Gerra Baltikoan hasiko?
NATOk Baltikoko eskualdean izan duen jardueraren gorakadak NATOren eta Errusiaren arteko gerra handi baterako lekurik arriskutsuena zergatik bihurtu duen azaltzen digu Jeffrey Sachs ekonomialari eta irakasle estatubatuarrak.
Gehien entzuten diren ahots europarrak Europako errusofoboenak diren herrialde baltikoetakoak eta Poloniakoak dira. Europak bere ahotsa herrialde baltikoek eraman dezaten utzi du, Lituaniako Kaja Kallas kanpo-harremanetarako presidenteordearen bitartez. Oso gauza bitxia da. Europako zati handi bat ez dator bat ikuspegi gogor eta errusofobo horrekin. Baltikoko herrialdeak, une honetan, Europako politika sustatzen ari dira, eta zoritxarrez, Europako potentzia handiek, batez ere Alemaniak eta Frantziak, ez dute galga zapaltzen. Merz kantzilerra da Alemaniak azken hamarkadetan izan duen buruzagi arduragabeena. Benetako gerrazalea da. Ez du interes izpirik agertu diplomaziarekiko, ezta bere homologo Putin presidentearekin harremanetan jartzeko ere.
Badirudi Merzek bere gobernuaren politika Alemaniaren birmilitarizazioan oinarritu duela. Beraz, gaizki atera den gauzetako bat, Europaren ahotsa 6 milioi biztanle besterik ez duten herrialde baltiko errusofoboen ahotan utzi izanaz gain, Alemania bera izan da. Alemania oso paper arriskutsua eta arduragabea jokatzen ari da, Alemaniak baitu erantzukizunik handiena, ez bakarrik Europako herrialderik handiena izateagatik, baita 1990ean Sobiet Batasunari NATO ez zela zabalduko agindu ziolako ere. Gainera, 2015ean, Ukrainako gerraren amaieraren bermatzailea izan behar zuen “Minsk 2” izeneko akordioaren bitartez eta horretan ere porrot egin zuen.
Ukrainak demokraziarekin zerikusirik ez duen gobernu erradikala du. Lege martzialaren pean Estatua kontrolatzen duen talde txiki bat da, eta izugarri ustela. Ukrainarrek mendebaldeko Europa osoan dituzten txaletetan edo NABU-ren eta beste iturri askoren txostenetan ikusten da. Dagoena diktadura ustel eta estremista da. Ukrainak ahal duen guztia eginen du gerrak koska bat gora egin dezan.
Baltikoko herrialdeak dira, seguruenik, planetako lekurik arriskutsuenak une honetan. Baltikoko herrialdeak lehen lerroan daude orain, gerraren, mendekuaren eta errusiarrenganako gorrotoaren sustatzaile nagusiak direlako eta Europak gatazkan aktiboki parte har dezan bultzatzen ari direlako. Egoera oso kezkagarria da, aurrean dugun gerra honetan ez litzatekeelako irabazlerik izanen, heriotza kopuru izugarria baino ez litzatekeelako izanen.
Ukrainako gerra NATOren hedapenetik eta Errusiak hedapen horri jarritako erresistentziatik sortutako gerra da. Estatu-kolpe baten ondorioz sortu zen, 2014ko otsailean. AEB izan ziren estatu-kolpearen bultzatzaileak. Kolpea Errusiaren kontra bideratuta zegoen, Ukraina NATOn sartzea baitzen helburu nagusia. Neutrala zen Ukrainako gobernua paretik kendu zuten, herrialdeak aliantzatik kanpo jarrai zezan nahi zuelako. Horrek guztiak gorroto etniko sakona sortu du, batez ere Polonian eta Baltikoko herrialdeetan.
Alemaniaren bateratzea ahalbidetu zuen itunean Europan segurtasuna zatiezina dela jasotzen da, ezin dela segurtasunik lortu beste herrialde baten kontura eta ez dela birmilitarizaziorik izanen. Baina orain ikusten duguna gorroto etniko erradikalizatua da. Herrialde hauek Errusiari buruzko memoria historiko erabat distortsionatua dute. Ukrainako gerran Errusiaren segurtasunarekin zerikusirik duen aitortzarik txikiena ere ez dago.
Dena errusiar gaiztakeria bezala interpretatu da, eraginda izan ez den erasoa bezala. Hori gezurra da. Ukatu egiten dira Alemaniaren bateratzeari buruzko oinarrizko gertaerak, NATOri buruzkoak, Minsk 2ko akordioei buruzkoak, armen kontrolari buruzkoak, AEBek misilen aurkako Ituna bertan behera utzi izanari buruzkoak, Maidan-go kolpean estatubatuarrek parte hartzeari buruzkoak. Horrek gorrotoa sortzen du, eta horrek egiten du egoera hain arriskutsua.
Gerrarako prestatu beharra
Europan gerra baterako prestatu behar dugula iristen zaigu Alemaniatik. Eta Errusiari eraso egiteko droneak erabiltzearen alde egin behar dugula… Egoera gainezka egiteko puntuan da eta Europako arduradun batzuk pentsatzen hasiak dira Europaren aldetik autokontrolik ez dagoen puntu batera iritsi direla. Egoera Europarentzat suntsitzailea izanen den moduan leher daiteke.
Norbaitek egon beharko luke honi buruz hitz egiten bere homologo errusiarrekin, errusiarrek gauza garrantzitsuak baitituzte esateko europarrei. Merkel kantzilerrak ongi azaldu zuen lehen zer egin zen gaizki. Unerik esanguratsuena NATOk 2008an Bukaresten egin zuen gailurrean izan zen, AEBek aliantza zabaltzeko europarrak presionatu zituztenean. NATO Ukrainara eta Asiako zatia den Georgiara hedatuko zela adieraziz amaitu zen konferentzia.
Geroago 2014ko otsailaren 19tik 21erako gertakarietara iristen gara. Alemaniarrek, beste kide batzuekin batera, Viktor Janukovitx Ukrainako orduko presidentearekin negoziatua zuten ez zela estatu kolperik izanen eta bere agintaldia 2014ko amaierara arte luzatuko zela, hauteskunde berriak egin arte alegia. Alemania ados egon zen horrekin, eta AEB ere bai. Baina hurrengo egunean kolpearen buruzagiek gobernuaren eraikinak eraso zituzten Kieven. Eta orduan AEBek berehala ontzat eman zuten gobernu berria, zera esan beharrean: “Momentu bat, akordio bat dugu. Hori Konstituziotik kanpokoa da. Janukovitx presidenteak jarraitzen du izaten presidentea”. AEBek ez zuten ordena konstituzionala berrezartzea eskatu. Eta Alemaniak beste hainbeste.
Urtebete geroago Minsk 2ko akordioa iritsi zen. 2015eko otsailean izan zen, eta Alemaniak zuen akordioa bermatzeko ardura. Minsk 2ko akordioak Donbasseko borrokei amaiera ematea zuen helburu, ordena konstituzional berri bat sortuz, non Luhansk eta Donetskeko bi errepublikek autonomia lortuko zuten Ukrainaren barruan beren burua gobernatzeko. Ukraina eta Errusia ados egon ziren horrekin. NBEko Segurtasun Kontseiluan aho batez onartu zen akordioa. Alemaniak eta Frantziak izan behar zuten Minsk 2ren bermatzaileak. Baina gero AEBek eta Ukrainak pribatuan esan zuten ez zutela aplikatuko. Eta Alemaniak ez zuen planto egin esanez: "Aizue, akordio bat dugu. NBEko Segurtasun Kontseiluaren babesa du. Gure ardura hori betearaztea da eta aplikatu eginen da”.
2022an, Merkel kantzilerrak esan zuen Minsk ez zutela inoiz serio hartu, Ukrainarentzat denbora irabazteko trikimailua besterik ez zela izan. Horrek guztiak esan nahi du benetako gertaerei buruzko amnesia osoko puntu batera iritsi garela eta Baltikoko herrialdeetan edo Europako beste leku batzuetan gerra erraz piztu litekeela.
Europako egoera tragikoa da. Errusofobia Europaren aldetik autolesio ekintza izugarria bezala ikusten dut. Hain errusofoboa izanik, Europak min handia egin dio bere buruari. Oso kaltegarria da Europarentzat hain muturreko jarrera horiek hartzea. Ez du Europa batzen, alderantziz, gatazka tamalgarri batera hurbiltzen du.
https://www.youtube.com/watch?v=L9f5cX9tXMQ
joan mari beloki kortexarena
2026-06-05

Iruzkinak
Utzi iruzkina: