Indar politiko berria: "SOBERANÍA Y TRABAJO"
Indar politiko berria sortzen ari da Estatu mailan, “Subiranotasuna eta lana” (Soberanía y trabajo”). Bere eragina Euskal Herriraino iritsiko denez, interesgarria iruditu zait horren lehen berriak hemen azaltzea. 12 puntu dituen lehen dokumentua zabaldu dute. Jarraian, 12 atal horien izenburuak eta ideia batzuk nabarmendu ditut. Interneten ez dut agiria topatu. Hortaz, bukaeran ekimen honen aurkezpena edota balorazioa eskaintzen duten esteka batzuk jarri ditut.
1. EZKER SISTEMIKOEN INGURUAN.
“Ezker” sistemiko wokeak globalismoaren hatzaparretan erori dira.
2. EZKER SISTEMIKOEK HERRITARREN BEHARRAK BAZTERTU EGIN DITUZTE.
“Ezker light” hauek, EB politikak ezarriz, langile-klaseak babesik gabe utzi dituzte. Oligarkiak eta bera ordezkatzen duen eskuinak atzerapen handia eragin dute gure askatasun eta eskubideetan.
3. SISTEMAREN USTELKERIA.
Erregimena ustelkeriak jota dago. Estatuarentzat errepublika eskatzen du. Politikarien finantzen kontrola erreklamatzen du.
4. KLASE-KONTZIENTZIA BAZTERTUA.
AEBetatik etorri den globalismoak “ezker liberal” harroputza eta gezurtia sortu du eta potentzia anglo-amerikarren zerbitzuan ipini.
5. ESPAINIAREN SUBIRANOTASUNA BERRESKURATU.
Espainia ez da bere buruaren jabe. NATOk eta EBk finkatzen dituzte Espainiaren politikak.
6. PATRONALEK KONTROLATZEN DUTE EKONOMIA.
Sindikatuak kontrolatuta daude. Autonomoak jota. Soldata, lan eta pentsio duinak ziurtatu behar dira. Sektore publiko indartsua behar da.
7. ETXEBIZITZA.
Etxebizitzarena Konstituzioak bermatzen duen eskubidea da baina ez da aplikatzen. Ehunka mila etxebizitza publiko eraiki behar da eta turistikoak debekatu.
8. INDUSTRIA ETA NEKAZARITZA.
Indartu egin behar dira. Plan estrategikoak behar dira. NPB Nekazaritza Politika Bateratua aberatsen aldeko tresna da. Agenda 2030en aurka azaltzen da.
9. INPERIALISMOAREN ETA BERE GUDA OLDARKORREN AURKA.
NATOtik ateratzea bultzatzen du. Ukrainako gudari amaiera negoziatuaren alde agertzen da. Palestinak bere estatua izan dezan. Saharari independentziarako eskubidea aitortzen dio. Harremanak estutu Hego Globalarekin.
10. MIGRAZIO-POLITIKAK.
Asilo eskubidearen alde agertzen da. Etorkinei giza-eskubideak bermatu egin behar zaizkie.
11. FAXISMOAREN ETA DESBERDINTASUNEN AURKAKO BORROKA.
Gizon-emakumeen arteko berdintasunaren alde agertzen da. “Ezker” woke eta liberalei langileen borrokaren tradizioa baztertu izana leporatzen die. “Ezker” harroek kapitalismoaren injustizien aurka ez borrokatzeagatik indartu da faxismoa. Klaseen arteko borroka alboratua dute.
12. POLITIKA PUBLIKOEN BERRESKURAPENA.
Autonomiak kaltegarriak dira. Estatua demokratizatzeko prozesu konstituziogile bat behar da. Udal autonomia eta udalak indartu egin behar dira.
Amaitzeko, proiektuaren sustatzaileek salaketatik ekintzara igaro behar dela diote eta egiazko politika egiteko konpromisoa azaltzen dute. Halaber, argi utzi nahi dute ez dutela zerikusirik globalismoarekin, wokearekin edota kulteranismo posmodernoarekin.
Nire lehen iritzia bi puntutan laburtuko nuke:
a) Honelako ideiak bultzatuko dituzten ezkerrak Europan oso beharrezkoak dira. Wokismoak ezker guztiak jan ditu eta ezkerrarentzat lanerako orduan betidanik ardatz nagusia izan den klase-borroka guztiz baztertuta utzi dute. Herritarren arazo ekonomikoek izan beharko lukete garrantzitsuenak ezkerreko indarrentzat eta gaur ez da hala.
b) Euskal Herrian indar honek ez dakit arrakasta handia izanen duen. Gehiago zehaztu beharko du Estatuaren egituraketaren eredua. Lehen irakurketa batean ez du konfiantza handirik ematen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: