Honela ikusten du EB trumpismoak (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-12-17 19:30

belokijmari@gmail.com 1765996726875

Trumpek ezagutzera eman duen “AEBen segurtasun nazionalaren estrategia berriabere azken dokumentuan -berak idatzi ez duena, hain zuzen-, atal oso bat eskaintzen dio Europako Batasunari. Aurrerantzean elkarren arteko harremanak nahiko desberdinak izanen direla aurreikus liteke. Hemen txostenak Europari buruz dioena:

C. Europaren handitasuna sustatzea

AEBetako arduradunek Europako arazoak gastu militarraren urritasunaren eta geldialdi ekonomikoaren ikuspuntutik aztertzeko ohitura izan dute. Ikuspegi hori hartzeko arrazoiak badaude, baina Europaren benetako arazoak sakonagoak dira.

Europa kontinentalak munduko BPGaren kuota galdu du, 1990ean % 25ekoa izatetik gaur egun % 14koa izatera pasatu baita, hein batean sormena eta espiritu ekintzailea ahultzen dituzten erregulazio nazional eta transnazionalen ondorioz.

Gainbehera ekonomiko hori Europa pairatzen ari den zibilizazioaren hondamenak estaltzen du. Europak dituen arazo garrantzitsuenen artean daude askatasun politikoa eta subiranotasuna ahultzen dituzten Europako Batasunaren eta transnazionalen jarduerak, kontinentea eraldatu eta gatazkak sortzen dituzten migrazio-politikak, adierazpen-askatasunaren zentsura eta oposizio politikoaren errepresioa, jaiotza-tasen kolapsoa eta nazio-nortasunen eta beren buruarekiko konfiantzaren galerak.

Gaur egungo joerek bere horretan jarraitzen badute, kontinentea ezagutezina izanen da hogei urte edo gutxiago barru. Baldintza horietan, ez da ziurra Europako herrialde batzuek aliatu fidagarriak izaten jarraitzeko adinako ekonomia eta armada izatea. Europak europar izaten jarraitzea nahi dugu, bere zibilizazioarekiko konfiantza berreskuratzea eta erregulazio itogarriekiko obsesioa alde batera uztea.

Bere buruarekiko konfiantza falta hori bereziki nabarmena da Europak Errusiarekin dituen harremanetan. Europako aliatuek abantaila nabarmena dute Errusiaren aurrean, indar militarrari dagokionez, ia eremu guztietan, arma nuklearretan izan ezik. Ukrainako gerraren ondoren, Europaren eta Errusiaren arteko harremanak erabat ahuldu dira, eta europar askok mehatxu existentzialtzat jotzen dute Errusia. Europaren eta Errusiaren arteko harremanak kudeatzeko, AEBek konpromiso diplomatiko handia hartu beharko dute, bai Eurasiako kontinentean egonkortasun estrategikoko baldintzak berrezartzeko, bai Errusiaren eta Europako estatuen arteko gatazka arriskua arintzeko.

AEBentzat funtsezko interesa da Ukrainako liskarren amaiera negoziatzea, Europako ekonomiak egonkortzeko, gerra ez eskalatzeko edo luzatzeko, Errusiarekin egonkortasun estrategikoa berrezartzeko eta estatu bideragarri gisa biziraun izan ahal dezan Ukrainaren berreraikuntza ahalbidetzeko,.

Ukrainako gerrak eragin gaiztoa izan du: Europaren kanpo-menpekotasuna handitu du, bereziki Alemaniarena. Gaur egun, Alemaniako enpresa kimikoak Txinan ari dira eraikitzen munduko transformazio-instalazio handienetako batzuk, alemanek beren herrialdean lortu ezin duten gas errusiarra erabiliz. Trump administrazioa ez dago ados gerrari buruzko itxaropen ez oso errealistak dituzten Europako arduradunekin; izan ere, lider horietako askok demokraziaren oinarrizko printzipioak hausten baitituzte oposizioa erreprimitzeko, gutxiengoen gobernu ezegonkorretan babestuz. Europarren gehiengo zabal batek bakea nahi du, baina gobernuek nahi hori gauzatuko lukeen politikarik ez dute egiten, neurri handi batean prozesu demokratikoak asaldatu egin dituztelako. Horrek garrantzi estrategikoa du AEBentzat, Europako estatuak ezin baitaitezke eraberritu krisi politiko batean murgilduta dauden bitartean.

Hala ere, Europak estrategikoa eta kulturalki hil ala bizikoa izaten jarraitzen du AEBentzat. Atlantikoaz haraindiko merkataritzak munduko ekonomiaren eta AEBetako oparotasunaren zutabeetako bat izaten jarraitzen du. Europako hainbat sektorek, manufaktura-industriatik hasi eta teknologia eta energiaraino, munduko sendoenetakoak izaten jarraitzen dute. Europan lehen mailako kultura-erakundeak eta abangoardiako ikerketa zientifikoko zentroak daude. Europa ezin da galdutzat eman; hori egitea estrategia honen helburuen kontra legoke.

AEBetako diplomaziak benetako demokrazia, adierazpen-askatasuna eta Europako nazio bakoitzaren izaera eta historia konplexurik gabe defendatzen jarraitu behar du. AEBek Europako beren aliatu politikoak animatzen dituzte berpizkunde espiritual hori sustatzera. Europako alderdi abertzaleen eragin gero eta handiagoa baikortasun handiko motiboa da.

Gure helburua Europari bere egungo ibilbidea zuzentzen laguntzea izan behar da. Lehiakorrak izaten lagunduko digun Europa indartsua behar dugu, eta gurekin lan eginez aurkariei Europa menderatzea galaraziko diena.

AEBek lotura sentimentala dute Europako kontinentearekin eta, jakina, Britainia Handiarekin eta Irlandarekin. Herrialde horien izaera ere garrantzitsua da ikuspegi estrategikotik; izan ere, aliatu sortzaileak, trebeak, beren buruaz seguru daudenak eta demokratikoak ditugu egonkortasun- eta segurtasun-baldintzak ezartzeko. Antzinako handitasuna berreskuratu nahi duten herrialde lerrokatuekin lan egin nahi dugu.

Epe luzera, hamarkada batzuk barru gehienez, litekeena da NATOko kide batzuen herritar gehiengoa europarra ez izatera iristea. Zentzu honetan, munduan duten lekua edo AEBekin duten aliantza NATOren gutuna sinatu zutenek bezala kontuan hartuko duten ala ez eztabaidagai geratzen da.

Europarako dugun politika orokorrak elementu hauei eman beharko lieke lehentasuna:

  • Europako egonkortasun-baldintzak eta Errusiarekiko egonkortasun estrategikoa berrezartzea
  • Europak bere hegalekin hegan egin dezan eta lerrokatuta dauden nazio subiranoen talde gisa funtziona dezan ahalbidetzea, batez ere bere buruaren defentsaren ardura bere gain hartuz, kontrako potentzia batek menderatua izan gabe
  • Europako nazioen barruan, Europaren egungo ibilbidearen aurkako erresistentzia lantzea
  • AEBetako ondasun eta zerbitzuei Europako merkatuak irekitzea eta AEBetako langile eta enpresei bidezko tratua bermatzea
  • Erdialdeko, Ekialdeko eta Hegoaldeko Europako nazio osasuntsuak indartzea, merkataritza-loturen, arma-salmenten, lankidetza politikoaren eta kultura- eta hezkuntza-trukeen bidez
  • NATO etengabe hedatzen ari den aliantza gisa amaitzea
  • Gehiegizko ahalmen merkantilistari, teknologia-lapurretari, ziberespioitzari eta beste jardunbide ekonomiko kaltegarri batzuei aurre egiteko neurriak har ditzan bultzatu Europa.

joan mari beloki kortexarena

2025-12-17


Utzi iruzkina: