Indar Soziala (eta II)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-02-13 15:13

belokijmari@gmail.com 1770992126959

Lehen atalean indar politiko berri honen oinarri ideologikoak irakur ahal izan genituen, bere bozemale Dabidek azalduta. Poliki irakurrita hobeki ulertuko dugu zergatik ateratzen ari diren ezkerreko indar politiko berriak gurean eta inguruan: lehenago Ezker Nazionalista eta Soberanía y Trabajo eta orain Indar Soziala.

Dabid: Gizakia emozionala da, noski. Baina sentimendua ezin da irizpide esklusiboa izan gizartearen analisia egiterakoan. Objektibotasun materialera jo behar dugu. Arazoa da humanitarismoa komenentziaren arabera erabiltzen dela, erabili eta botatzeko tresna bezala. Batzuentzat humanitarismoa orain Iranen esku hartzea da, adibidez, emakumeen alde.

Merkatu kapitalista neoliberalak sentimenduen erabilera sustatzen du, zure beharrak, arazoak, asegabetasunak, kontsumoa sortuz. Sistema da propaganda psikologikoarekin sentimenduak gehien erabiltzen dituena. Orain ez duzu autokontrolik izan behar, pentsatzen duzuna lasai esan. Gaur egun badira gai batzuk, auskalo zer askatasunetan oinarrituta, ulertzen ez diren hainbat jarduera eragin dutenak eta konfrontazio politikorako eta eztabaidak erreprimitzeko tresna politiko gisa erabiltzen ari direnak. Kapitalismoaren fase honetan, korporazioak sentimenduen erabileraz baliatzen ari dira.

Sentimenduen erabileraren adibideak dira trans auziaren hutsaltzea, faxismoaren hutsaltzea edo gai horiek fokatu diren bezala fokatu izanaren ondorioen hutsaltzea. Jende asko ez da konturatzen dagoeneko ez dagoela Estatuaren jazarpenik gai hauen inguruan eta horrek markatzen du aldea. Ez dago poliziaren errepresiorik. Hemen arazoa hezkuntza arazoa izan daiteke, baina hori ezin duzu arazo ideologiko bihurtu. Errespetu-arazoa da eta onartu egin beharra da gai batzuk landu egin behar direla. Beste alde batera begiratu izan da, edo alde batera utzi, beste behar batzuk lehenetsi direlako. Baina kontu hauetaz desadostasunak dituen edonor faxista dela esatea bestearen iritzia, iritzi disidentea, ezabatzeko saiakera da.

Ezkerraren zati handi batek aztertu beharko luke ezkerreko beste pertsona edo sektore batzuei dieten errespetu eta onarpen falta, iritzi batzuetan desadostasunak dituztelako bakarrik. Desberdintasun horiek ez dute bandoa aldatu dutenik esan nahi. Eskuin muturrari alfonbra gorria jartzen ari zaizkio eta betidanik ezkerretik goratu izan diren -orain eskuin muturrekoak jasotzen ari diren- bandera asko lurrean uzten ari dira.

Txiletik salatu zen borroka justuak, sozialak, klasekoak, erabiltzen ari zirela globalismo finantzarioaren aldetik, korporazioen aldetik, Trumpena bezalako nazionalismo inperialistaren aurkako klasearteko borrokari aurre egiteko. Munduko futbol txapelketa batean ikusi genuen bezala, LGTBI mundua erabili zen herrialde arabiarrei eraso egiteko edo zenbait herrialderen politika baldintzatzeko. Esaten dizudana egiten ez baduzu, ez zaitut finantzatuko, ez dizut krediturik emanen, ez dizut baliabiderik emanen… Hori bera egiten ari da gaur egun Europako Batasuna.

Sobiet Batasunaren inplosiotik abiatuta, erreferentzia falta sortu da ezkerraren munduan. Gogoan dut zenbait ezkertiarrek nola babestu duten udaberri arabiar osoa eta koloretako iraultzak inolako konplexurik gabe. Eta Europan bertan, zenbait ezkertiarrek Maidaneko estatu-kolpeari eman izan dioten babesa izan da azken ustekabea. Ekarri duen guztiarekin: NATO zabaltzea, Errusia zatikatzen saiatzea... Hori guztia ezkerreko politika honen eskutik dator, non moralki, ez argumentutan, gurea den onena. Moralki pertsona hobeak gara, gainetik gaude, eta gure nagusitasun moralaren talaiatik esan dezakegu nork hitz egin dezakeen eta nork ezin duen hitz egin, ezkerrekoa izanagatik ere. Nahiko kontu larria da.

Errusiako hartzaren garaipenak eszenatoki berri bat irekiko du Sahra Wagenknecht edo gu bezalako ezkertiarrentzat. Gaur egun, jaiotze eta garapen prozesuan gaude. Lana txukun egiten baldin badakigu eta gauzak ongi egiten asmatzen, ezker jaio berri honek klaseko ezkerraren tradizio zaharra berreskuratuko du, indarrez garatzen joanen den langileen langileontzako ezkerra.

Erronka nahiko larriak ditugu herri eta klase gisa, aurre egiteko eta gainditzeko zailak diren erronkak, nazionalista zara, faxista zara… esanez batzuek desaktibatzen saiatzen ari direnak. Baina halabeharrez aurre egin beharko zaie, bestela herri gisa eta Europan borrokarako eta erresistentziarako erreferente gisa desagertzeko bidean murgilduko gara. Gaur egun, globalismo finantzario eta korporazio horien helburua Europako nazioak desegitea da, eta horri egin behar diogu aurre. Indar guztiarekin suntsitzen saiatzen ari dira, eta helburua lortzeko justizia sozialeko aldarrikapen legitimoak erabiltzen dituzte.

Korporazioek gol handi samarra sartu digute, ordaintzen ari garena eta oraindik larriago ordainduko duguna. Oraindik itxaropenik bada. Gurpil txiki bat izan gaitezke bultzaka ari diren eta mundu honetan beharrezkoak diren aldaketetarako gehiengo handiak sortzen dituzten motor handiagoetan. BRICSek espektatiba berriak irekiko dituzte, espazio ekonomiko berriak, ekonomia egiteko moduak, aurretik bizi izan ditugunak ez bezalakoak. Batez ere Afrika eta Asian suspertzen ari den mundu honetan. BRICSi laguntzea gorabidean doan munduari laguntzea da.

Talde txikia gara, itxaropenez, ilusioz, hasiera guztietan izaten den bezala. Une egokian toki egokian egotea da gure erronka. Ezkerrak, oro har, sakonki aldatu behar du, Sobiet Batasunaren inplosioak ekarri zuen urriko zikloa ixtea aitortuz. Aitortu behar du, halaber, GKEen politikek ez dutela balio, agortu egin direla. Modu bidegabean eta modu elektoralean erabiltzen ari dira. Eztabaida zintzotik birplanteatu behar da zer irtenbide ditugun. Horrek zerikusi handia du BRICSen garapenarekin, azaleratzen ari den munduaren garapenarekin eta Txina eta Errusia egiten ari direnarekin.

Adrian Zelaia: Bizitza errealera jauzi egin behar da beste batzuekin erlazionatuz, erakundeak eraikiz, herritarren indarra zenbakia baita. Beren aukerak babesteko munduko diru eta baliabide guztiak dituzten korporazio handien aurrean, jendearen defentsak antolakuntza eskatzen du, kopurua erakundeen bidez bakarrik gauzatzen baita. Erakunde handiak erosiak edo baldintzatuak izan direnez, badirudi erakunde berriak behar ditugula. Gure gomendioa da erakunde batean bazaude, azter ezazu ea zure erakundea datorrenaren aurrean ongi kokatuta dagoen ala ez. Eta ez badago, begiratu zure ingurura, konektatu zure lankideekin, ikusi zer erakunde ari diren zentzu horretan kokatzen, INDAR SOZIALA bezala, konektatu haiekin eta lagundu ahal duzun guztia, hori baita egin behar duguna gauzak aldatzea nahi badugu.

 https://www.youtube.com/watch?v=oEz_sU8PQ4o

https://www.indarsoziala.eus/?page_id=98

joan mari beloki kortexarena

2026-02-13


Utzi iruzkina: