"Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek" (I)

"Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek" (I) EUSKAL HERRITIK | 2026-07-09 19:11

"Gizon ala emakume diren ez dakiten horiek" (I)

Jose Errasti psikologian doktorea da eta Oviedoko Unibertsitatean psikologia klinikoko irakaslea. Hainbat liburu idatzi du, tartean “Inor ez da gorputz okerrean jaio” tituluduna. Adrian Zelaiarekin solasean, transaktibismoaren gaiari buruzko kontzeptu asko argitzen digu.

José Errasti: ni transaktibismoaren alderdi kontzeptual, filosofiko eta zientifikoetan espezializatu naiz. Giza eskubideen aldeko mugimendu gisa mozorrotu nahi du bere burua mugimendu honek. Baina justizia sozialak egiarekin bat egiten du eta mugimendu transaktibistak filosofia erreakzionarioan ditu sustraiak. Indibidualista, subjektibista eta irrazionala da, AEBetako letren campusetatik etorria.

Hortik klixe gisa erabiltzen diren 10 edo 12 esalditan oinarritutako aktibismoa dator, denak kontzeptualki okerrak izanik arazo oso serioak sortzen ari direnak. Ezjakintasunean oinarritutako pentsamendu zentzugabea da, antzina-antzinatik filosofiak eta zientziak oso ongi ezagutzen dituzten gaiak errespetatzen ez dituena. Baina, aldi berean, badu kirofano batekin edo Bernedokoa bezalako udaleku batekin lotzen duen lerro bat, lege desegokiz babestuta, gertatzen ari denaren analisi txarren ondorio.

Transaktibismoaren aldetik, pertsona txarrak garela eta gorrotoak bultzatuta aritzen garela besterik ez dute esaten. Argudio biologiko, psikologiko edo filosofikoei ez diete sekula erantzuten, eta gai honi buruz hitz egiten ez zaigula utzi behar esaten dute. Arrakasta izateko duten aukera bakarra guri hitza ukatzea, da, zentsura. Izan ere, mundu guztiak argudioak askatasunez azal ditzakeenean haien hitzaldia erori egiten baita. Terraplanismoa bezain zentzugabea da eta.

Presio sozialagatik, guaiena edo aurrerakoiena izan nahi izateagatik, oso mugimendu liluragarri baten parte izan nahi izateagatik, zapalduenen eskubideen aldeko borrokaren abangoardia izan nahi izateagatik, bada jendea eguerdian gaua dela defendatzeko prest dagoena, berarentzat arrazionaltasunak ez baitu inolako baliorik.

Zorionez, badira beste pertsona batzuk zeinentzat arrazionaltasuna, errealitatea eta zientzia gizartearen oinarria den. Gizartea eroetxe bateko patioa baino zerbait gehiago bezala ulertuta, non bakoitza bere delirioek jota doan aurrera eta atzera, ondoan dauzkan beste eroengan erreparatu gabe. Aitzitik, elkarrekin harreman egokiak izateko aukera ematen duen gizarte bat egon daitekeela uste badugu, gure harremanen oinarri den lurtzorua bezalako errealitate bat behar dugu. Eta errealitate horrek, sexuaren alorrean, oso oinarrizko gauzak esaten ditu, hala nola sexua bitarra dela, bi funtziotan oinarrituta dagoelako: ernalketa eta haurdunaldia. Batzuek ernaldu egiten dute, eta besteek sabelean hazi.

Eta zer gertatzen da jaiotzean nolabaiteko desberdintasuna duten pertsonekin? Adibidez, pertsona bat sei hatzekin jaiotzen bada, horrek ez du baliogabetzen gizakiok esku bakoitzean bost hatz ditugula dioen baieztapena. Biologian antzeko aldaera gehiago badira: itsua edo sorra jaio, beso  edo hankabakarra… Gai hau interesgarria da, transaktibismoa harago doalako.

Adrian Zelaia: transaktibismoak dio, nik bost hatz baditut, baina sei hatzeko pertsona sentitzen banaiz, eskubidea dudala mundu guztiak sei hatzeko pertsona bezala trata nazan.

J.E. Halaxe da. Transaktibismoa neoliberalismoaren muturreko semea da, subjektibotasunaren gorazarre gorena egiten duena. Neoliberalismoak kapritxoa, gustua, desberdintasuna goraipatzen ditu eta kontsumitzailearen harrokeria etengabe goraipatzen. Neoliberalismo horrek subjektibotasuna erabat goresteko gizartea ekarri du. Zuk sentitzen duzuna zure errealitatea da, zure egia da eta gizarteak onartu egin behar du. Irrazionaltasun horrek fenomeno zuzenki zentzugabeak sorrarazten ditu, aurrez sekula izan ez banaiz emakume sentitzen naizela esatea bezalakoak. Hau da, gizona izanik, ni 200 urteko pertsona, eskimala edo harra senti naitekeen bezalaxe senti naiteke emakumea, lehenago ez baitut izan horietako bakar bat izateko esperientziarik.

Nik esaten badut emakume sentitzen naizela, mundu guztiak jarri behar du zintzilik bere arrazionaltasuna, pentsamendu objektiboa, pentsamendu kritikoa, pentsamendu egiaztagarria. Hori da kontua. Eta erdi informatuta dagoen jende guztia konturatzen da akatsa dela. Eta are gehiago historikoki pentsamendu materialista, objektibista eta zientifizistaz ezaugarritu den pentsamendu ezkertiarretik begiratuta.

A.Z. Europa amildegira doa arlo guztietan, ekonomikoan, sozialean… eta, horrekin guztiarekin batera, arrazoitzeko gaitasunik gabe ari da geratzen.

J.E. Bai. Nik baditut lagun batzuk Txinatik etorri berriak. Eta kontatzen didate Txinan hitz bat sortu berri dutela europarrak aipatzeko, eta orokorrean mendebaldarrak, mespretxuz. Hitzez hitz itzulita, gizon ala emakume diren ez dakiten jende hori. Beti esan izan da Konstantinoplaren erorketak Ekialdeko Erromatar Inperioa aingeruen sexuaz eztabaidatzen harrapatu zuela. Orain Mendebaldearen erorketak gure seme-alaben sexua eztabaidatzen harrapatu gaitu. Alderdi transaktibistako norbait entzuten ari bazait, hau gorrotoagatik diodala esanen du eta, beraz, ez zaidala erantzun behar eta ez zaidala hitz egiten utzi behar.

A.Z. Nola dago une honetan eztabaida zientifikoa? Izan ere, herrialde batzuetan, lege edo politika mailan atzera egiten ari dira. Adibidez, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak trans emakumeak ez direla emakumeak ebatzi du aurten.

J.E. Astakeria horren aurrean logikoena da. Baina ez dakit zientziaren arloan benetan eztabaidarik dagoen. Jarrera desberdinak daude. Zientzia beste edozein instituzioa bezalakoa da.  Bizi-baldintzetan aurrerapen ikaragarriak eragin ditu eta aurrera egiteko funtzionamendu-metodo sendo samarra du. Baina, azken batean, zientzialariek beren interes ideologikoak dituzten pertsonak izaten jarraitzen dute. Biologoak zatituta daude. Eta oso deigarria da nola sartu duten zientifikoa izan nahi duen -baina ez den- ideologia bat beren diskurtsoan. Niri, erakunde zientifiko edo medikoetatik deitzen badidate, oso oinarrizkoak eta nekez aurka egin daitezkeen gauzak defendatuko ditut, hala nola sexuaren izaera bitarra, sexuz aldatu ezina, sexua ez dela norberak aukeratzen duen aldaera subjektibo bat eta, bizia hondatu nahi ez badiegu, ez dela ona haurrei gezurra esatea.

Nire liburua 2022an atera zenetik, suntsitutako ehunka bizitza ezagutzeko aukera izan dut. Ideia zentzugabeek, aurrez zituzten arazo pertsonalekin elikatuta, neska nerabe ugari eraman dute puntu horretara. Medikazio- eta kirurgia-bide okerrei ekin diete, okerreko gorputzean jaiotako gizonak direla pentsatuz. Gizonezkoak izan daitezkeela sinetsita, trantsizioaren bideari ekin diote.

https://www.youtube.com/watch?v=Z3-SGiVExXw

joan mari beloki kortexarena

2026-07-09


Utzi iruzkina: