Oreshnik askatu!

Pepe Escobar munduan oso ezaguna den analista politiko brasildarra da, besteak beste oso informazio iturri onak dituelako. Ekainaren 6ko azken iritzi artikuluan Ukrainak Errusiaren hegazkin estrategikoei egindako erasoak aztertu ditu. Erasoei erantzuteko, Moskuko jende informatua Oreshnik erabiltzearen aldekoa dela dio. Halaber, Errusiak erantzun gogorra ematen badu, Hego Globalean lagun asko gal lezakeela. Baina erantzuna motela bada, herritarrak haserretu egin daitezkeela. Artikulua laburtu egin dut. Osorik irakurri nahi duenak esteka amaieran du.
“Oreshnik askatu!” zen Mosku informatuaren gogoa, Errusiaren eta Ukrainaren arteko Istanbulgo “negoziazio” kabukiak (kabukia Japoniako antzerki mota bat da, nire oharra da hau) hasi baino ordu gutxi batzuk lehenago. Funtsezko hiru puntu:
- Errusiako hegazkin bonbaketari estrategikoen aurkako erasoa —triada nuklearraren zati bat— AEBek eta Erresuma Batuak batera eginiko operazioa izan zen. MI6 britainiarrak bereziki.
- Argitu gabe geratu da Trump jakinaren gainean zegoen ala ez. Kremlin eta segurtasun zerbitzuak aukera guztiak ikertzen ari dira, bereziki azken erabakia nork hartu zuen.
- Bada herri kontsentsu ia unibertsal bat: Oreshnik misilak askatu!
Ez zen deus politikoki funtsezkorik eztabaidatu, presoen trukea soilik. Medinskyk ukrainarrei eman ziena, de facto bide-orri baterako memorandum bat zen, su-etenaren baldintzetarako bi aukera eta 31 puntu zituena, horietako asko Moskuk duela hilabete batzuk zehaztasunez adieraziak.
Adibidez: su-etena egiteko lehen aukera Ukrainako armada Donetsk, Luhansk, Jerson eta Zaporozhietik erabat atera beharko litzateke 30 egunetako epean; Krimea, Donbass eta Novorrusiaren nazioarteko onarpena Errusiaren parte gisa; ukrainar neutraltasuna; hauteskundeak eta ondoren bake itunaren sinadura, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ebazpen baten bidez onartua; eta betoa arma nuklearrak jaso eta hedatzeari.
Kievek, bera kontrolatzen duten erakunde neonaziek eta Mendebalde kolektiboaren laguntzaile gudazaleek ez dute inoiz horrelakorik onartuko. Beraz, Operazio Militar Bereziak aurrera jarraituko du. Seguruenik 2026ra arte. Baliteke Istanbuleko kabukiaren hurrengo bilera ekainaren amaieran izatea.
Lavrov kantzilerrak behin eta berriz esan duen bezala, dena guda-zelaian erabakiko da.
Nola suntsitu New Start ituna
Errusiak behin baino gehiagotan argitu du zergatik utzi zituen babesik gabe bere hegazkin bonbaketari estrategikoak aireportuan. Izan ere, 2010ean sinatu eta datorren urtera arte indarrean dagoen New Start Itunaren (arma estrategikoak murrizteko ituna) baldintzetako bat baita.
Start Berriak dioenez, hegazkin bonbaketari estrategikoek ikusgai egon behar dute "estatu mailako egiaztapen teknikorako bitartekoek, sateliteek adibidez, kontrako alderdiaren jarraipena egin ahal izan dezaten". Beraz, beren estatusak egiaztagarria izan behar du beti. “Ustekabeko” lehen eraso baterako aukerarik izan ez dadin.
Operazio honek (Amaraun operazioak), orain arte Hirugarren Mundu Gerra hastea ekiditea ahalbidetu duen Gerra Hotzaren erlikia izan dena bortxatu du. Hori dela eta, ez da harritzekoa Errusiako boterearen zuzendaritza buru-belarri lanean aritzea Trump jakinaren gainean zegoen ala ez zehazteko. Eta ez bazegoen, nork hartu zuen erabakia?
Segurtasun iturri batek esan zidan Marco Rubio Estatu idazkariak Lavrovi deitu ziola bere doluminak emateko Brianskeko trenbide zubiaren aurkako eraso terroristagatik. Hitzik ere ez hegazkin bonbaketari estrategikoei buruz. Aldi berean, base errusiarren aurkako erasoak jarraitu zituen denbora errealean.
Jasandako galera horiek, mingarriak badira ere, ez dute eraginik izanen Errusiaren hurrengo aire-erasoetan.
Estrategia ebaluatzen
Lerro hauek idazteko unean ez du argi berderik jaso Errusiaren erantzun suntsitzaileak. Urrats hau oso serioa da. AEBetako presidentea jakinaren gainean ez bazegoen ere. Hori da Kremlinek eta segurtasun zerbitzuek argitu nahi dutena, Kieven gaineko infernua piztu baino lehen. Edonola ere, oso argi dago NATO, AEB, Erresuma Batua eta aurrekoak zuzentzen dituen CIA/MI6 inteligentzia-bikoaren inplikazio zuzena. Eta Ukrainarena, noski, Start protokoloa deuseztatzen.
Trumpek eraso horiek baimendu baditu, Estatu Batuek Errusiari gerra deklaratu diote. Seguruenik, hala ere, Washingtongo leku ofizial pribilegiatuetan ongi kokatuta dauden neokontserbadoreek egin izan dute.
Joan den maiatzean alerta goiztiarreko radarrei egindako erasoak bezainbeste, hegazkin bonbaketari estrategikoei egindako erasoek Errusiako sistema zulatu dute, lehen eraso nuklear baten inhabilitazioa eragiteko.
Iturri batzuek kontu handiz baieztatu zuten bezala, errusiar boterearen gailurrean nagusitu den interpretazioa da erantzun gogor bat —nuklearra ziurrenik— behartzeko publizitate operazio bat izan dela, Mosku Istanbulgo bileretatik erretiratzearekin batera.
Orain arte, ohikoa erantzuna eman da: erabateko isiltasuna, ikerketa zabala eta Istanbuleko bilerekin jarraitzea.
Baina ez dago zalantzarik eman beharreko ezinbesteko erantzunak estrategia gorena eskatuko duela. Erantzuna Errusiako doktrina nuklear eguneratu berriarekin bat badator, Hego Globalaren babes ia osoa galtzeko arriskua du Moskuk.
Erantzuna epela bada, etxeko kontraerasoa izugarria izanen da. Adostasun ia unibertsala dago "Oreshnik misilak” erabili beharraren inguruan. Iritzi publikoa nazkatzen ari da eraso terrorista serialen objektu izateaz. Zorigaiztoko erabakiaren ordua atzeratzen ari da.
Horrek azken dilemara garamatza. Hirugarren Mundu Gerra eragin gabe Mendebalde kolektibo gudazaleari nola irabazi.
https://misionverdad.com/traducciones/liberen-los-oreshniks-sobre-los-ultimos-ataques-ucranianos
joan mari beloki kortexarena
2025-06-08
Iruzkinak
Utzi iruzkina: