Gerraren amaierara gerturatzen
Scott Ritter militar ohi estatubatuarrak Ukrainako gerraren egungo egoera eta izanen duen bilakaeraren aurreikuspena azaltzen dizkigu gaurkoan.
EGUNGO EGOERA
Glenn Diesen: Ukrainako gerra honen alderdirik zentzugabeenetako bat da Ukrainarantz NATO hedatzeak Ukraina bera suntsitzea ekarriko zuela ohartarazi zuten pertsonak ukrainarren aurkakotzat jo eta difamatu egin zituztela. Bien bitartean, Ukraina suntsipenera kondenatu zutenak —NATOren hedapena sustatuz, negoziazioak baztertuz eta borrokan jarraitzea aldarrikatuz— Ukrainaren aldekoak direla jotzen da. Orain, badirudi azken ondoriora iristen ari garela: fronteko lerroak pitzatzen ari dira, Ukrainako hildako eta zaurituen kopurua handitzen ari da, desertzioak ere bai, eta gero eta sinesgarriagoa dirudi Ukrainako armadaren kolapsoa hilabete gutxiren buruan gerta daitekeela.
Scott Ritter: batzuek hori guztia aurreikusi genuen Errusiak lehen fase arrakastatsua bertan behera utzi zuenetik. Lehen fase hura eraso azkarreko operazioa izan zen, Ukraina negoziazio-mahaira esertzera behartzeko helburua zuena. Baina Ukrainak akordioa baztertu zuen, ustez Ukraina laguntzen ari diren pertsona horiek hala eskatuta.
Errusiak higadura-gerra bati ekin zion, Ukrainako baliabideak berritu ezin izanen ziren egoera batera iristeko. Errusiako gerra-makineria Ukrainakoa baino indartsuagoa izanen zen, nahiz eta Ukrainak NATOren babesa izan; izan ere, Errusiak giza baliabide gehiago zuen eta industria militar handiagoa ere.
Gaur ukrainarrak galera beldurgarriak izaten ari dira, Errusia gatazkaren nagusitasuna bereganatu duelako. Hirugarren eraso-brigadak —banderistek, naziek— aitortu du ezin dutela lehen bezala jardun: droneak erabiltzen hasten diren unean, errusiarrek operadore guztiak hiltzen dituzte. Horri esker, errusiarrek beren droneekin nahi duten eremuan sartzea lortzen dute, eta ukrainarrak atzera egitera behartzen dituzte, kostu handia eraginez. Hori ari da gertatzen gaur egun fronte osoan.
Errusiak abantailak ditu toki guztietan, eta nahikoa baliabide pilatu ditu nagusitasun horren presioari eusteko gudu-zelaian, fronte-lerro osoan zehar. Kolapso militarra, kolapso ekonomikoa eta kolapso soziala gertatuko zirela eta horrek kolapso politikoa ekarriko zuela iragarri nuen. Ba, dagoeneko, kolapsoa fronte horietan guztietan ikusten ari gara. Ez dago dirurik, ez dago muniziorik, ez dago aire-defentsarik, eta gizarteak erresistentzian jarraitzeko duen borondatea desegiten ari da. Ukrainan, Zelenski boteretik kentzeko aukeraz hitz egiten hasi dira dagoeneko.
Dmitri Vydrin idazle eta politologo errusiarrak esan zuen desnazifikazioa eta desmilitarizazioa —Errusiaren helburu nagusietako bi— ez direla negoziazio-mahaian lortuko, naziak ez dutelako negoziatu nahi. Beraz, irtenbidea gatazka bere kabuz agortu arte itxarotea da, eta hori da gertatzen ari dena. Horrek Ukraina erabat suntsitzea ekarriko du.
GERRAREN BILAKAERA
G.D. Gauzak okerragotzen diren bakoitzean, eskalatzeko joera dugu. Zein ondorio izanen ditu azken eskalatze-txanda honek?
S.R. Ukrainaren, NATOren eta Europako Batasunaren porrot estrategikoa ekarriko du. NATOren porrot estrategikoaz ari garenean, politikoki suntsitzeaz ari gara. Horrek esan nahi du NATOk ezin izanen duela aliantza militar kohesionatu gisa jarraitu. Hori ari da gertatzen une honetan, NATOk Errusiaren aurkako apustua areagotzea erabaki duenetik.
Europako Batasunak ere zatiketa sakonak ditu, batasunaren barne-arazoak konpondu beharrean, hazkunde ekonomikoa lortzeko kanpoko etsai bat bilatzen tematu delako.
2024ko ekainean, Errusia akordio batera iristeko prest zegoen. Aukera hori itxi egin da. Errusiarrek orain Zelenskiren gobernua erakunde terroristatzat jo dute, eta suntsitu egin behar dela diote. NATOk bere baliabideak gatazkan sartzea erabakitzen badu, Errusiak NATO politikoki garaituko du. Europarrek bat egin nahi badute, Errusiak haiek ere garaituko ditu. Galdera bakarra da ea AEBek gatazka horretan sartu nahi duten. Horregatik jarraitzen du Errusiak AEBekin elkarrizketak izaten, nahaspila horretatik kanpo mantentzeko itxaropenarekin.
Errusiak erabaki estrategiko bat hartu du, Ukrainarekin gerran sartzea. Orain arte, Errusia ez da Ukrainako estatua suntsitzen saiatu. Baina orain hori egiten hasi da, eta ez dut uste eskalatze hau amaitu denik.
Errusiak Mendebaldeko aire-defentsak gainditzeko gai diren taktikak eta tresnak garatu ditu. Europa Errusiaren aurrean babesgabe dago. Europak eta NATOk, Errusia garaitzen saiatzean, kolapsoaren arriskuan jarri dute bere burua. Europa hondamendirako prestatzen ari da; izan ere, eskalatzearekin jarraitzen badute, ez dute horri eusteko baliabiderik izanen, baina Errusiak bai.
Europak bere buruari sortu dion arazoa da hau, eta ez dauka konponbidea aurkitzeko baliabiderik. Albiste ona da Errusiak ez diola Europari eraso egin nahi. Errusiak Ukrainako arazoari irtenbidea eman nahi dio, besterik ez. Eta, une honetan, hori lortzeko modu bakarra Ukrainaren baldintzarik gabeko errendizioa da.
Donald Trumpen lehen agintaldian, ehunka milioi dolarreko laguntza militarra onartu zen Ukrainarentzat. Laguntza horren barruan, CIAk Ukrainako lurraldean 20 base eraikitzea ere bazegoen. Errusiaren porrot estrategikoa eta Putinen gobernuaren kolapsoa lortzeko estrategia politiko baten parte zen hori. Horretarako, AEBek lankidetza estua dute Errusiaren aurka jarrera oldarkorragoa duen MI6rekin. Egoera oso arriskutsua da hori, Errusiaren doktrina nuklearretan ezarritako marra gorriak gainditu baititu.
BAKE-PROZESUA
Errusiarrak ez dira akordio honetatik erretiratuko. Hori frogatu dute Istanbulera bigarren negoziazio-txandarako joanda eta hainbat ekimenetan parte hartuta, hala nola hildakoen gorpuak eta presoak itzultzeko ekimenetan. Ukraina da dena baztertzen ari dena. Eta Europak Ukrainari babesa ematen dio.
AEBen ikuspegitik, europarrak eta ukrainarrak ari dira bake-negoziazioak sabotatzen. Iritsiko da une bat non AEBetako presidentea negoziazio-prozesu horretatik aldendu egin beharko den. Gatazka hau ez da negoziazio-mahaian konponduko.
Errusiak ez du Europarengan eta haren NATOko aliatuengan konfiantzarik, bakearen aldeko bazkide izan daitezen. Horregatik, Errusiak gerraren bidez garaipena lortzeko konpromisoa hartu du. Eta uste dut Zelenskiren kolapso politikoa azkartzen ikusiko dugula. Ukraina barruan hura kargutik kentzeko mugimenduak badirela esaten da, dagoeneko ez delako inorentzat tresna baliagarria. Denentzat arazo bihurtu da. Ez dut uste ere egoera honi amaiera emateko Europak deus egin dezakeenik.
Amaiera iritsiko da, eta ikaragarria izanen da, imajinaezina. Mendebaldean ez gara horren irudikatzeko gai. Errusiarrak arma berriak erabiliko dituen amaiera baterako prestatzen ari dira. Errusiak Mendebaldeari ohartarazi izan dio Tarte Ertaineko Indar Nuklearren Ituna bertan behera uzteak dakarren arriskuaz, eta laster ikusiko dituzte uko horren ondorioak, nahiz eta errusiarrek ez dituzten arma nuklearrak erabiliko.
Errusiarrak Oreshnik-era itzuli dira. Oreshnik-ek gaitasun estrategikoak ematen dizkio Errusiari, eta eskala handian ekoizten ari dira. Une honetan, 560 Oreshnik inguru dute. Noizbait erasoa eginen dute, Europak Errusiaren aurka gerrara joan nahi badu, berehala hilen dela erakusteko moduan. Hori da Errusiak bidali nahi dion mezua, hala egin behar duelako.
https://www.youtube.com/watch?v=PnBsjXAX5ms
joan mari beloki kortexarena
2026-10-17

Iruzkinak
Utzi iruzkina: