GUDARA GARAMATZATE
Europako Parlamenturako ekaineko hauteskundeek mezu argi bat bidali digute: europarrok ez dugu gudarik nahi. Ukrainakoa bukatu egin behar da eta ardura politikoa dutenek lehenbailehen eman behar dituzte horretarako urratsak. Frantzian Macroni eta Alemanian Scholzi ultraeskuina aise gailendu zaie eta arrazoi nagusia Ukrainako gudan datza: aipatu bi presidenteak -Macron bereziki- guda indartzeko etengabe urratsak ematen aritu dira eta ultraeskuinak, aldiz, aurkako jarrera erakutsi du.
Gudaren aurkakoak irabazle
Ultraeskuinak ezkerraren lekua hartu du arazo honetan. Historikoki ezkerra guda guztien aurka nabarmendu izan da, eskuina gudazale azaldu den bitartean. Baina aspaldi honetan ezkerra oro har ez da mobilizatu -Irakeko gudaren garaian manifestazio itzelak egin ziren- eta ez du aurkako jarrera tinkoa erakusteko ekimenik gauzatu. Ultraeskuina tinkoagoa izaten ari da bakearen frontean.
Desideologizazioa egungo gizartean handia da eta hauteskundeetan jende gehienak hautua ez du ideologiagatik egiten. Herritarrek beren eguneroko arazoei erantzun positiboa ematen diena saritzen dute eta, kasu honetan, Ukrainako guda amaitzearen aldekoak izan dira sarituak. Frantzia eta Alemania aipatu ditugu zigortu bezala, baina Belgika eta Holanda ere erants ditzakegu zerrendara. Viktor Orban Hungariako presidenteak, ultraeskuindar etiketa duen eta gaur egun guda bukatzearen aldeko ahots tinkoena Europako Batasunan, bere herrialdean irabazi egin duela ahaztu gabe. Gogoratuko dugu ere gudaren aurka azaldu eta tirokatua izan den Robert Fico Eslovakiako presidenteak %15etik %24ra igo dituela bere botoak.
Elite ekonomikoak izututa Errusiaren garaipenarekin
Macronek hartu duen jipoiaren ondoren dimititu egin beharko luke, koherentzia politikoagatik. Baina hori egin beharrean Parlamentua desegin du. Galera handiaren erruduna bera ez balitz bezala. Scholzi ere ez diogu ardura politikoak utziko ditueneko hitzik entzun. “Errusiak ezin du guda hau irabazi” errepikatzen digu behin eta berriz Jens Stoltenberg NATOren buruak. “Europa hiltzeko arriskutan da” eta “Errusia da Europarako mehatxu handiena” diosku Macronek. Zer esan nahi du honek guztiak? Ba, herritarrek bidali dieten mezuari baino garrantzia handiagoa eman dietela guda bultzatzeko agindua eman dieten aurpegigabe horiei, inoiz hauteskundeetara aurkezten ez diren baina ederki agintzen duten elite ekonomikoei alegia. Hauen interesak hobeki ulertuko ditugu BlackRock putre-funtsak dagoeneko Ukrainako lur aberatsen %24 erosia duela jakinda.
Bakea hitza Europako Batasunako politikoen ezpainetatik desagertu egin da. Von der Leyen eta Borrelli ez zaie hitz hau sekula entzuten. “Bake” hitza “guda” hitzarekin ordeztu dute. Izan ere, Errusia Ukrainan lortzen ari den garaipenarekin elite korporatiboek egungo sistema ekonomikoa arriskutan ikusten dute eta Errusiako sistema ekonomikoak neoliberala ordezkatuko ote duen beldur dira. Errusian estatuak kontrolatzen baitu ekonomia neurri handi batean, oligarka ugari botereguneetatik bota eta gero. Errusiak gero eta adiskide gehiago dauka munduan -eta Europako mendebaldean ere- eta bere sistema zabaltzea aurreikusten dute guda irabaziko balu. Europako mendebaldeko elite ekonomikoak izututa daude.
Probokazioak eta pazientzia
Europako Batasunako arduradun politikoek guda honetan jauzi kualitatiboak ematen jarraitzen dute. Berriki Errusiari 50.000 milioi euro ostu eta Ukrainara bidaltzea erabaki dute armatan inbertituak izan daitezen. Poloniak eta Errumaniak Ukrainarekin dituzten mugetan F16 gerra-hegazkinak pilatzen hasi dira. Vladimir Putinek ekainaren 14an bakea negoziatzen hasteko proposamena egin zuen eta Suitzan Zelenskiren inguruan bildutakoek aho batez errefusatu zuten. Ez dute bakearen mezua entzun nahi. Gudarako prestakizunak hor jarraitzen du eta Europa osora zabal liteke epe motzean.
Hamaika dira Errusiari dagoeneko egin dizkioten probokazioak. EBko politikoek isilean gordetzen badituzte ere, aspaldi ari dira egunero misilak Errusiako lurretara bidaltzen zibilen heriotzak eraginez. Ukrainako armadaren bonba hauek ez dute helburu militarrik izaten. Bi urte luze hauetan hildako zibilen kopurua milatik gorakoa da. Azken boladan, frontean errusiarrak erraz nagusitzen ari direnez, areagotu egin dituzte zibilen gaineko bonbardaketak. Moskun 150 errusiar hil zuten kontzertu batean. Kremlinera droneak bidali dituzte. NATOko soldaduak hasi dira Ukrainara bidaltzen. Misil nuklearrak detektatzeko radar estrategikoetara misilak hiru aldiz bidali dituzte. Errusiarren pazientzia handiagatik dagoeneko ez dugu guda Europa osora hedatuta, baina pazientzia noizbait agortu eginen zaie. Erantzunen dutenean guda errusiarren erruz piztu dela entzun eta irakurriko dugu komunikabideetan. Euskaldunok ere inplikatuta gaude, Pedro Sánchez presidenteak bete-betean sartu baikaitu guda honetan armak eta dirutza Ukrainara bidaltzean.
Komunikabideen inplikazioa
Komunikabideak ere inplikatuta daude giro gudazale honen susperraldian. Ados daudelako edo beldurragatik, ez dira bakearen aldeko mezuak igortzen ari. Hortaz gain, zabaltzen duten informazioa desitxuratu egiten dute. Lerro hauek idatzi bitartean ETBk esan digu Errusiak ez duela parte hartu Suitzan egiten ari diren “Bakearen Gailurra” oker deitutako horretan. Ahaztuta edo, ez digu esan Errusia ez dela gonbidatua izan. Errusiarrak ez direla inplikatzen bakearen dinamikan pentsatzera eraman nahi gaitu entzuleak.
Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak esan berri digu “mendebalde” deituak uste duela Errusiak sekula ez duela bonba nuklearrik erabiliko. Ez duela adorerik izanen. Baita NATOko agintariek Errusiaren aurka garaipen erraza ikusten dutela ere eta horrek bultzatzen dituela NATO eta EB guda indartzera. Berak garbi ikusten du hilabete gutxi barru guda Europa osora zabalduko dela eta, hori dela medio, Serbiako petrolio eta elikagaien erreserbak handitzeari ekin dio.
Guda Europa osora zabalduko?
Hil ala bizikoa bihurtu dute guda hau, eta galtzailea desagertu eginen da. Errusiak galtzen badu, bere baitan sendo txertatuta dauden nazio eta errepublikak puzzle baten piezak bezala sakabanatuko dira. NATOk galtzen badu desagertu eginen da eta Europako Batasunaren politika eta politikoak goitik behera aldatuko dira. Ukrainako guda hau gaur egun existentziala bihurtu da bi aldeentzat.
Mundu osoa azaroaren 5era begira dago. Egun horretan hautatuko baita AEBetako hurrengo presidentea. Bitartean garbi dago Errusiak gogor erantzun dezan Bidenek haren gaineko presioa handitzen jarraituko duela. Hainbat analistak dioenez, Errusiak gogor erantzunen balu Bidenek hauteskundeak bertan behera utziko lituzke eta presidente izaten jarraituko luke nahi adina denboran, Zelenskik Ukrainan egin duen bezalaxe. Trump faboritoak ezin lezake deus egin neurri hori ekiditeko. Errusia guda aise irabazten ari da eta ez dirudi estatubatuarrek bilatzen duten erantzun gogor hori eginen duenik. Baina soka oso tenkatuta dago eta inork ez daki noiz hauts litekeen.
Kasu guztietan irabazle suertatuko dena industria militarra izanen da. Herritarrok beti galduko dugu. Diru asko ziur. Zenbat bizi? Espero dezagun Errusiak orain arte erakutsi duen pazientziari eustea eta guda Ukrainatik Europa osora ez zabaltzea.
joan mari beloki kortexarena
2024-06-27an egokitua
Iruzkinak
Utzi iruzkina: