“Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek” (eta III)

“Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek” (eta III) EUSKAL HERRITIK | 2026-07-11 18:26

“Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek” (eta III)

José Errasti: horrek ez du esan nahi beraiek izaten uzten ez diegunik. Kasua aztertu eta zer irtenbide egon daitekeen ikusten dugu, eta irtenbide posibleak proposatzen ditugu, betiere erasokortasun txikienetik abiatuta. Adinez nagusi den pertsona bati arazoa hainbat urtez luzatu bazaio, egonkorra bada, beste irtenbide batzuk probatu baditu, sufritzen jarraitzen badu eta trantsizio medikoa eskatzen badigu, nik ez dut argudiorik hori ukatzeko. Hemen, benetako astakeria, benetako zentzugabekeria, lehenengo kontsultan hormonen errezeta ematea da, non 13 urteko neska batek esaten dizun gaizki sentitzen dela, lagunekin hitz egin duela eta mutila izan nahi duela. Lehen errezeta besterik gabe ematea zentzugabea da. Medikuntzak azken ehun urteetan izan duen eskandalu etiko handientzat hartuko du hori. Sekulako astakeria medikua da.

Beste edozein egoeratan beste edonori aplikatzen diogun logika bera aplikatuko diogu pertsona horri eta bere egoerari. Antsietatea duen neska bat eta genero-disforia duen neska bat ez direla gauza bera esaten zaigu. Droga-kontsumo arazoak dituen mutil bat edo mutil transgenero bat kasu bera ez den bezala. Gai honek bere identitateari eragiten diola diote, eta eskatzen ari den farmakoak ematen ez badizkiozu, ez diozula bera izaten uzten. Kontzeptu filosofiko gorenen erabilera demagogiko, zatar, merke eta onartezina da hori.

Adrian Zelaia: zer esan dezakezu hormonazio edo kirurgia dinamikan sartu diren pertsonen bilakaerari buruz?

J.E. Luzaroan zabaldu zen trantsizioaren ondoren mundu guztia poz-pozik geratzen zela, bere egoera psikikoa eta bere ondoez emozionalak hobetzen zituela… Hala ere, ikerketak garatu ahala, hori ez dela horrela frogatu da. Trantsizioa egin duten pertsonei egiten zitzaien jarraipenak akats larriak zituen, hala nola subjektu asko jarraipenean zehar galdu egiten zirela eta laginaren parte izateari uzten ziotela.

Ikerketek jarraipen luzeagoak egin dituzten heinean, gero eta damu tasa handiagoak agertu dira. Izan ere, zure komunitatea, zure lagun-taldea, zure berdinen taldea, zure sare sozialak, mugitzen zaren azpikultura, gai horretan buru-belarri ari bada oso zaila da traidore bihurtzea. Duela lau hilabete, Finlandian egindako azterketa bat agertu zen, oso ondo egina, ohikoa baino askoz lagin handiagoarekin, eta emaitzak ikaragarriak dira: terapia mediko-baieztatzaileak ez du pertsonen egoera mentala hobetzen, okerragotu egiten du eta, trantsizio medikoa egin eta zenbait urtetara, pertsonen egoera mentala lehen baino askoz okerragoa da. Azken urteetan irakurri dudan beste edozeinek baino kalitate hobea du azterketa honek eta frogatzen du analisi oker batetik sortzen diren soluzioek gaizki funtzionatzen dutela.

Europako herrialde gehienetan atzera egiten ari dira adin txikikoen hormonazioan. Erresuma Batuan, Irlandan, Norvegian, Finlandian, Suedian, Danimarkan, Belgikan eta Herbehereetan dagoeneko debekatuta dago adin txikikoengan esku-hartze medikoa. Frantzian ez dago debekatuta, baina bi urteko atzerapena ezartzen da adingabeak botikak eskatu eta eman bitartean. Italian inoiz ez da horrelako esku-hartzerik onartu. Trumpek AEBetan ere debekatu egin du. Espainian baldintza politiko miserableak izan ditugu eta, ondorioz, terapia hau derrigorrezkoa da. Debekatuta ez egoteaz gain, nahitaezkoa da. Hala ere, oro har, medikuntzaren arloan gauzak modu itxaropentsuan datozela uste dut. Adingabeen medikazioa eragotzi eginen da.

Nik ez dut uste epe laburrean ideia neoliberala aldatuko denik. Alegia, sexua zuk aukeratzen duzun aldagaia dela, gizonezkoa edo emakumezkoa izatea zuk erabakitzen duzula eta gizarteak eta Estatuak zuk esaten duzuna onartu behar dutela, gizon edo emakume izatea sentimendua baita. Burokraziak sentimenduak erregistratzen dituen lehen kasua izanen da, burokraziak ez baititu erregistratzen nire erlijioa, nire sexu-orientazioa, nire musika-gustuak... Burokraziak erregistratzen du zein egunetan jaio nintzen, zein hiritan, nire gurasoak nola deitzen diren, zein kaletan bizi nintzen... Ohitura berri hau aldatzeko denbora beharko da, demokrazia neoliberalak oso alde duelako, norbanakoak bere burua autodeterminatzen dueneko ideiaren oso alde doalako, gizabanakoarentzat oso losintxaria delako…

Aipatu ez dugun eta benetan erabakigarria den elementu bat transaktibismoak duen bonba atomikoa da, LGTBIQ+ sigla, non T hizkia nahita sartu den L, G eta B hizkien artean, hau da, orientazio sexualen gaian, orientazio sexual bat gehiago balitz bezala. Ia denok gaude LGB agendaren alde, non ezkontza homosexuala eta abar onartzen ditugun. Eta orientazio sexualen aldeko agenda horren erdian, trans gaia sartu eta denak bat eginda geratu dira. Dagoeneko inork ez du gay edo lesbiana izateaz hitz egiten. Orain LGTBIQ+ pertsona dira denak. Estimulu bateratu bat sortu da, non gauza oso zentzudunen artean Troiako zaldi bat bezala zentzugabekeria bat sartu den. Eta zentzugabekeriaren aurka egiten baduzu, sexu-orientazio guztien aurka zaudela leporatuko dizute eta sexu-orientazioak normalizatzeko agendaren aurka zaudela. Zorionez, dagoeneko LGB elkarteak agertzen hasi dira, gai guztiz ezberdinak direla aldarrikatzeko.

Hemen, sexu disidentziak izateagatik, objektiboki bizitza benetan marjinalak, umiliagarriak, tratu txarrak, era askotako erasoak jasan eta, marjinazio eztabaidaezin horri aurre eginez, borroka justifikatua eraman dutenen inguruan ideologia zentzugabea eraiki da. Anekdota gisa, duela hilabete Asturiasko Printzerriko Batzar Nagusira deitu ninduten, Asturiasko trans legean aditu gisa. Proposatzen zituzten tratamenduen aurka nengoela adierazi nuen nik. Orduan, aurka nengoela eta, aztertzen ari ziren gaia nik hobeki uler nezan, diputatu ezkertiar batek dokumentu gisa Netflix-en pelikula bat proposatu zidan. Iturri maila honetan trebatzen da jendea. Honek erakusten du gai hauetan beren argudioek duten maila benetan kaskarra eta defendatzen dutenen pentsamendu kritiko eskasa.

https://www.youtube.com/watch?v=Z3-SGiVExXw

Informazioa zabaltzeko:

https://www.instagram.com/amanda_familias/reel/C4TQJuGqzmI/

joan mari beloki kortexarena

2026-07-11


Utzi iruzkina: