“Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek” (II)

“Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek” (II) EUSKAL HERRITIK | 2026-07-10 15:14

“Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek” (II)

A.Z. Gai honetaz (transaktibismoaz) ez zen hitz egiten duela 15 urte. Orain kasuak milaka bider ugaritu dira.

J.E. Ikerketa guztiek adierazten dutenez, sexuz aldatzeko esku-hartze medikoren bat eskatzen duten neska-mutilen artean, biztanleria orokorrean baino proportzio handiagoan ematen dira aurretiko arazoak. Arazoak izan ohi dituzte pertsonen arteko harremanetan, zailtasunak ohiko talde sozialetan… eta arazo horiek urtebete edo bi geroago, sexu heziketa integraleko ikastaroa jasotzean, begiak irekitzen zaizkie. Guk ez dugu ukatzen nerabe askok beren gorputzarekin sentitzen duten ondoeza. Baina horrek ez du esan nahi arrazoi dutenik sare sozialetan entzun duten larritasun horren azalpena errepikatzen dutenean. Bat-batean entzuten dute nerabezaroa hautazkoa dela, nerabe izanen dela hala nahi badu… Eta influencer bat agertuko da kontatzen diona ez zuela nerabe izan nahi eta hilekoa etortzea, bularrak haztea eta abar eragotzi zituela, nerabezaroa gelditu zuela alegia.

Pentsa zer den hori 12 urteko neskentzat, arazo horiek oso ingurune aztoratuan larritasunez bizitzen ari direnentzat. Benetan izugarria da. Gainera, adin txikiko batek haurtzarotik historia psikiatrikoa duenean, 14 urterekin bat-batean mutila dela konturatu dela esaten duelarik, berehala bere espedientea tiradera batean gorde eta jaio zenetik gertatzen ari zitzaion guztiaren zergatia dagoeneko argitu dela esaten da. Mutila zela eta horregatik izan dituela aurretik diagnostikatutako arazo guztiak. Hori azalpen zentzugabea da.

Fenomeno sozial, psikologiko, baten aurrean gaude. Psikologikoa den guztia soziala da. Dena kutsatze sozialaren bidez ikasten baitugu, ideologia, erlijioa edo ateismoa, harremanak izateko modua, gustuak, maitatzeko eta gorrotatzeko estiloak, nola janzten garen, aisialdia erabiltzeko era, egiten dugun guztia sozialki ikasten dugu. Sozialki ere ikasten da esaten, "Okerreko gorputzean jaio naiz, beste sexukoa naiz…” Esaldi klixeak dira denak. Soilik gizartea toleranteagoa delako orain agertzen hasi den fenomeno natural baten aurrean bageunde, adin guztietako kasuak eta bi sexuetakoak agertuko lirateke. Orientazio sexualekiko gizartea gero eta toleranteagoa bihurtu zenean, adin guztietako gay, lesbiana eta bisexualak atera ziren armairutik. Baina aztertzen ari garen arazoa duten pertsonen profil soziodemografikoa oso espezifikoa da adinean eta sexuan, batez ere neska nerabeetan gertatzen baita. Sozialki sortutako fenomenoa da hau, indibidualismoa eta subjektibotasuna gailurrik garaienera igo dituen gizarte batean ongarritua.

A.Z. Zer esan dezakezu dinamika horietan sartzen diren gazteen ibilbideaz?

J.E. Orain dela gutxi arte, sexuarekiko deserosotasun horiek pairatzen zituzten nerabe gehienek denbora igarota, besterik gabe, gainditzen zituzten arazoak. Bizitzaren edozein etapa aldaketan gertatzen den moduan. Beti dakar krisi bat, nerabezaroaren etorrera izan nahiz zahartzaroaren etorrera izan. Baina behin adin txikikoak tren medikoan sartuta, 12 edo 13 urte zutenetik okerreko gorputzean jaio direla eta benetan gizona izan nahi badu izan daitekeela sinetsita, eta hormonazioaren trenean sartu eta kirurgia eginda, oso zaila da tren horretatik jaistea. Proiektu horrekin erabat konprometituta geratzen dira eta ezinezkoa da urte baten buruan ahaztea eta nerabearen interesa mendizaletasunera, txirrindularitzara, balletera edo rockera aldatzea.

Gazteak 11 urtetik aurrera has daitezke tratatzen pubertaroko blokeatzaileak hartuz. Botika horien bidez, gizabanakoaren hazkunde kronologikoari lotutako prozesu biologiko normalak, neskatoen hilekoa eta bularren hazkundea edota gizonezkoen genital helduen agerpena eta ahots-aldaketa, eragotzi eginen dira. Nerabezaroan gertatzen diren aldaketak sexualak bakarrik direla uste da, baina, egiaz, sexu-alderdia nerabezaroan gertatzen diren aldaketen alderdietako bat baino ez da.

Nerabezaroan garuna izugarri aldatzen da. 11 eta 15 urte bitartean, garunak hain aldaketa-maila handia izaten du, non pertsonaren bizitzan ez baita berriro gertatuko. Eta beste heldutasun-aldaketa batzuk ere gertatzen dira, batzuetan arrazoi kronologiko hutsek eraginda, eta beste batzuetan hormonek eraginda. Beraz, pubertaroa botiken bidez geldiarazten badut, neskari hilekoa etortzea edo mutilari genital helduak agertzea galarazteaz gain, garunaren eta nerbio-sistemaren garapen normala ere eragozten diot. Eta horrekin batera, kronologikoki 14 edo 15 urte dituzten baina garunean 11 edo 12 urte dituzten nerabeak aurkituko ditugu.

Nerabe horrek orain 16 urte ditu kronologikoki, baina bere nerbio-sistemaren garapena 13 edo 14 urteko norbaitena da. Eta orain hormonazio gurutzatua hartzea erabakiko du, hau da, testosterona mutila izan nahi duten nesken kasuan eta estrogenoak neska izan nahi duten mutilen kasuan. Eta kasurik apartekoenetan, zakila erauzteko kirurgiak, mastektomia bikoitzak, neobaginak edo neozakilak ipintzea… Komeni da konturatzea berreraikitze estetiko hutsa dela. Hau da, neobagina ez da bagina bat, biologian gauzak beren funtzioaren arabera definitzen direlako. Hau da, ez da gizonaren esperma ernalketa gertatuko den umetokira eramanen duen kanala. Neobagina hodi bat da. Neozakila ez da zakila. Hodi bat da. Eta horrela interpretatzen du gorputzak. Neobaginak gorputzean ireki zaion zauria balitz bezala interpretatzen du gorputzak. Izan ere, zabaldu egin behar izaten dira, bestela ixteko joera baitute.

Guk izaera psikologikoa duen terapia esploratzailea defendatzen dugu, non nerabearen esperientzia onartuz, hura azaltzen saiatuko garen. Zer ari da gertatzen 14 urteko neska batek mutila dela esateko? Baieztapen harrigarria da. Orduan azaldu egin behar da azalpen horrek zer paper jokatzen duen bere bizitzan, non ikasi duen, nori entzun dion, zer gatazkak pentsarazten dion horrela. Psikologook kasu hauek beste ondoezak bezalaxe lantzen ditugu. Nerabe bat antsietatearekin, depresioarekin, elikadura-portaeraren arazoekin, droga-kontsumoaren arazoekin, sexu-harremanen arazoekin, errendimendu akademikoaren arazoekin… hartzen badugu, aztertu egiten dugu, galderak egiten dizkiogu, haren familia ebaluatzen dugu, zer ingurunetan mugitzen den ikasiko dugu eta irtenbideak proposatuko ditugu. Zuhurrak gara, edozein gairen aurrean gainerako profesionalek jokatzen duten bezala.

https://www.youtube.com/watch?v=Z3-SGiVExXw

joan mari beloki kortexarena

2026-07-10


Utzi iruzkina: