HASTEKO ... KIROL SELEKZIOAK

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-11-24 19:18

belokijmari@gmail.com 1700849998582

Irudimenari lana jartzea ona delakoan, estatu plurinazionala abiarazteko bidean euskal parlamentariak Pedro Sánchezekin nondik has daitezkeen negoziatzen jarri nintzen pentsatzen paseatzeko giro ederra zen egun batean. Hezkuntzaren arlo osoa eskatuz? Tira, curriculum osoa Euskal Herritik bertatik finkatzeko ongi legoke. Mozal legea ezabatzea proposatuz? Bake ederra izanen lukete gazteek eta disidenteek beren konpromisoetan jardutean. Lan erreforma ezabatzetik? Hezkuntzaren kasuan bezala, urrats garrantzitsua izan litzateke tirabirak euskal eragileen artean konpontzeko eta, orohar, langileen eskubideak hobeki zaintzeko. Euskal instituzioen mende ez dauden poliziak militarrekin batera joan daitezen eskatuz? Ene!, lehen pausua izateko, ez litzateke samurrena izanen, ez horixe. Eskoziaren ereduari jarraituz, adostutako erreferenduma mahaigaineratzetik? Ai, ama! haientzat berehalako independentzia eskatzea bezalakoxea da; aurrerago hobe. Euskararekiko hizkuntza-politika osoa gure esku gera dadin eskatuz? Oraindik euri pixka bat gehiago egin beharko du eremu horretan zerbait serioa adostu ahal izateko. Arraioa!, lehen urratsak hainbesteko lana ematen badu, zenbatekoa emanen dute gainerakoek?

Negu gorrian gauden arren, udazken giroko haizea dastatuz noa. Halako batean, bonbillatxo bat piztu zait garunean, hor nonbait, eta hau irakurri dut burmuineko txoko batean gordeta neukan apunte batean: “Espainiako presidentea gure botoen beharra duen egunen batean, kirol selekzioen ofizialtasuna kudeatzeko eskumena oso-osorik gure esku geldi dadin erreklamatuko diogu”. Ideia polita iruditu zait eta hausnartzen hasi naiz. Sánchezek parlamentuan gehiengo osoa alde duenez, behin gehiengo horrek irtenbidea adostuta, arlo politikotik ez luke arazo berezirik izan behar. PP-VOX bikoak ohiko kirtenkeriak botako ditu -enegarren aldiz Espainia hautsita ikusiko baitu- eta Ferraz kalean berriz errosario santua errezatzera mugatuko da.

Indar faktikoak

Espainian, gai honi dagokionez, une honetan arazo handienak arlo politikotik aparte ikusten ditut nik. Estatuan indar faktikoek agintzen dute askotan -ia beti esan liteke- eta horiei erreparatu beharko diegu. Lehenik indar ekonomikoei begiratuko diegu, noski. Banketxeek, burtsako inbertsoreek, multinazionalek, putre-funtsek, finantza-merkatuek eta egun kapitala gobernatzen duten enparauek deus galduko al dute kirol selekzioak gure esku utzita? Ez dirudi haien sakeletan zulo berririk eraginen liekeenik. Beraz, lasai alde horretatik. Ez da gutxi.

Eliza Katolikoak bere kardinal eta apezpikuak jarriko al ditu pulpitutik aurkako sermoiak botatzen? Eliza horrek isilik gelditzeko hamaika arrazoi ditu. Hobe dute zaunka ez egin. Armada? Hauek nahiko entrenituta daude mundu osoan barna bidaiatzen: Libanon, Kolonbian, Letonian, Turkian, Iraken, Somalian, Senegalen, Mozambiken... Hauek ez dute eztulik eginen. Epaileek? Hara!, azaldu zaigu lehen hartxintxarra zapatan. Erne hauekin! Hauek badute amnistiarekin, CGPJ delakoarekin … nahiko buruhauste eta ez lukete arreta kirol arloan jarri behar. Hala ere, gauden erne.

Gose punttu batekin ari naiz eguneroko paseotxoa amaitzen. Eta pozik nora bazkaltzera, orain arte ez baitut arazo gaindiezinik aurreikusi. Euskal Herri osoan poz handia sortuko lukeen gaia gero eta gauzagarriago ikusten dut. Baina, halako batean, helburua lortzeko bidean zapatan sortuko zaigun bigarren hartxintxarra: gaia bapo katramilatuko digun komunikabideen multzo erraldoia. Madrilen mugitzen diren Espainia urdinaren dozenaka bozemaile horiek … horiek bai hasiko direla zaunkaka, lerde pozoitsua dariela, harrapatzen duten mundu guztia hozkatu nahian. Zarata, buila eta zalaparta nahikoa ziurtatuko digute, parlamentari guztiak gogaituko dituzte, Gobernukideak ito arte inguratuko dituzte, egunkarietan orri osoak beteko dituzte, irrati eta telebistetan orduak emanen dituzte … denok ongi aspertu arte. Baina lehengo La Pitusa gaseosari bezala gertatuko zaiela iruditzen zait, hasieran danbatekoa bai baina poliki-poliki indarra joan eginen zaiela, behin lege berriak Parlamentuko bidea agortu ondoren etsiak hartuta geratu arte. Beraz, hauekin pazientzia beharko da.

Kirol selekzioen gaia luze gabe adostuta eta abiarazita egon litekeela sinetsita, pozik eseri naiz bazkaltzera. Komunikabideetan burrunba dezentea jasan beharko dugu, baina azkenean garaile izanen garelakoan pozik entzunen dizkiegu zaunka, orro, ulu, arrantza, karraka, zurrunga eta marruma guztiak. Bai horixe!

joan mari beloki kortexarena

2023-11-24an idatzia

2024-02-18an egokitua


Utzi iruzkina: