Independentzia laster eskura

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-09-05 00:08

belokijmari@gmail.com 1725488007259

Munduan iraultza handia gertatzen ari da. Indar hegemonikoak 180ºko biraketa egin du eta, jarrera inperialistari bizkar emanda, nazioen subiranotasunaren alde jarri da. Euskal Herriari ere argi berri bat piztu zaio zeru gainean.

2013an Ukrainan Victoria Nuland AEBetako Estatu Idazkariordeak Maidan Plazako estatu-kolpea abiarazi zuenean asmo garbia zuen: Ukrainaren subiranotasuna babestu. 1991n Ukraina independentzia eskuratu zuenetik bere buruaren jabe zen eta lasai bizi zen. Herritar gehienek europar guztiekin harreman normalizatuak nahi zituzten eta 2010etik presidente zen Viktor Yanukovichek ipar hori ipini zion bere agintaritzari. Ez zien ultra eskuindarrei jaramonik egin, hauek Errusiarekin tratu guztiak etetea eta soilik EBrekin negoziatzea exijitu zioten arren. EBk ere baldintza bera jarri zion: “gurekin harremanak nahi badituzu, Errusiarekin tratu guztiak eten behar dituzu”. Yanukovichek Ukraina inperialismo errusiarraren hatzaparretan erortzeko arriskutan jarri zuen eta demokrazia bermatzeko behar zen estatu-kolpea eman zioten, yankiek gidatuta.

Viktoria Nuland maila goreneko politikari estatubatuarrak estatu-kolpearen ondoren Petro Poroshenko oligarka aukeratu zuen lehen presidente hautatua izateko (Nuland berak esana da estatu-kolpea antolatu eta hurrengo agintarien zerrenda prestatu zuela). Poroshenkok azkar batean erabaki zuen lehentasunezko helburua zela Errusiako kultura Ukraina subiranotik ezabatzea. Bide horretatik abiatuta, demokratikoki debekatu zituen errusiera eta kultura errusiarraren aztarna guztiak unibertsitatea bitarte hezkuntza-sistema osoan. Donbassko herritarrak protestaka kalera atera ziren eta presidenteak demokraziak ematen zion zilegitasunez tankeak bidali zituen mobilizazioak geldiaraztera eta hegazkinak zibilak bonbardatzera. Guda zibilaren hasiera izan zen. 2014. urtea zen.

Poroshenkok lanak bukatu gabe utzi zituen. 2019an Volodimir Zelenskik irabazi zituen hurrengo hauteskundeak. Hauteskundeetako bere mezu nagusia Donbassko guda zibilari amaiera eman, Errusiarekin negoziatu eta Ukraina osora bakea ekarriko zuela izan zen. Baina naziek berehala ohartarazi zuten bide horretatik ukrainarrek Errusia inperialistaren gatibu bukatuko zutela eta hauteskundeetako mezua iraultzea erabaki zuen. Stepán Banderaren jarraitzaileekin eta AZOVeko naziekin eskutik helduta hasi zen gobernatzen eta berehala ekin zion alderdi politikoak, sindikatuak, komunikabideak eta Eliza ortodoxoa legez debekatzeari. Geroztik oposiziorik gabe gobernatu du. Milioika jendek alde egin du Ukrainatik; errepresiotik lehenik eta gudatik ondoren. Egun polizia eta militarrak ehunka zibil ari dira egunero kalean atxilotzen gudako frontera gogoz kontra bidaltzeko. Iheslariei bizkarretik tiro egitea libre dute. Gerra nahi ez izan arren kalean harrapatutakoak frontera eramaten dituzte … beste aukerarik gabe hiltzera.

Putin txarkeria guztien errudun bakarra eta osoa

Hau dena Putinen erruz izan da. Hona hemen arrazoien azalpena:

  • 1991n Sobiet Batasuna desegin ala ez erabakitzeko, errepublika sobietar guztietan erreferendumak egin ziren. Ukrainakoan, biztanleen %83,5ak parte hartu zuelarik, %70ek Sobiet Batasunaren (SESB) barruan jarraitzearen alde bozkatu zuen. Hortaz gain, errepublika gehienek SESBk bizirik jarraitzearen alde bozkatu zuten. Baina Putin diktadoreak -nahiz oraindik ez zen presidente- erabaki zuen sistema komunistarekin amaitzea eta SESB sakabanatzea. Ukrainak erreferendum askean herritarrek hautatu zutenari bizkar emanez, Boris Yeltsinek eta lagunek independentea bihurtu zuten. Urte batzuk beranduago, 2022an zehazki, Putinek oso ongi ez dakizkigun arrazoiengatik Ukraina inbaditzea erabaki zuen.
  • George W. Bush AEBetako presidenteak Lisboatik Moskurainoko Europa batua nahi zuen eta 1990. urtean James Baker Estatu-Idazkaria bidali zuen Moskura NATO milimetro bakarra ez zela ekialdera zabalduko Gorbachovi ziurtatzera. Baina Putinek -oraindik presidente ez zen arren- 1999an NATO ekialdera zabaltzen has zedin konbentzitu zuen Bush presidentea eta hiru estatu berri sartu zuten elkarte atlantikoan (Polonia, Txekia eta Hungaria).
  • Putinek -orain presidente zela- 2004an beste zazpi herrialde sar zitezen konbentzitu zuen eta kolpean Estonia, Letonia, Lituania, Bulgaria, Errumania, Eslovakia eta Eslovenia sartu ziren. Horiek denak aski ez eta ondoren, hurrenez hurren, Albania, Kroazia, Montenegro, Ipar-Mazedonia, Finlandia eta Suedia sartzea lortu zuen Putin inperialistak.
  • Urte batzuk beranduago, 2008an zehazki, Bukaresten egindako goi-bileran, NATOk ofizialki gonbidatu zuen Ukraina elkartean bazkide gisa sartzeko. Putinek pozik hartu zuen berria, horrela beste aitzakia bat gehiago izanen baitzuen aurrerago Ukraina inbaditzeko.
  • Yanukovichen agintaldian zehar Ukraina Europako Batasunean sartu ala ez biziki eztabaidatua izan zen. AEBak eta bertako naziak eta politiko ustelak Ukraina EBn sartzearen aldeko ziren, baina Putinek Yanukovichi EBri bizkar ematea agindu zion. Honela estatu-kolpea justifikatua geratu zen eta Putinek Ukraina inbaditzeko beste aitzakia izan zuen.
  • Putinek oniritzia eman zion Viktoria Nulandek zuzendutako eta naziek gauzatutako 2014ko estatu-kolpeari. Naziei lanak errazteko asmoz, Putinek mertzenario sail bat bidali zuen Odessara eta beraiek izan ziren Sindikatu-Etxean kizkalita hil ziren iheslarien eta tiroz hildako polizien heriotzen errudunak.
  • Putinek konbentzitu zuen Poroshenko Donbassen errusiera debekatzeko, lehenik, eta ondoren manifestariak sakabanatzeko tankeak eta populazioa bonbardatzeko hegazkinak bidal zitzan.
  • Putinek konbentzitu zuen Zelenski hauteskundeetako bakearen aldeko bere mezua aldatu eta naziekin bat egin zezan. Honela, nazismoarekin amaitzeko aitzakia izanik, Ukraina inbaditzeko beste argudio indartsu bat gehiago izanen bailuke.
  • Aurreko guztiak gutxi balira, Donbassko guda zibilari amaiera emateko 2014tik prestatuta zeuden Minskeko hitzarmenak bete gabe utzi zituen Putinek, nahiz eta Angela Merkel eta Françoise Hollandek babes osoa eman zieten akordioei.
  • Areago joanda, 2022ko martxoaren 29an, inbasioa hasi eta lau astetara ukrainarrek eta errusiarrek Istanbulen lortu zuten hitzarmen berriaren zirriborroa berak baliogabetu zuen, nahiz eta sare sozialetan Boris Johnson britainiarrari leporatu izan zaion astakeria hori.

NATO eta EB gure salbatzaileak

Europako Batasunak garbi du Ukrainan azken hamarkadan gertatu den triskantza guztia Putin diktadorearen erruz izan dela. Gizon zital honek Europa osoa konkista dezan ekiditeko, berehala aktibatu zuen AEBekin hitzartuta duen lankidetza eta horri esker ari da orain NATO nagusitzen eta Europako punta batetik besteraino askatasuna ziurtatzen.

Ukrainak nazio subiranoa izateko eskubide osoa du. Eta eskualde bateko biztanleei bere kulturaren arabera bizi ahal izatea ukatu nahi badie, nork uka liezaioke eskubide hori gobernu demokrata nazi bati? Eta bertako zibilak bonbardatu nahi baditu, nork uka liezaioke milaka zibil batzuk hiltzeko eskubidea, horrela demokrazia askatzailea milioi askori ziurtatzen bazaio? Ez al zaio hori bera Israeli onartzen? Gobernuak ez al du denek menderatzen duten ukraineraren inposaketa jasotzen duen hizkuntz-politika ezartzeko eskubiderik? Eta gainera nork eman dio Putini Donbassko terroristen alde tankeak eta hegazkinak Ukrainan sartzeko eskubidea?

Zorionez, NATO eta EB azaldu dira Ukraina nazioaren eskubideak babesteko. Guda honek ukrainar eta errusiarren artean eragin dituen milioi bat hildakoak albo-ondorioak besterik ez dira. Tristea da, baina hildako eta elbarritutako guztiak beharrezkoak izan dira Ukraina nazio askea izan dadin. Ez al dira, ba, NATO eta EB nazio askapenerako borrokan ari direnen aldeko instituzioak?

Euskal Herrian ezkerreko abertzaleok badugu independentziaren aldeko geure ametsa errealitate bihurtzeko gertu sentitzeko arrazoirik. Espero dezagun, Ukrainan egin bezala:

  • AEBetako egungo Estatu Idazkariorde Jake Sullivanek, Victoria Nulanden lana errepikatuz, Madrilen azal dadin eta estatu-kolpea presta eta gobernu nazia jar dezan.
  • Eta, bide beretik, nazio askapenerako euskal mugimenduari eta estatuko gainerakoei armak, dirua eta babes osoa eman diezazkigun nazio askeak izan gaitezen.

Inork zalantzan jarriko al du, agian, nazio askapenerako borrokan diharduen Euskal Herriari NATOk eta EBk sostengu osoa emanen digutela?

joan mari beloki kortexarena

2024-09-04


Utzi iruzkina: