Iran denetarako prest
Agindu bezala, gaur Teherango Unibertsitateko Seyed Marandi irakasle irandarra dakargu hona, bertako gorabehera guztien berri zehatza duelako. Bere garaian, nuklearraren inguruko negoziazioetan talde irandarren aholkularia izan zen. Beraz, goi mailako berriemailea da guretzat.
Israelgo erregimenak libanoarrak masakratu egin ditu eta mota guztietako hiriak bonbardatu, su-etenaren akordioa hautsiz. Trumpek ukatu arren, Pakistango lehen ministroak oso argi esan du Libano su-etenaren parte dela. Eta Israelgo erregimenak sarraskiarekin jarraitzen duenez, eta zibilen aurka bakarrik ari direnez, iraniarrek misilak jaurti dizkiote eta Ormuzko itsasartea itxi dute berriro.
Balizko negoziazioei begira, AEBek esan zuten Iranek amore eman behar zuela. “Baldintzarik gabeko errendizioa” esan zuen Trumpek. Gero horrek eboluzionatu egin zuen, Iranek atzera botako zuen 15 puntuko plana bihurtzeraino. Aurrerago, Iranek bere plan propioa garatu eta Pakistanera bidali zuen. Trumpek ontzat eman zuen irandarren plana negoziazioetarako esparru gisa. Horrek ez du esan nahi AEBek 10 puntuak onartuko dituztenik, nahiz eta oso arrazoizkoak izan. Baina oso inperio harroa izanik, oso zaila da imajinatzea AEB amore ematen eta gure nazioaren eskubideak onartzen. Beraz, nire ustez, gerrara itzuliko gara. AEBei urrats hori zaila eginen zaie, batetik beren herrialdean bertan duten barne-presioagatik eta, bestetik, nazioartean duten presioagatik. Horregatik onartu zuen Trumpek Iranek proposatutako markoa.
Estatubatuarrek oso gerra laburra izanen zela uste zuten, eta Iran erraz garaituko zutela. Baina irandarrek base militarrak suntsitu egin zizkieten eta soldaduak berehala atera behar izan zituzten bertatik. Oso zaila izanen da AEBentzat euren indar militarrak eskualdean mantentzea, zama handiagoa eta zailagoa bihurtuko zaie eta.
Irandarrak okerrenerako prest daude. Dagoeneko bi aldiz negoziatu genuen estatubatuarrekin, eta ikusi genuen nola gertatu ziren bi negoziazio-saioak. Batean, negoziatzen ari ginela, eraso azkarra burutu zuten eta 12 eguneko gerra eragin zuten. Gero, joan den hilean, berriro ari ginen negoziatzen eta aurreratzen eta beste gerra bat abiarazi zuten. Beraz, irandarrek ez dute inolako konfiantzarik izanen hurrengo negoziazioetan.
Israeldarrak ahal duten guztia egiten ari dira bakea zabal ez dadin. Libanoren aurkako eraso basati hauek, emakumeak eta haurrak masakratuz, izugarrizko triskantza eragiten ari dira. Su-etenak funtziona dezan galarazteko egiten ari dira hori. Trump, bere jarrera aldatzean eta Libano honen parte ez dela esatean, gerra jarraitzeko prest egon behar dugula erakusten ari da. AEBek bake akordio honek funtzionatzea nahi badute, Israeli eusteko modua aurkitu behar dute. Netanyahu su-etena suntsitu eta jende asko hil nahian ari da, Israelgo herriak babes handiagoa eman diezaion, gizarte genozida baita.
Trumpek aste batzuk daramatza Iran txikituko duela esaten. Duela gutxi esan du Iran Harri Arora eramanen duela bueltan eta duela egun pare bat Irango zibilizazioa ezabatuko duela Lurraren azaletik. Ikusi al duzu Mendebaldeko kazetari garrantzitsuren bat historiako holokaustorik handiena burutzeko mehatxuak suminduta ahotsa altxatzen? Edo mendebaldeko politikariren bat? Ez, inperioarentzat gu guztiok ez baitugu ezer balio. Haientzat ez gara gizakiak. Izan ere, txikizio guztia justifikatzen saiatuko dira. Horregatik diot Mendebaldea Epstein klaseak gobernatzen duela. Hedabideak eta haien kazetariak, baita gobernuak ere, Epstein klasearen jabetzakoak dira.
Gauzak oso ondo badoaz, su-etenaren bi aste hauek luzatu eginen dira, eta agian gai txikiren baten inguruan adostasunera irits daitezke. Baina ez dut uste Iranek planean jarri dituen 10 puntuen inguruan akordiorik lortuko dugunik. AEB inperio harroa dira eta Trump enperadore harroputzen artean harroena da. Eta horrez gain, gaur gauza bat esaten du eta bihar beste bat.
Eraso gehiago jasotzeko prest dira irandarrak. Baina Trumpek gerra hau berriz hastea garesti ordainduko du, dagoeneko ez delako oso gustukoa, ez delako inora iritsi eta ez dagoelako Iran ahuldu izanaren inolako seinalerik. 40 egunez, Israelgo erregimenaren aurka, AEBen aurka eta gerran konplize diren Persiako Golkoko beren aliatuen aurka misilak eta droneak jaurtitzen aritu dira gau eta egun irandarrak.
Baliteke su-etenaren ondoren gerrak beste itxura bat hartzea. AEBek gerratik atera eta Golkoko estatuen edo Israelen esku utzi nahi badute, litekeena da Iranen eta Israelen arteko gerra bilakatzea. Golkoko erregimenak ez daude Iranen aurka borrokatzeko moduan. Daukaten gauza bakarra petrolioa eta gasa da. Eta bere instalazio guztiak Iranen aurrez aurre daude. Ez dute defentsarik. Herrialde horiek txikiak dira, Saudi Arabia izan ezik. Beraz, Iranekin gatazkan sartzen badira, erregimen horien amaiera izanen da.
Israeli dagokionez, lehendik ikusita ditugu Iran eta Israelgo erregimena elkar erasotzen. Orain irandarrak prest daude behin eta berriz erasotzeko, Israel geldituko den arte. Bitartean, Ormuzeko itsasartea itxita egonen da eta mundu guztiak aitortuko du Israelgo erregimena dela beren herrialdeak hondamendira daramatzana. Su-etena urratzean petrolio, gas eta ongarrien fluxuaren normalizazioa blokeatzen ari da. Presioak gora eginen du Trumpen eta Israelgo erregimenaren gainean.
Israelgo erregimenak Libanori erasotzen jarraituko du. Ondoren Irani eginen dio eraso, honek misilak bidaliko dizkiolako Libano erasotzen duen bitartean. Beraz, ez dago argi negoziaziorik izanen denik ere.
Irango parlamentua lege bat prestatzen ari da Ormuzko itsasartearen kudeaketa arautzeko. Baina interesgarriena da ez ginela inoiz norabide horretan mugituko AEBek gerra hau hasi izan ez balute. Ez genuen Ormuzko itsasartearen kontrola hartzeko asmorik. Ormuzko itsasartea kontrolatzean, Iran lehen zena baino askoz herrialde boteretsuagoa bihurtu da. Eta AEB askoz ahulagoak.
Iranentzat garrantzitsuena Trumpek 15 puntuko planari uko egin eta Iranena onartzea zen. Trump negoziazio mahaian eseri eta "OK, onartzen dut" esatea aldaketa handia da gai globaletan. Nolabait, hau Bigarren Mundu Gerraz geroztik unerik esanguratsuenetakoa da. Trumpek hori onartzea umiliazioa izan da.
Ormuzko itsasarteari dagokionez, Iranek beste jokaera izanen du herrialde lagunekin. Txina, Errusia eta Irakeko itsasontziekin ez du Saudi Arabia, Britainia Handi, AEB, Kanada edo Australiako itsasontziekin bezala jokatuko.
Eskualdearen etorkizuna arabiar familia erregimenen menpe dago. Erregimen hauek AEBei beren espazioa erabiltzen utzi izan ez baliete, ez genukeen gerra hau izanen. Estatubatuarrek ezin izango zuten gerrarik egin egoera hartan. Erregimen hauek euren atzerri politika birplanteatzen badute eta herrialde normalak bezala jokatzen badute, konspiratu eta inguruko herrialdeak inbaditzeko atzerriko potentziak ekarri beharrean, salbu egonen dira.
Eskualdea ez da inoiz lehengo egoerara itzuliko. Epstein klaseko aberats horiek ez dira inoiz Emirerrietara eta Qatarrera itzuliko, beren jendearentzat zorionez, normal bizi ahal izanen direlako. Baina bide desberdina aukeratzen badute, ez dira etorkizunean existituko eta mugak aldatu eginen dira.
Honen guztiaren ondorioei urte askotan egin beharko diegula aurre uste dut, baita bakea lortuz gero ere. Estatubatuarrek sionistei entzunen ez baliete, ez ginateke egoera honetan egonen eta ekonomia globala askoz hobeto egonen litzateke. Sionismoa suntsitzailea da. Helburuak bereizi gabe dena bonbardatzen dute eta munduko bake eta oparotasun aukera guztiak suntsitzen dituzte.
https://www.youtube.com/watch?v=ZMayqF_arvw
joan mari beloki kortexarena
2026-04-12

Iruzkinak
Utzi iruzkina: