak gure herriaren gainean duten nagusitasunaren aurka daudela. Atzerritarren injerentziari dagokionez, ura baino argiago dago, ez bakarrik Pompeok esandakoagatik, baita Mossadek esandakoagatik ere. Euren interneteko kontuetan, euren agenteak Iranen inplikatuta zeudela aipatu zuten. Eta Israelgo hainbat funtzionariok Israelgo telebistan hitz egin eta gauza bera esan dute. Zalapartariak kanpotik koordinatzen ari ziren. Hainbat taldetakoak dira: ISISekoak, herriko muyahidinetakoak -Europan basea duen erakunde terrorista-, monarkikoak, Komala kurdukoak... Eta talde ezberdin horiek guztiak aktibo zeuden jendea hiltzen eta klinikak, bankuak, automobil pribatuak, etxe partikularrak suntsitzen. Erokeria galanta.
Baina oso bortitzak ziren pertsona horien ekintzak, Internet erori zenean erabat gelditu ziren. Zergatik? Atzerriko beren finantzatzaileekin koordinatu ezinik geratu zirelako. Horregatik ez dugu Internetik oraindik ere. Jende horiek nazio mailako sare handia zuten, Teherango hainbat zonaldetan, hiri nagusietan eta herrialde osoan aktiboa zena. Atxilotuetako askok armak zituzten. Manifestazioen barrutik poliziaren aurka tiro egiten zuten. 2014ko Maidan ekarri zidan gogora, estatu kolpea burutu zuten pertsonek orduan ere Kieven poliziari eta kalean zebilen jendeari tiro egiten baitzieten. Zergatik? Ahalik eta heriotza gehien nahi zutelako.
GD: Iranek berriro negoziatu nahi duela adierazi du Trumpek. Honen atzean zerbait dagoela pentsa liteke. Zer da, zehazki, AEBek oraingoan negoziatu nahi dutena?
SM: AEBetako burua erabat ezjakina da hemengo gertaerei buruz. Beraz, bere erabaki guztiak okerrak izanen dira eta porrot eginen dute. Zer nahi du Trumpek? 12 eguneko gerran txio bat argitaratu zuen Iranek amore eman behar zuela esanez. Gero, gerra amaitu zenean, israeldarrak su-etena eskatzen ari zirela ikusi genuen. Trumpek beti Israelgo erregimenaren alde eginen du. Eta zer nahi du Israelgo erregimenak? Mendebaldeko Asia zatikatu eta nazio-estatuak suntsitu. Israelgo erregimenak, aukera izanen balu, Siriarekin egin zuena eginen luke Saudi Arabiarekin. Eta gauza bera Egiptorekin eta Turkiarekin ere.
Erdoganen burugabekeriak Siria suntsitzen lagundu zuen eta Israelgo erregimena indartu. Orain mugak ditu Israelgo erregimenarekin eta, noski, Israelgo erregimenak badu abantaila bat: Etxe Zurian duen aliatuak beti aukeratuko du Israelgo erregimena bere eta bere herrialdearen gainetik. Beraz, israeldarrek Turkia, Saudi Arabia, Jordania eta Iran zatituta ikusi nahiko lituzkete.
Ez dute Iran ulertzen. Iran erortzear dagoela esaten duten bakoitzean, jendea masiboki ateratzen da kalera, lehen inoiz ikusi gabeko neurrian. Oraingo honetan, zortea lagun, azken saiakera izanen da. Inperioa azkar doa gainbehera eta hiruzpalau urte barru ez du gaitasunik izanen Irango herriari azken lau hamarkadetan egin diona berriro egiteko.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: