Honela ikusten du EB trumpismoak (eta II)
Hemen plazaratzen ditugun hausnarketak D.Trumpen “AEBen segurtasun nazionalaren estrategia berria” azken dokumentuaren inguruan egindako irakurketa patxadatsuaren ondorio dira. AEBek Europarekiko izan duten politika errotik aldatzea ekarriko lukeelakoan datza haren garrantzia.
Abiapuntutzat txostenak dio orain arte AEBetako arduradunek Europaren arazo nagusi gisa atal militarra eta ekonomikoa azpimarratu izan dituztela. D.Trumpek arrazoia eman die, lehenik, atal militarrari dagokionez, aurreko hilabeteetan NATOri egin beharreko ekarpen ekonomikoa Europako kide bakoitzari BPGren %5era igo beharra inposatzean. Bigarrenik, atal ekonomikoari dagokionez, txostenean lehen kezka bezala 1990ean munduko BPGren Europaren kuota %25 zena %14era jaitsi izana aipatzean. Galeraren erantzuleak EB eta transnazionalak direla dio txostenak.
EUROPAKO BATASUNA. Jarraian, behatza bete-betean sartzen du bere ustez Europak duen zauri handienean: zibilizazioaren hondamena. Otsailean, bere presidenteorde JD. Vancek Munitxen aurreratu zuen bezala, trumpismoa oso kritikoa da EBk daraman ildo politikoarekin eta JD Vancek adierazpen askatasun faltan ipini bazuen erru nagusia, orain txosten honek osatu egiten du hondamenaren zergatien zerrenda: askatasun politiko eta burujabetza ahulak, migrazio-politikak, adierazpen-askatasunaren zentsura, oposizio politikoaren errepresioa, jaiotza-tasen kolapsoa eta nazio-nortasunen eta beren buruarekiko konfiantzaren galerak. Zerrenda luzea, latza eta, seguraski, gehienok egiazkotzat sinatuko genukeena. Berriz ere EB eta transnazionalak azaltzen ditu erantzule gisa.
Aurreko guztiaren ondorioz, kezka handia azaltzen du EBren etorkizunaz, hogei urte barru “ezagutezina” izan litekeela oraingo bidetik jarraitu ezkero eta bere “fidagarritasuna” ez dela ziurra izanen. Esplizituki aipatzen ez badu ere, migrazio-politikei egozten die egoeraren erantzukizuna.
ERRUSIA. EBk bere buruarekin duen mesfidantzaren erakusle gisa aipatzen du Errusiarekin dituen “harremanak” eta europar askok “mehatxu existentzialtzat” jotzen duela Errusia. Hortaz, harrokeria puntu batez hornituta, AEBek konpromiso diplomatiko handia hartu beharko dutela dio. Batetik, EB eta Errusiaren arteko gerra ekiditeko eta, bestetik, “Eurasiako kontinentean egonkortasun estrategikoa” lortu ahal izateko. Aurrerago, helburu hauek eransten ditu: Ukrainako “liskarrak” amaitzea, Europako ekonomia egonkortzea eta Ukraina estatu bideragarria izatea.
Hori dena irakurrita, hainbat galdera dator burura azkar-azkar. Bat: Ukrainakoa amaitzeko berak armak bidaltzeari uko egitea aski bada, zergatik ez du behingoz hori erabakitzen? Bi: Eurasiako kontinentean egonkortasun estrategikoa lortu nahi badu, zergatik ez ditu serioski hasten Errusiarekin negoziazioak? AEB eta Errusia baitira bonba nuklear gehienen jabe.
EB-KO ARDURADUNAK. Ez da makala honela kalifikatzen dituen politikariei leporatzen dizkien akatsen zerrenda: Ukrainako gerrari buruz itxaropen ez oso errealistak izatea, oposizioa erreprimitzea demokraziaren oinarrizko printzipioak hautsiz eta gutxiengoen gobernu ezegonkorretan babestuz, europar gehienok nahi dugun bakea gauzatuko lukeen politikarik ez egitea eta prozesu demokratikoak asaldatzea. Hala ere, EB AEBetako oparotasunaren zutabeetako bat dela ziurtatzen du eta txostenak finkatzen dituen oinarrietako bat EB sendotzea.
Nor arduratuko da EBn politika berbideratzen? Argiki azaltzen du Europaren berpizkunde “espiritual” indartsua eragiten lagunduko duten aliatu politikoak, Europako alderdi subiranistak alegia. Hauek lagundu beharko diote Europari egungo ibilbidea zuzentzen. Europa lehiakorra helburu.
HELBURUAK:
- Errusiarekin segurtasun estrategikoa finkatzea.
- Europako herrialde burujabeak indartzea.
- Europa globalistaren aurka erresistentzia indartzea.
- Europarekiko merkataritza-harremanak estutzea.
- NATOren zabalkundea etetea.
ONDORIO NAGUSIAK: Helburu nagusia -eta ikusgarriena- Errusiarekiko harremanen normalizazioa litzateke dokumentu honetan. Txostenak baztertu egiten du Errusia handia Europako mendebaldetik bananduko lukeen zatiketa. Hortaz, zatiketak dakarren segurtasun arazo larriaren konponketa lehenesten du eta Europa osoa -Errusia barne- egituratuko duen helburu estrategikoa finkatzen du, egungo EB ordezkatuz.
Helburu honek berarekin dakar neoliberalismoaren eta globalismoaren aurkako jarrera. Europako herrialdeen burujabetza lehenesten du, herrialde bakoitzaren izaera eta kultura defendatuz. Burujabetzarekin lotuta, kulturaren aipamen errepikatuak globalismoarekin estu lotuta legokeen wokismoaren aurkako erreferentzia dirudi. Eta herri-nortasuna larriki kaltetzen duen egungo migrazio-politika ere. Etorkizuneko Europan konfiantza galtzea dakartzan elementuak.
Munduan badira burujabetza irmo defendatzearen bidetik aspaldi samar abiatu ziren herrialdeak, BRICS familian bilduta. Errusia eta Txinak gidatzen duten familia zabal honek, sistema politiko guztien gainetik, burujabetza, elkarrenganako konfiantza eta laguntza lehenesten duten herrialdeak biltzen ditu. Alemaniaren gainbehera aipatzen duenean, Txina eta Errusiaren aipamenak munduko beste bi polo indartsuak direla adierazi nahi duela dirudi.
Txostenak mundu poloanitzaren aldeko apustua egiten du eta egun oraindik desagertu ez den inperialismoaren aurkako jarrera erakusten du. Baina Amerikako kontinenteari buruz ari dela, garbi uzten du Monroe doktrinaren aldeko apustua berretsi egiten duela eta, hortaz, jarrera inperialistari eutsi egiten diola. Amerikako kontinentera mugatzen duen arren.
AEBen interes ekonomikoak babestearen aldera, ez dio uko egiten ere Europan politikoki eragiteari. Herrialdeen burujabetza sustatzen duten gobernu eta alderdi politikoak “aliatu politikotzat” hartzen ditu eta beren bitartez egungo Europako Batasuna aldatzea aldarrikatzen du. Herrialdeen burujabetzarekin batera, askatasun politikoa berreskuratzea litzateke helburu nagusia, adierazpen askatasunari eta prozesu demokratikoak zaintzeari garrantzi berezia emanez.
joan mari beloki kortexarena
2025-12-19

Iruzkinak
Utzi iruzkina: