Immigrazio politika

Immigrazio politika EUSKAL HERRITIK | 2026-11-28 01:46

Immigrazio politika

Lehentasunen artean, Etxebizitza Politika da EUSKAL LANGILEEN EZKERRAk lanerako finkatu duen lehena. Gaur bigarrena dakargu, Immigrazio Politika. Alderdi berriarentzat ez da onargarria immigrazioa Madrildik kudeatzen ari den modua. Ateak mundu guztiari zabaltzeak arazo handiak ekarri dizkio Euskal Herriari: euskara gutxiagotu egin du -bere biziraupena arrisku larriagotan jarrita- eta euskaldunoi nekezago utzi digu geure nortasunaren eta identitatearen arabera bizi ahal izatea.

Bestetik, erosteko nahiz errentan hartzeko, etxebizitza gutxiago egotea eragin du eta prezioak garestitzea. Kontrol ezak delinkuentzia areagotzea ere ekarri du eta, ondorioz, jendeak kalean leku askotan lehen bezain lasai ibili ezina. Langileen lan baldintzetan ere eragina nabarmena da. Etorkinak soldata txikiagoarekin eta baldintza okerragotan aritzeko prest egoteak euskal langileei baldintzak kaskartzea ekarri die.

Honi guztiari etorkinei berei modu kaltegarrian eragiten diela gehitu behar zaio, prekarietatean irautera kondenatzen baititu. Euskal langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzea exijitzen dugun bezalaxe, maila berean exijituko dugu etorkinena hobetzea. Euskal Herrian bizitzen finkatu diren etorkinek euskaldunok ditugun eskubide eta betebehar berberak dituztela defendatzen baitugu.

EUSKAL LANGILEEN EZKERRAk bere programan jasota dituen ideia garrantzitsuak:

 

Langile etorkinen eskubide zibilak eta lan eskubideak babesten ditugu. Aldi berean, indarrean dagoen atzerritarren inportazio masiboan eta eskulan merke gisa esplotatzean oinarritutako migrazio eredu neoliberala gaitzetsi egiten dugu, patronalaren interesei bakarrik erantzuten dielako. Atzerritarrak kontrolik gabeko migrazio politikaren biktima dira, euskal gazteak eta langileak bezala. Denek ikusten dute alokairuak igotzen direla eta ez soldatak, beren lanpostuetan lehiatzera pertsona gehiago iristen delako.

Baina ez dago lanik ezta etxebizitzarik ere etorri nahi duten guztientzat. Afrika eta Latinoamerika osoa ez dira Euskal Herrian sartzen. Migratzaileen jatorrizko herrialdeen garapen ekonomikoa sustatu behar da, haiek bertan hobeki bizi ahal izateko eta emigratzeko beharrik ez izateko.

Salbuespenak gerratatik ihesi etorri direnak edota jazarpen politikoa jasan dutenak dira. Haientzat asilo eskubidea eta errefuxiatu izaera defendatuko ditugu. Halaber, lan merkatuan sartzea errazteko inklusio politikak ere.

Era berean, Atzerritartasunari buruzko Legea eta lagundu gabeko adingabeei dagozkienak aldatzea defendatzen dugu, gure erakundeek gerrarik edo jazarpen politikorik ez dagoen beste herrialdeetako erakundeek izan behar duten erantzukizuna bere gain har ez dezaten. Kasu horietan izan ezik, adingabeek beren familiekin egon behar dutela uste dugu.

 

Lan kontratu duinak etorkinentzat

 

Migratzaileek ulertu behar dute bizileku baimena lortzeko bidea lan kontratu duin bat dela, etxebizitza bat eskuratzeko eta laguntza publikorik gabe bizitzeko aukera ematen diena. Horrela saihestuko dugu Europako Batasunara iristeko haien bizitza arriskuan jarriz mafien eskuetan amaitzea.

Migratzaileak lan merkatuan sartzeko asmorik gabe laguntza publikoetatik bizitzearen aurka gaude.

Lanik gabeko etorkin gazteak gure kaleetan ibiltzeak, ehunekotan, kolektibo horrek egindako delituak, indarkeriazko lapurretak, erasoak eta bortxaketak askoz gehiago izatea eragiten du. Kontrolik gabeko migrazioa da -eta ez migratzaileak- prekarietatea eta delinkuentzia egoera horien erantzulea. Beti egongo gara delitu horiek jasan dituztenekin eta, horregatik, euskal herritarren aurka hainbat delitu egiteagatik atxilotutako pertsonak Euskal Herritik kanporatzea bultzatuko dugu. Kasu horietan ebazpen azkarrak izateko baliabide judizialak eskatuko dira, zigorgabetasuna, berrerortzeak eta gure kaleetako segurtasunik eza saihesteko.

Alderdia Kuban edo Sobiet Batasunan ezarritako migrazio ereduaren antzeko eredu solidario baten aldekoa da. Europan eskulan merke gisa esplotatuak izan beharrean, herrialde azpigaratuetako ikasle gazteei hemengo unibertsitateetan edo lanbide eskoletan ikasteko bekak ematearen aldekoak gara. Beren jatorrizko herrialdeetara itzultzean, bertan lan egiteko aukera izan dezaten eta herrialde horiek azpigarapenetik ateratzen lagun dezaten.

https://euskallangileenezkerra.eus/eu/

joan mari beloki kortexarena

2026-11-28


Utzi iruzkina: