INDEPENDENTZIARA BIDE BERRITIK

INDEPENDENTZIARA BIDE BERRITIK EUSKAL HERRITIK | 2024-04-16 00:22

INDEPENDENTZIARA BIDE BERRITIK

Franco bizi zela, autodeterminazio eskubidea borroka mota guztiak erabiliz bultzatu zuen belaunaldikoa naiz. Ondoan zihoana balaz zaurituta erortzen ikusita gaude. Hamar egunez Madrilgo Guardia Zibilen Komandantzia Nagusiko sotoak ezagutzeko parada izan genuen eta Alcala-Mecoko kartzela estreinatu zuen preso andana hartako kide izateko ere. Ezker Abertzalean ardura politikoak gure bizkar hartzeko ohorea ere izan dugu. Garaiak aldatu zirela eta gazteei txanda ematea komeni zela ohartu ginen arte. Hasieran KAS Alternatiba gauza zedin egin genuen borroka eta KASen eta HBn antolatu ginen, antolatuta lana emankorragoa zelako. Madrilek autodeterminazioaren aitortza egin ziezagun zen epe motzeko gure helburu politikoa. Independentziarako jauzia aurrerago lantzeko ikusten genuen. Bide hori jorratzen eman genituen guru biziaren urte sasoitsuenak nire belaunaldikook.

Sarrera luze horrekin gauza bakarra esan nahi dut: nire adinekook baino independentzia gose handiagorik inork ez duela sekula izanen. Euskaldunon aurkako gorrotoz blai egindako oihanean hazitakoak gara eta Euskal Herri burujabean bizitzeko grina odoleko azken tantaraino sartu ziguten. Jaio ginenetik, haurtzaro, gaztaro eta helduaroa baldintzatu zizkigun errepresio ankerrak bihotzeko azken txokoraino sartu zigun independentziaren aldeko gogo bizia.

Baina gogo handiak ez gaitu itsutu behar. Independentzia helburu politikoa da eta lan politiko zabalaren bitartez bakarrik lor daitekeen zerbait da. Eta independentziak herritar guztiak  harrapatzen dituenez, gehiengoaren inplikazio aktiboa behar da. Helburura iristeko herritar gehienak erakarri behar dira, bide osoa besoak elkar gurutzatuta egitera. Eta ez da aski hauteskundeetan boto asko pilatzea. Guk bezala pentsatzen ez dutenekin elkar lana egitera behartuta egonen gara, erritmoak berdintzera, hizkerak egokitzera… Hau dena kasurik hoberenean, hau da, Eskoziaren kasuan bezala Estatuarekin erreferenduma adostera iritsiko bagina. Hau izanik bide egokiena, egin dezagun lan bide hau jorratzen. Ez baita samurra Estatuko instituzioek independentziara eramanen gaituen galdeketa onar dezaten.

Geratzen den beste bidea konfrontazio osoarena da. Euskal Herria zutitu eta Estatua(k) erreferenduma onartzera behartuta eramanen lukeena. Ez da zaila irudikatzen gainera etorriko litzaigukeena. Eta errepresio basati horri aurre egiteko, Madrildik etorriko litzaigukeen basakeriari tinko eusteko alegia, herritarren gehiengoa beharko litzateke ezinbestean. Gaur ba al da bide honi ekiteko baldintzarik? Inondik ez. EAJ, PSE-EE eta ezker estatalistek inguruan dituzten gizarte-sektoreek ezker Abertzalea berriz ere bakar-bakarrik utziko lukete gatazka horretan eta 1988ko egoerara itzuliko ginateke. Beste Jose Antonio Ardantza bat sortuko litzateke eta bigarren Ajuria-Eneko Ituna abiaraziko luke. Hortik aurrera berriz beteko lirateke Estatuko kartzelak, berriz milaka torturatu izanen genuke han eta hemen… Berrogeita hamar urte luzetako prozesuak herri bezala zerbait erakutsi digula pentsatu nahi dut. Gainerakoan sakrifizio hura berriz errepikatzera kondenatuta gaude. Eta ez litzateke inorentzat gozoa izanen.

Pello Otxandianok ETB1eko eztabaidan planteatu zuen bidea Eskoziarenarekin bat egiten duena zen -nik hala ulertu nion behintzat-. Bost hamarkadaz konfrontazio osoarena jorratu eta gero, orain berri hau geratzen zaigu. Diplomaziarena, alegia. Gure historia gudaz beteta dagoenez, zail egiten zaigu erabil litekeenik ere irudikatzen. Baina epe motz-ertainean etorkizunik duen bide bakarra da. Eta ez dugu bestea baino bide luzeagoa denik pentsatu behar. Independentzia eskuratzeko bideak inola ezin du laburra izan. Beti izanen da korapilatsua, maldatsua, bihurgunez betea. Baina diplomaziaren bidean konfiantza izan behar dugu, herritarren gehiengoaren indarra nahikoa dela sinesten dugulako. Bide hau seriotasunez eta pazientziaz landu ezkero, egunen batean Madrilek ate guztiak erabat itxi dituela ondorioztatzen bada, beti izanen da konfrontazio osoarena berriz lantzeko aukera. Baina orain Eskozia eta Quebecena lantzeko garaia da. Gure bermea? Euskal herritar gehienok nahi eta amesten dugun zerbait dela. Besterik gabe.

Gaur egun Hego Euskal Herriko bi autonomiak gainerako guztiekin alderatuta oso desberdinak dira. Ekonomikoki ditugun abantailak ez ditu beste inork. Ez eta katalanek ere. Seinale Madrilen errespetua jartzen diela euskal herritarren gehiengoa aurrez aurre jar lekiekeela pentsatze hutsak.

joan mari beloki kortexarena

2024-04-16


Utzi iruzkina: