Gerra hau oso gaizki bukatuko da AEBentzat
John Mearsheimer irakasle estatubatuarra mundu polobakarrak ezarritako ordenaren amaieraz mintzo zaigu gaurkoan. Mundu poloanitzaren bidean kokatzen du Irango gerra eta trantsizio horrek lekarkigukeen hainbat arrisku aipatzen digu.
Trumpek erabateko mespretxua du nazioarteko zuzenbidearekiko, nazioarteko erakundeekiko eta beren arauekiko. Aurtengo otsailaren 28ra arte, bera zen, zentzu askotan, bakarkako indar suntsitzaile bakarra, mundu bipolarrean sortutako mendebaldeko ordena globalari kalte nabarmena eragiten ari zitzaiona. Eta otsailaren 28an sekulako akatsa egin zuen Iranen kontrako gerra hastean.
AEBek gerra hau oso modu argian galduko dute. Porrot handia izanen da AEBentzat eta Israelentzat. Trump noraezean dabil sartu den hondamenditik nola atera asmatu nahian. Eta ez du garaile ateratzerik. Oso gaizki bukatuko da berarentzat, AEBentzat eta mundu osoarentzat, egiten duena egiten duela. Trumpek garaipena aldarrikatu eta etxera joan beharko luke, besterik gabe. Baina Ormuzko itsasarterik gabe. Iranek dagoeneko argi utzi du bidesaria jarriko duela, eta altuagoa Iranen aurkako erasoan parte hartu duten edo Iran zigortu duten herrialdeei.
AEBek hiru aukera dute. Bata blokeoari eustea da, Irani kalte ekonomiko handia egiten saiatuz, honek amore eman dezan eta garaipena lortzeko. Bigarren aukera blokeoari eutsi eta bonbardaketak gehitzea da eta bi tresna konbinatu horiek eginen lukete lana. Hirugarren aukera Iranekin akordio batera iristea da. Baina Iranekin akordioa lortuz gero, Iranek irabaziko lukeela da sortzen zaion arazoa. Eta hori oso garratza litzateke Trump presidentearentzat. Gainera, Israelek ez du horrelakorik nahi inolaz ere. Hori da Trump presidenteak bizi duen egoera konplikatua.
Bideragarriak al dira aukera horiek? Blokeoak ez du funtzionatuko. Irandarrei zigor handia jarri arren, ez dute amore emanen. Azken gizonera arte borrokatuko dute. Beraz, aukera hori baztertu egin behar da. Blokeoari eutsita eta bonbardatzen hasi ezkero, irandarrek erantzun eginen dute eta horrek amildegira areago hurbilduko gaitu, kalte ekonomiko izugarriak eraginez. Gainera, ez daukagu gerra jarraitzeko behar den armamentua. Gure arma baliotsuenen zati handi bat gatazkaren lehen faseetan gastatu dugu, eta hurrengo etapan geratzen zaiguna agortzea da nahi dugun azken gauza, gehienbat deusetarako ez duela balioko jakinik. Beraz, akordio batera iristea da geratzen dena. Eta nire ustez, presio ekonomikoa nahiko handia denean, hori eginen du Trumpek. Baina bitartean Israelek eta AEBetako bere lobbyak ez diote utziko.
Gogoratu behar da lau helburu nagusirekin sartu ginela gerra honetan eta ez dugula horietako bat bera ere lortu. Ez dago erregimen aldaketarik. Iranen misil balistikoen indarrak bere horretan jarraitzen du eta izugarria da. Irandarrek huthiei, Hezbolari eta Hamasi babesa ematen jarraitzen dute. Eta ez dute nuklearra aberasteko duten gaitasuna deseginen. Beraz, porrot egin dugu. Eta, gainera, otsailaren 27an Iranek kontrolatzen ez zuen Ormuzko itsasartea orain kontrolatu egiten du, bidesaria jarri du eta ez du horri uko egiteko inolako asmorik. Gainera, otsailaren 27an Pertsiako Golkoan base asko genituen, eta ikusgarriak ziruditen. Eta denak suntsitu egin dituzte edo larriki kaltetuta geratu dira. Txinari eusteko dugun gaitasuna nabarmen murriztu da, Asia ekialdetik baliabide militarrak kentzen aritu garelako eta, gainera, Iranen aurkako gerran arma baliotsuak gastatzen aritu garelako. Gehiago eta gehiago jarrai nezake. Esaten ari naizena da ez dugula gure helburuetako bat bera ere lortu eta 27an ez genuen arazo asko sortu dugula. Galdu egin dugu. Eta bitartean egoera ekonomikoak okerrera egiten jarraitzen du. Trump presidentearen gaineko presioa izugarria da.
Israelen ikuspuntutik, Iran mehatxu existentziala da. Horregatik, AEBek mehatxu existentzialtzat hartu behar dute Iran. Eta Israelen ikuspegitik, Iranek arma nuklearra izatea da egoerarik kezkagarriena. Benetako aukera bat dago: akordio batera iritsi eta, funtsean, Iran garaile ateratzea. Baina Iranek nuklearra aberasteko gaitasunari eusten badio, israeldarrek Iranen aurka arma nuklearrak erabiltzeko tentazioa izanen dute. Hori oso arazo larria izanen litzateke.
Arma nuklearren balizko erabilera
AEBek arma nuklearrak erabiliko al dituzte? Gogora dezagun Trump presidenteak Iran Lurraren azaletik ezabatzeaz hitz egin zuela. Iranen kontra arma nuklearrak erabiltzeko aukerarekin bat datorren politika genozidarekin egin du mehatxu. Beraz, litekeena da AEBek Iranen aurkako arma nuklearren erabilera onartzea.
Ez dira gutxietsi behar herrialdeak etsita sentitzen direnean hartzeko prest egon daitezkeen arriskuak. Israelek arma nuklearrik duen Iran bigarren holokausto baten etorrera bezala ikusten du eta, beraz, zentzuzkoa da horren arabera joka dezan. Ez da komeni Israelek Iranen kontra arma nuklearrak erabiltzea zein puntutaraino planteatuko lukeen gutxiestea. Eta agian AEBek ere gauza bera egin lezakete.
Ukrainaren kasuan antzeko logika ikusten da. Sergei Karaganov, pentsalari estrategiko errusiarra, aspaldi ari da esaten europarrok bistatik galdu dutela mundu nuklear batean bizi garela. Europarrek uste dute Errusiaren aurka egin dezaketela Errusiak arma nuklearrik ez balu bezala, arma nuklearrak axola ez balu bezala. Karaganovek dio pentsamendu mota horrekin amaitzeko modu bakarra errusiarrek Ukrainaren edo Mendebaldearen aurka arma nuklear gutxi batzuk modu erakusgarrian erabiltzea dela. Karaganovek europarrei gogorarazi nahi die katastrofe nuklear bat saihesteko errusiarrak modu existentzial batean ezin dituztela mehatxatu ulertzea. Europarrek, AEBen laguntzarekin, Errusia suntsitzeko arriskuak onartezinak direla defendatzen du, eta hori saihesteko zerbait egin behar dela. Eta horrek esan nahi du arma nuklear batzuk erabili behar direla. Ukrainan eta Ekialde Hurbilean arma nuklearrak erabiltzearen logikak egoera zein arriskutsua den erakusten digu.
Benetan zirrara handia eragin zidaten bi gertaera aipatu nahi dut. Lehenengoa, Ukrainako armadak, AEBen eta Erresuma Batuaren laguntzarekin, Errusia inbaditu zuenekoa izan zen. Kursk-eko ofentsiba izan zen, 2024an. Hori pentsaezina zen Gerra Hotzaren garaian. Mundu guztiak ulertzen zuen ez genuela Sobiet Batasuna inbaditu nahi, milaka arma nuklear zituen herrialde baten biziraupena mehatxatuz. Ba, 2024an Ukrainak Errusia inbaditu du. Harrigarria benetan.
Bigarrena Ukrainak, berriz ere estatubatuarren eta britainiarren laguntzarekin, Errusiako triada nuklear estrategikoaren hanka baten aurka erasoak egin izana. Ukrainarrek Errusiaren bonbaketari estrategikoei eraso egin zieten. Hori ere pentsaezina zen Gerra Hotzaren garaian, oso ondo zenekielako horrek Sobiet Batasunaren errepresalia eragin zezakeela eta gerra termonuklear orokor batean amaitu. Niri benetan harrigarria iruditzen zait hori guztia. Eraso hauek Karaganoven argudio nagusia indartzen dute. Badirudi Mendebaldeak bistatik galdu duela arma nuklearrak oraindik ere badirela sisteman. Lezio hori ahaztu dugula dirudi. Bide batez, hirugarren bat ere gehitu liteke, ukrainarrek Putinen egoitzaren kontra misilak jaurti zituztenekoa. Hau dena ez zen gertatzen Gerra Hotzean.

Iruzkinak
Utzi iruzkina: