Hauteskunde aurreko gogoetak
Irailaren 23an, Madrilgo Mari Carmen Abascal-i etxea kendu zioten. 87 urte zituen. Ez etxebizitzaren jabea zen putre-funtsak, ez epaileak, ez Madrilgo Gobernuak eta ez Estatuko Gobernuak izan zuten begirunerik berarekin eta kale gorrian utzi zuten. Etxegabetzeak osasunari eragin zion eta, fisikoki zubipean geratu beharrean, ospitaleratu egin zuten, non ongi zainduta gelditu zen, zorionez.
Mari Carmenek 70 urte zeraman etxebizitza horretan bizitzen. Etxean bizitzen jarraitzeko eskubidea irabazteko aski ez, nonbait. 500 € ordaintzen zuen etxetik bota zutenean. Putre-funtsak 2.650 €-tara igo zion errenta. Aurrerago 1.650 €-tan utzi zuen azken exijentzia. Mari Carmenek 1.450 €-ko pentsioa jasotzen zuen.
Herritarren elkartasuna Madrilgo Parlamenturaino iritsi zen. Eta han beren sakelak ongi gizentzen dituzten politikariek atzera bota zituzten etxebizitzen arazoa konpontzeko herri mugimenduak egin zizkien proposamen guztiak. Etxe dotore horretan tar-tar aritzen diren politikariek nahiago dute putre-funtsen negozioak ongi zaindu. Parlamentuko porrotari eta herri mugimenduak azaroaren 11rako deitu zuen grebari Pedro Sánchez presidenteak hauteskundeak deituta erantzun zien.
A-29, Madrilgo Gorteetarako hauteskundeak
Orain euskaldunok geure bozkarekin zer egin erabaki beharrean gara. Lehenik, gaur egun Madrilgo Gorteek zer lotura politikoa duten Euskal Herriarekin hausnartu beharko dugu. Eta berehala Konstituzioa deitzen den lege nagusiarekin eginen dugu topo. Horrek kokatzen baititu España agintari nagusi gisa eta autonomiak haren menpeko bigarren mailako errealitate politiko gisa. Eta multzo zabal horren barruan, Hego Euskal Herria bi puskatan zatitua. Eta bi puska horiek egitura politiko bakarrean elkartzeko eskuduntza euskaldunok ukatua. Hau ez dugu sekula ahaztu behar.
Hortaz, etsaiaren zelaian jokatzen dugu partida hau. Euskal Herriari burujabetza ukatzen dion erresumaren jauregian. Mari Carmeni eta bere egoeran bizi diren milaka pentsiodunei bizkarra eman dieten politikari putrelagun horien eremuan.
Euskal ordezkariak egunero joaten dira Gorte horietara, eta normaltasun osoz. Euskal Herriaren egoera normalizatuta balego bezala. Ahaztu egin al ditugu, akaso, 1959-2011 urte bitartean azken matxinadak utzi dituen arrastoak? Eta 1936-39 urteetan, gure guraso eta aitona-amonak guztiz markatuta utzi zituen gerra? Gorte espainiarretan egiten diren bilera guztietara joan behar al dugu, Estatua kudeatzen laguntzera? Estatuak gaur egun funtzionatzen duen moduan aberatsei bakarrik egiten die mesede, Estatua beraiek antolatu baitzuten eta beren interesak defenditzeko bakar-bakarrik. Ez dugu sekula ahaztu behar aberatsek, horien artean Mari Carmen hiltzera kondenatu zuten putre-funtsak eta adiskideek, alde batetik, eta langileek eta herritar arruntek, bestetik, interes kontrajarriak ditugula. Haientzat ona dena guretzat txarra. Eta alderantziz.
Ez da erraz ulertzen euskal ordezkariak otso beltzaren kobazuloan egunero sartuta nola ez diren gaizki sentitzen. Lekuz kanpo. Barruak estu. Gorteak botere faktikoek Estatua gidatzeko eratu zuten gune politikoa da. Besteak beste, rottweilerrak kateatzen diren bezala, Euskal Herria lotuta daukan katea estutzen duten neurriak babesteko. Babesteko diot, erabaki garrantzitsuak aurretik elite ekonomikoek eta gainerako indar faktikoek hartzen baitituzte. Eta duela hamarkada batzuk -eta mende batzuk ere- egin zuten bezala, orain ere ez dute gure aurkako zeinahi neurri hartzeko gupidarik izaten eta izanen.
Gure ordezkariak, neurri batean bederen, konplizeak dira, Estatua normaltasunez kudeatzen laguntzean, normaldu egiten dutelako Euskal Herriaren egungo egoera zapaldu eta ukatua eta euskaldunon aurka neurri errepresiboak hartu ahal izatea. Babes hori ematen dutelako dira onartuak egunero Madrilen. Hala eginen ez balute, azkar bidaliko lituzkete handik. 1989ko azaroaren 20an euskal ordezkari batzuk tiroz bidali zituzten bezala.
Taktika berria behar
Ezin gaitezke erregutuz joan, eskale moduan. Duintasunez joan behar dugu. Eta duintasunak guri nortasuna zapuztu nahian dabiltzan otso beltzen kobazulora tente joatea exijitzen digu, geure etxea geure kasa gobernatzeko dugun eskubidea tinko aldarrikatzera.
Ez dugu ogi-apurrik nahi. Ez dugu inperioaren aurrean geure burua umildu nahi. Burujabetza berreskuratu nahi dugu. Baina, zeregin horretan, euskaldunok oso makal ari gara, geure mobilizazio maila hutsaren hurrengoa baita.
Agian, oso bizkor joateko, orain ez dugu haizea geure alde. Baina oso litekeena da Europako Batasunaren egitasmoa zapuztea eta luze gabe bertan behera geratzea. Orduan abagune berria izanen dugu, non burujabetzaren aldeko haizeek gogor joko duten. Une hori iristerako ongi prestatuta egon behar dugu. Eta prestatuta egoteak mobilizatuta esan nahi du. Masiboki, etengabe mugimendu jendetsuak eginez.
Nazioa gara, gure etsaiek Konstituzioan jasota duten bezala. Eufemismo bat erabiliz onartzen dute, nazionalitate hitza aipatuz, baina azken batez aitortza garbia da. Presidentearen alderdiak Estatua nazioaniztuna dela du jasoa bere estatutuetan. Beraz, espainiarrek onartua dute errealitate politiko eta kultural ezberdina garela. Ba, guri aitortza hori praktikara eraman dezaten exijitzea dagokigu orain. Nazio Batuen Erakundearen Gutunean 1.2 eta 55. artikuluetan jasota dagoen autodeterminazioaren bidetik.
Euskaldunok ez dugu zertan joan Gorteetan egiten diren bilera guztietara. Ezta osoko bilkura guztietara ere. Burujabetzaren aldarrikapena berritzera azaltzea aski da. Gorte horietan geure azalpenak zerbait garrantzitsua bezala irudikatu behar ditugu. Mezu garrantzitsua zabaltzera doazen enbaxadore gisa aurkeztu behar dute aldiro euskal ordezkariek.
Sánchezek gidatu duen Gobernu honek zortzi urte izan du Estatu nazioaniztun gisa aitortua daukanari egitura federala, konfederala edo autodeterminazioan oinarrituaren aldera urratsen bat emateko. Baina pausu txiki bat bera ere ez du eman. Eta euskaldunon ordezkariak mutu. Egoera horrek ezin du jarraitu. Mugitzeko garaia iritsi zaigu eta mugimenduak behe-behetik hasi beharra du. Gainerakoan, egunero moketaren gainean dabiltzanak ez baitira mugituko.
Helburu estrategikoei bere horretan eutsi behar diegu. Independentzia eta burujabetza. Eta ezkerreko politika lehengo zentzuan garatuz. Alegia, aberatsak borroka bitartez soilik behartuko ditugula orain ukatzen digutena ematera sustatuz. Taktikoki 180ºtako biraketa egin behar dugu. Azken zortzi urteetan, ez taktikoki eta ez estrategikoki, ez dugu aurrerapausorik eman. Fase berri bat diseinatu behar dugu, non hamarka mila herritarren mobilizazio etengabea izanen den oinarria. Estatuarekin talka egin behar da. Bestela gureak eginen du eta jota geratuko gara. Hurrengo belaunaldien eskuetan ezin dugu Euskal Herri makal eta triste hau utzi. Historian zehar, aurrekoek ongi erakutsi ziguten bezala.
Azaroaren 29rako aukerak
1. Abstentzioa. Lehenik bozka eman ala ez erabaki beharko da. Nahitaez eman behar al da bozkaren bat? Ez, horixe. Bada bozkarik ez emateko nahikoa arrazoi. Adibidez, Espainiak antolatu digun sistema ez onartzea. Batetik, kapitalista delako, bere baitan Mari Carmen asko daukalako odola azken tantara arte zurrupatzen. Bestetik, burujabetza ukatzen digulako eta epe motzean autodeterminazioaren atea zabaltzeko zirrikiturik ikusten ez diozulako.
2. Bozka zuria. Zuria emateko aski da hautetsontzian sobrea hutsik sartzea. Bigarren aukera bat sobrean paper zuria sartzea da. Bi era hauek boto zuritzat hartzen dira. Ba al du zentzurik bozka mota honek? Bai, noski. Zuk aktiboki hartu nahi duzu parte, baina ez duzu gustuko hautagaitzarik aurkitu. Boto zuria emanda, hauteskundeetan parte hartu duzu eta ez diozu inori bozka eman.
3. Bozka baliogabea. Modu bat da betidanik, edo azken aldian, aukeratu izan duzun hautagaitzari bizkar eman nahi izatea eta hori bere bozka-txartelean errotulagailuz X handi bat eginda azaldu nahi izatea. Hautagaitzako jendea, txartela ikusita, norbaitek zigortu egin nahi izan duela ohartuko da.
4. Hautagaitzaren bati bozka ematea. Independentziaz mintzatzen diren euskal alderdien artean bi aukera daude bakarrik, EAJ eta EHBildu. Bata ala bestea hautatzekotan, aurrez Madrilen zertan ezberdindu diren aztertu beharko da.
joan mari beloki kortexarena
2026-10-14

Iruzkinak
Utzi iruzkina: