Globalismoa ala inperialismoa?

Karl Marx eta marxismoa aspaldi desagertu ziren komunikabide nagusietatik. Orain gutxi arte gizartearen errealitatea modu zientifikoan aztertzeko metodologia zuzen eta egokia zena egun informazioaren mundutik desagerrarazi digute. Inork okerra, desegokia edo ez zientifikoa denik erakutsi ez duen arren. Gaurko bideoan Britainia Handiko Alderdi Komunistaren liderretako bat den Joti Brar ezagutzeko aukera dugu. Marxismoak bizirik dirauela defendatzen du eta egungo errealitatea aztertzeko duen baliagarritasuna azaltzen digu.
Marxismoak gaitasun izugarria du bizi garen mundua azaltzeko. Bizi garen sistema kapitalistaren azterketa zientifikoa ahalbidetzen duelako. Ondo baino hobeto azaltzen du sistema kapitalistaren funtzionamendua, etekinak lortzeko ondasunak ekoizteko modua. Enplegatzaileak eta enplegatuak, jabeak eta soldatapekoak, kapitalismoaren menpeko gizartea osatzen duten klase nagusiak dira.
Munduko merkatua monopolista-kapitalista-inperialista bihurtu zen duela 100 urte baino gehiago. Leninek inperialismoaren behin-betiko definizioa idatzi zuen. Berak erakutsi zuen kapitalista bihurtu ziren herrialde gutxi batzuek beren kapital erreserbak hainbesteraino garatu zituztela, non kapitala esportatu behar izan zuten errentagarritasuna mantentzeko. Hori munduko gainerako herrialdeekin egin ahal izan zuten, ekonomikoki eta teknologikoki aurreratuagoak zirelako. Eta lehengaien eta irabaziak lortzeko iturri bihurtu zituzten. Mundu osoan zehar hedakuntza kolonialaren aroa izan zen hau.
Mundu osoa merkatu kapitalista erraldoia bihurtu zen. Eta une horretan inperialismoaren sisteman txertatuta dauden kontraesanak azaleratu ziren. Masak pobretu ziren, baina produkzioa etengabe handituz joan zen. Aberastasun hori ekoitzi duten pertsonek sortutako aberastasunaren oso proportzio txikia jasotzen badute, gainprodukzioaren krisia sortzen da. Honela, ekoitzi diren ondasunak ezin dira saldu, haiek erosteko behar den jendea pobretu egin delako. Merkatua murriztu egin da eta produzitutako ondasunak, berriz, handitu.
Lehen herrialde kapitalistak munduko gero eta zati gehiago konkistatuz eta haien merkatuak gero eta handiagoak bihurtuz atera ziren krisitik. Baina mundu guztia konkistatu ondoren, nola atera krisi horretatik, zabaltzeko lekurik ez badago? Beste norbaiten kontura egin behar da. Honela sortu zen Lehen Mundu Gerra. Potentzia inperialisten arteko borroka izan zen, planetako zati gehien nork kontrolatuko zuen erabakitzeko.
Horren ondoren dinamika ezberdina sortu zen. Gerra masiboen bidez inperialismoak bere burua ahuldu zuen heinean, Sobietar Batasunaren bidez botere sozialista agertu eta indartu zen.
Inperialistak munduko potentzia kapitalista nagusiak dira eta beraiek garatu zuten kapitalismoa. Denborarekin hazten jarraitzen duten kapital-erreserbak dituzte, beren helburu nagusia kapital hori haztea baita. Mundu osotik aberastasuna eskuratzeko tresna da kapitalismoa.
Zergatik dago hainbeste herrialde garapenean atzeratuta? Zergatik dago hainbeste jende pobre, nahiz eta baliabide natural ikaragarriak dituzten herrialdeetan bizi? Zergatik ezin dute aurrera egin eta garatu? Nahita galarazten zaie, beren baliabideak kontrolatzea galarazten zaie, hazten jarraitzeko baliabide horiek beharrezkoak direlako Mendebaldeko kapitalarentzat. Kapital-funts horiek ez lirateke haziko jendeak bere baliabideen kontrola hartu eta bere ekonomia propioak garatzeko erabiliko balitu.
Marxismoa eta Ukrainako gerra
Nola uztartzen da analisi hori Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran? Sistema kapitalista globala gainprodukzio krisi ikaragarrian dago eta bere burua salbatu nahian ari da etsi-etsian. Gerraosteko adostasun sozial demokrata, biztanleria osoa erosteko amarrua izan dena, amaitu egin da. Mendebaldean ere masak oso azkar pobretzen eta degradatzen ari dira. Kapitalistek, inperialistek, ezin dute egoera horretatik atera gerraren bidez ez bada, arerioak konkistatu eta desegin egin behar baititu.
Orain badugu, Urriko Iraultzari esker, aske izaten saiatzen diren nazio sozialista eta antiinperialisten bloke bat. Inperialismoaren gainbehera eta sozialismoaren sorrera ikusten ari gara. Prozesuak ez du bide zuzenean aurrera egiten, baina borrokan ari diren indarrak, nahiz eta ez diren konturatzen zeinen alde ari diren, inperialismoaren aurka egiten badute, sozialismoaren indarrei laguntzen ari zaizkie sistema inperialista ordezkatzen.
Errusiaren aurkako gerrari erreparatzen badiozu, Errusiaren baliabideak kontrolatzeko eta herrialdea subirano eta antiinperialista mantentzen duen Errusiako gobernua botatzeko gerra da. Hori bai, gobernu kapitalista da, ez da gobernu sozialista. Boris Yeltsinen ondoren iritsi zen gobernua da. Presidente hau Errusia Mendebaldearen kolonia bihurtzen ari zen. Baina Errusiako burgesia nazionalistak esan zuen: "Sozialismotik lortu dugu industria duina, hezkuntza duina, azpiegitura duina… Horrek guztiak Sobietar Batasunaren erorketaren ondorioz kalte larriak jasan baditu ere, geure kabuz moldatzeko baliabideak, ezagutza eta gaitasuna ditugu eta ez gaude prest herri menperatua izateko, gure aberastasuna Mendebaldeko kapitalaren eskutan uzteko”.
Errusiak bere interesak defendatu ditu eta hori inperialistentzat ez da onargarria. Beste herrialdeekiko salerosketatik lortzen duten etekina ez dute aski. Etekin handiena arpilatzetik lortzen dute eta hori behar dute sistema orekatzeko. 1991n Sobietar Batasuna erori zenean egin zuten bezalako arpilatzea behar dute. Sistema kapitalista globala une horretan ere krisi sakonean zegoen eta Sobietar Batasunaren baliabideak arpilatzearekin lortu zuten behin-behinean egonkortzea. Orain Ekialdeko Europa kolonia bihurtu da funtsean. Baina Errusiak prozesu hori gelditzeko, itzultzeko eta burujabe izateko indarra eta ahalmena izan du.
Hori onartezina da Mendebaldearentzat eta horregatik daude hain asaldatuta eta elkar hartuta Errusia suntsitzeko. Zatika hautsi nahi dute Errusia, ondoren zatitxoak elkarren aurka jartzeko. Jaun goren gisa agertuko lirateke, Errusiar Federazioaren aberastasun izugarria modu eraginkorragoan arpilatzeko. Hori da beren helburua. Garaipena behar dute gerra honetan eta hori ez lortzeak amorrura eta etsipenera daramatza.
Globalismoa ala inperialismoa?
Marxismoak mundua azaltzen digu. Eta horrek langile klasearentzat oso tresna eraginkorra bihurtzen du. Horregatik, oso zientifikoak eta zehatzak diren termino marxisten erabilerari bizkar ematera bultzatzen gaituzte. Klase borroka eta esplotazioa ulertzen laguntzen du, eta askatzeko eta gizarte sozialista bat sortzeko langile klaseak behar dituen tresna eta ulermena ere. Hori oso mehatxagarria da klase menderatzailearentzat. Horregatik saiatzen dira esaldi alternatiboak sortzen. GLOBALISMO terminoa erabiltzea mozorrotzeko modu bat da, munduan gertatzen ari den INPERIALISMOA ordezkatzeko. Honek klase-borroka aitortzea dakar eta kapitalismoa ez dela historiaren amaiera onartzea. Aurrerago, sozialismoak ordezkatuko baitu. Jendea horretara sartzea oso arriskutsua da sistemarentzat.
https://www.youtube.com/watch?v=PMWKbK_tI4U&ab_channel=NeutralityStudiesEspa%C3%B1ol
joan mari beloki kortexarena
2025-07-02
Iruzkinak
Utzi iruzkina: