Gerra hau berehala amaitu behar da
Glenn Diesen analista norvegiarra gaurkoan Douglas Macgregor koronel estatubatuarrarekin mintzatu da. Militar zelarik, gizon hau AEBetako Defentsa Idazkariaren aholkularia izan zen.
Islamabadeko elkarrizketak fikzio hutsa izan ziren. Irandarrak 70 pertsonarekin iritsi ziren, datu, informazio, mapa eta guzti, negoziatzeko eta nolabaiteko adostasunera iristeko benetako asmoa zegoelakoan. Baina ez zegoen. JD Vance presidenteordea bileraren erdian Netanyahu jaunaren dei bati erantzuteko altxatzeak iradokitzen du hura ez zela benetan negoziazioa. Halaber, Netanyahu jaunak agintzen duela erakusten du, ez Trump jaunak. Ez dut uste elkarrizketarik izanen denik. Irandarrak berriz erasotuak izateko prestatzen ari direla esanen nuke.
Nonahi mundu guztiari geure borondatea inposatu nahi diogun autoritate moduko bat bezala hartzen gaituzte. Iranek horren aurrean planto egitea erabaki du, eta mundua emaitza zein izanen den arretaz begira dago. Erasoaren alde egiten duen potentzia gara, geure boterea inposatzeko muga normaletatik harago joaten dena. Irandarrak defentsarako potentzia dira eta gehiena defentsarako armatan inbertitu dute.
Zer gertatuko da orain? Lehen 48-96 orduak aurreko txandan baino biziagoak izanen dira, misil eta bonbardaketa gehiagorekin. Hori guztia abantaila estrategikoa ematen dizuten eta etsaia amore emateko konbentzitzen duten helburu kritikoetan kontzentratuko da. Helburua orain Irango estatua suntsitzea da. Zubiak, errepide eta trenbide sareak, zentral elektrikoak, gatzgabetze plantak, petrolio azpiegiturak erasotzen hasten zarenean, estatua suntsitzen ari zara. Ez duzu helburu militarrik, funtsezko azpiegiturak txikitzea baizik. Hori ikusiko dugu orain.
Irandarrek tripulaziorik gabeko milaka sistema eta misil daukate, Iran hainbat astez mantentzeko adina. Badakigu, halaber, txinatarrek eta errusiarrek armaz berriro hornitu dituztela. Irandarrak estatubatuarrak baino hobeki prestatuta daude une hauetan.
Ez dut uste Pertsiako Golkoan lehorreko tropak erabili behar direnik irlak hartzeko. Eta irlaren bat hartu ezkero ere, horrek emaitza ezertan alda lezakeenik. Irlaren bat okupatzeak ez die Golkoaren kontrola emanen. Trump presidenteak horri buruzko erreserbak adierazi izana ona da.
Zer eginen dute irandarrek? Oso argi utzi dute Pertsiako Golkoko mendebaldeko kostaldean dagoen azpiegitura suntsituko dutela. Eta horrek mundu guztia kezkatzen du. Ez dut uste eskualdean eragindako arazoak oso azkar konpondu ahal izanen direnik. Analista gehienek urtebete edo bi beharko dela diote, gatazkak orain bertan geldituko balira. Hala ere, beste askok 5-10 beharko direla diote. Baliteke ere Golkoko azpiegitura horren zati handi bat ez berreraikitzea sekula.
Emirerri guztiek beren herrialdeak galtzeko arriskua dute, Golkoko eliteetako kide askok dagoeneko ihes egin dutelako. Ez dut ikusten nola atera daitekeen ongi Israel honetan guztian, irandarrek iraganean moderazioz jokatzeko izan zezaketen edozein pizgarri dagoeneko galdua baitute. Irandarrak prest daude erabateko gerrara igarotzeko. Eta historiak erakusten du erabateko gerra-jarrera hartzen duenak irabazteko aukera gehiago duela hartzen ez duenak baino.
Honezkero emaitza ideala liskarrei amaiera ematea litzateke, eta Ormuzko itsasartea ezin dugula kontrolatu onartzea. Irandarrek dutena beretzat hartuko dute eta gainerako munduaren ardura izanen da Iranekin eseri eta turkiarrak Dardaneloen agintean jarri zituen Montreux-ko konbentzioaren antzeko zerbait adostea.
“Israel Handia”
Israelengatik ez balitz, ez ginateke gerran sartuta izanen Iranekin. Ez dago hori egiteko arrazoirik. Azken hiru hamarkadetan, propagandaren bidez, Iran deabrutzen eta etsai publiko nagusi bihurtzen saiatu gara. Baina hori zentzugabekeria da. Irailaren 11koa gertatu zenean, tragedia haren ondorioz harremanak hobetzeko benetako itxaropena egon zen. Irandarrak beren indar guztiekin saiatu ziren, baina guk listua bota genien aurpegira. “Israel Handiaren” proiektua da benetako arazoa. Gazaren, Zisjordaniaren eta Libanoren heriotzak eta suntsipena Israelek Iran suntsitzeko duen nahiari sakon lotuta daude.
Petrodolarra hondatu egin da. Gure oparotasunaren oinarria izan da, Vietnam-go gerratik erabat lur jota atera baikinen. Hori izan zen petrodolarra moneta nagusi bilakatzeko arrazoi nagusia. Hori izan zen Nixonek Vietnam-go gerrak sortu zigun hondamendi ekonomikotik ateratzeko izan zuen modua.
Ez dut uste Golkora itzuliko garenik, ez baitut uste han behar dena finantzatu ahal izanen dugunik. Beraz, gerra hau guztia estrategikoki desastre hutsa izan da guretzat. Orain, onena amaiera ematea litzateke, pauso bat aurrera ematea eta hanka sartu dugula aitortzea. Baina horrek esan nahiko luke potentzia normal gisa jokatzen dugula sistema multipolarraren barruan. Eta Washingtonen ez dago inolako interesik horretan. Nazioz gaindiko agintaritza izan nahi dugu. Mundu osoan jokoaren arauak ezarri nahi ditugu, jokoa menperatu eta irabazi. Baina garai horiek pasa ziren eta hegemonia globalaren amaierak, zoritxarrez, gerra gehiago ekarriko digu.
Irandarrek ez dute gurekin hitz eginen. Gurekin hitz egiteak ez du zentzurik. Zer egin genuen Islamabaden? Esku hutsik iritsi ginen, haiek material garrantzitsua zeraman 70 laguneko taldearekin azaldu ziren bitartean. Irtenbide bat negoziatzera zihoazela uste zuten, baina kontua ez zen hori. Beti bezala, Iran Israelen menpe jartzeko beste saiakera izan zen. Baina hori ez da gertatuko.
Komunikabideen zeregina
Bestalde, Moskuren aurka jaurtitako gehiegikeria, irain eta gezur guztiak desmuntatu egin behar dira. Nahiz oso zaila den, komunikabideak gobernu globalista horiek kontrolatzen dituztelako. Hedabideek ez dute egia esan. Beren askatasunaren alde etsi-etsian borrokan ari diren abertzaleen talde argitsu moduko bat bezala aurkeztu dute Ukraina. Hori zentzugabekeria da. Ukrainarrak Errusia erasotzeko prestatu ziren estatubatuarren onurarako. Amaitu da NATO. Europarrek zentzua duen bide bat aurkitu behar dute.
Vladimir Putin presidenteak Errusiako botere militarraren erabilera mugatu du. Kontrolpean mantendu du. Tamalgarria litzateke gerra hori Europan zabaltzea. Europarrek gaur egun beldurra galdu diote gerrari. Ez dute ulertzen zein izugarria izan daitekeen. Zelenskiren eta bere erregimenaren ustelkeriak argitara atera behar dituzte. Egia ezagutu egin behar da. Zenbat aldiz entzun ote ditugu errusiarrek ustez egindako gehiegikeriak, gero ukrainarrek egin zituztela jakiteko. Ukrainarrek egin dutena barkaezina da eta honek gelditu egin behar du.
https://www.youtube.com/watch?v=GSOm79-EEco
joan mari beloki kortexarena
2026-04-25

Iruzkinak
Utzi iruzkina: