Iran, erasoaren zain (eta II)
Seyed Marandi irakasle irandarrak Glenn Diesen analista norvegiarrarekin egin berri duten elkarrizketaren bigarren atala.
GD: Oso arriskutsua da nork bere propaganda sinestea. Antzeko zerbait gertatu zen 2014an, Errusiak Krimea berreskuratu ondoren. Une hartan, Obama presidentea Errusiako gobernuaren arrazoiketa arbuiatzera atera zen, errusiarrek zera esan baitzuten: "Zuek Kosovo hartu zenuten eta herrialdearen baimenik gabe alde egiten utzi zenioten. Zergatik ez Krimea?" Eta Obamaren arrazoibidea honakoa izan zen: "Ezin da konparatu, Kosovon erreferenduma egin zelako. Nazioarteko begirale asko izan zen bertan, eta legitimoa izan zela ziurtatu zuten”. Kosovon ez zen inoiz erreferendumik izan. Baina kazetari bakar batek ere ez zuen esan, "Itxaron, hori ez zen inoiz gertatu”. Izan ere, orduan narratiba errusiarra babestuko zenuke eta hori ezin da egin. Beraz, Kosovon benetan erreferenduma izan zela sinestea ia betebehar moral bihurtzen da Mendebaldeko kazetari bakoitzarentzat. Eta gauza bera ikusten duzu Ukrainako gerrarekin. Galdera da, Trump bere aholkulariak manipulatzen ari dira ala ergelkeria hutsa da?
SM: Iranen kasua Errusiarena edo Txinarena baino okerragoa da. Zergatik? Iranek Palestina babesten duelako. Hori izan da arazoa ia bost hamarkadatan. Iran herri palestinarraren alde sakrifikatzen da. Nahiz eta Qatarrek eta petrolioan eta gasean aberatsak diren diktadura horiek sektarismoa sustatu eta Iranekiko gorrotoa sortzen saiatu diren urteetan zehar. Mendebaldeak beti deabrutu izan du Iran. Baina Irango Errepublika Islamiarrak jendeari kalera irteteko eskatzen dionean, milioika pertsona ateratzen dira. Macronek egin al dezake hori? Eta lehen ministro britainiarrak? Agian Merz Alemaniako kantzilerrak? Horrek zilegitasun maila handia erakusten du. Baina Mendebaldean ez dute Iran zilegitzat onartu nahi, horrek suntsitu egiten baitu haien nagusitasun nozioa, gu baino hobeak direla, gu baino zibilizatuagoak direla.
Narratiba hori hankaz gora jartzen ari da Gazan gertatzen ari den genozidioa ikusi dugulako eta ez dagoelako alderik Trumpen eta AOCen (Alexandrina Ocasio-Cortéz) artean. AOC Trump gerrara bultzatzen saiatzen ari da, konfrontazio handiago batera. Ez dago alderik haien artean. Inperioaren interesa denean, denak berdinak dira. AOC alderdi demokrataren buruetako bat da eta aurrerakoia dela suposatzen da. Beraz, alderdi bakarra funtsean inperioari eusteko existitzen da, baina inperioa gainbehera doa.
Nola liteke gaur, astelehena, Iranen hainbeste milioi pertsona kalera atera izana, esanez: "Estatua babesten dugu, Konstituzioa babesten dugu, Jamenei aiatola babesten dugu eta Iranen politikak babesten ditugu; AEBak, Israelgo erregimena, Mendebaldea eta istilu-sortzaileak babesten dituztenak kondenatzen ditugu?" Protesten lehen egunean ez zen indarkeriarik izan. Baina Erresuma Batuan, 85 urteko emakume judu batek "Genozidioaren aurka nago” dioen pankarta bati eusten badio kartzelara eramanen dute, Berlinen jendea kolpatzen dute herri palestinarraren sinboloa den kufiya bat eramateagatik. Iranen, polizia-agenteak hiltzen hasi zirenean soilik esku hartu zuen poliziak. Eta horren grabazio asko ditugu. Bi gazte erre zituzten meskita batean, barruan giltzapetu zituzten eta molotov koktelak jaurti zituzten, bizirik errez, edo erizain hura.
Beraz, Mendebaldea ez dago gizarte zabalaz hitz egiteko moduan. Irango gizartea mendebaldekoa baino askoz irekiagoa da. Mendebaldean genozidio bat gauzatzen ari dira. Iranen genozidioaren aurka daude. Mendebaldean jendea atxilotzen dute praktika genoziden aurka egiteagatik. Gizarte libre eta irekia zirelako ustea desagertu egin da. Inork ez du sinesten. Mendebaldeko hedabideek beste alde batera begiratzen dute genozidioak jarraitzen duen bitartean, Iranen istiluak baketsuak izan zirela eta milioika pertsonak babesten zituztela esanez. Orain, Teherango kaleetan milioika lagun ditugunean Mendebaldeari ezetz esanez, beste alde batera begiratzen dute berriro. Hori ez da gizarte libre bat, hori ez da gizarte demokratiko bat, hori ez da prentsa libre bat, hori fatxada besterik ez da.
GD: Israel eta AEBetatik entzun dugu gerra mahai gainean egon litekeela. Atzo Lindsey Graham senatari estatubatuarrak Irani bart eraso egin diezaioketela iradoki zuen. Beraz, Iranen kontrako erasoa dirudi berehala. Zure ustez, zer aukera dago une honetan gerra izateko?
SM: Hori zen kontua hasieratik. gertakizun guztiek zerikusia zuten Iranen ezegonkortasun narratiba bat sortzearekin, herrialdearen aurkako erasoak legitimatzeko. Eta horregatik ari dira CIA, Mossad eta beste batzuk gerrarako justifikazioa sortu nahian. Baina Iran gerrarako prest dago. Kaleetan ikusi da jendea estatuarekin dagoela. 12 eguneko gerran bezala. Iran gaur egun askoz ere prestatuago dago gerrarako. Azken 10 egunetan Iran indartu egin da, ahuldu beharrean. Herritarrak haserrearazi egin dituzte, hainbeste heriotza, min eta suntsipen eraginez. Nire ustez, lehenengo egunetik, txanponaren manipulazioarekin hasita, helburu guztia gerra justifikatuko zuen ingurune bat sortzea izan zen. Eta horixe eginen luke Trumpek.
Estatubatuarrek dozenaka mila, agian ehunka mila irandar, bonbardatu eta hilen lituzkete, munduak manifestari horiek babestuko lituzkeelakoan. Baina benetan gertatuko dena da Iranek estatubatuarren kontra eginen duela, hain indartsu, ezen ekonomia globala eroraraziko baitu, eta horrekin batera AEBetako ekonomia. Iranen gaitasunek garaitu zuten Israel. Edonor joan daiteke Steve Bannonek su-etenaren biharamunean esandakoa ikustera. Benetako historia Netanyahu eta Israelgo erregimena etsita zeudela esan zuen, gogor kolpatuak izaten ari zirela eta su-etena behar zutela. Garrantzitsuena da Israelgo erregimenari kolpeak emateko gaitasuna duela zazpi hilabete baino askoz handiagoa dela orain.
Hala eta guztiz ere, Iranen benetako gaitasunak ez daude israeldarren aurka zuzenduta, estatubatuarren aurka baizik. Zergatik? Hiru hamarkadetan estatubatuarrak aukera guztiak mahai gainean daudela esaten aritu baitira. Beraz, Iran hiru hamarkadatan zehar AEBekin gerrarako prestatzen aritu da. Iranek droneen eta misilen base ugari ditu lurpean. Iranek hor kanpoan dagoen edozein helburu suntsitu dezake azkar, oso azkar. Eta AEBek Irani gerra egin nahi dioten honetan, Iran ez da geldituko. Estatubatuarrek Irani eraso egin zioten behin, eta Iranek AEBen funtsezko instalazioak suntsitu zituen Dohan, basera iritsi ziren sei misilekin. Irandarrak guztiarekin joanen dira. Gerra ez da nahi dugun zerbait, baina Mendebaldea sionisten esku dago.
GD: Iranen kontrako beste gerra bat hasten badute -eta gero eta probableagoa dirudi-, oraingoan beste era batera garatuko da.
SM: Gerra bada, Iranek Iraken dituen aliatuek estatubatuarrak kanporatuko dituzte eta Iranen aldekoak Azerbaijanen ez dira isilik geratuko. Gauza bera gertatzen da Yemenen. Hau ez da estatubatuarrek irabaz dezaketen gerra bat. Ez dute inolako aukerarik. Eta horiek ez dira duela 20 urteko AEBak. Eta Iran hau ez da Irak. Iran ez da Vietnam ere. Beste behin ere, sionistek Israel lehenesten dute. Ez zaizkie axola AEBen interesak. Gerra nahi dute, Israelgo erregimenaren interesekoa delako. Ez zaie axola ondorioak zein diren, ezta Europa, AEBak eta mundu osoa nola suntsituko lituzkeen ere.
https://www.youtube.com/watch?v=VosY2RgeirM
OHARRA: lau bideo hauek Seyed Marandiren X kontuan ikus daitezke. Lehen ataleko argazkiekin batera, Iranen duela aste pare bat izan ziren gertakizunen argigarri. Testuak jatorrizkoak dira.
1.Ikus joan den asteko istiluetan, CIAk, MI6-k eta Mossad-ek babestutako terroristek poliziak nola hil zituzten. Mendebaldeko hedabide tradizionaletan eta horien "analisteengan" oraindik konfiantza duen edonor inozo konponezina da.
https://x.com/i/status/2012169840090361993
https://x.com/i/status/2012253202608017876
https://x.com/i/status/2013570474564083924
2.Horiek ziren Iranen "manifestari baketsuak" deiturikoak, jabetza publikoa eta pribatua babesten zuten pertsona, polizia eta boluntarioen aurka tiro egiten zutenak. Ez izan sekula konfiantzarik Mendebaldeko narratibetan.
https://x.com/i/status/2011805456566530367
joan mari beloki kortexarena
2026-01-20

Iruzkinak
Utzi iruzkina: