Geroa oso ezberdina izanen da

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-03-17 19:18

belokijmari@gmail.com 1773772145863

Gaurkoan Glen Diesen irakasle norvegiarra Alex Krainer merkatu-analista eta estaldura-funtsen kudeatzaile ohiarekin mintzatu da. Irango gerraz hitz egin dute hasieran eta Europaz amaieran. Artikulu honetan azken atalari atxiki natzaio, Europaren etorkizunaz ideia interesgarriak eskaintzen dizkigulakoan.   

Europan emanen diren aldaketak, neurri handi batean, pertsonen esnatze politikoaren ondorioz gertatuko direla uste dut, gerra baztertuz eta demokrazia sistema bat baztertuz, non hari ikusezinen bitartez oligarkiarekin lotuta dauden A, B eta C hautagaien artean bozka dezakezun. Hori Europan aldatu eginen dela uste dut eta trantsizioa oso mingarria izan daitekeela. Iraultzarik eta gerra zibilik ez ekartzea espero dut, baina gerta liteke, boterean dauden pertsonek ez baitiote borondatez uko eginen botereari. Europan egoera oso konplikatua izanen dela uste dut. Errusia eta Txina eredu ezberdin baterako bidea markatzen ari dira eta horrek eragin esanguratsua izanen du Europan.

Hasierak prozesu demokratikoaren bidez izanen direla uste dut, noizbait Emmanuel Macron eta Friedrich Merz garaituak izanen direlako. Dagoeneko entzuten hasiak gara Errusiarekin harreman onak berrezarri behar ditugula dioten Europako politikarien ahotsak. Duela urtebete hori ezin zen esan. Atzo Belgikako lehen ministroa Errusiarekin ditugun harremanak konpondu egin behar direla esaten zuen. Estatubatuarrak Errusiaren aurkako zigorrak altxatzen hasi dira, merkatuaren baldintzak direla eta. Errusiarekin ditugun harremanak konpondu behar ditugula dioten ahotsak gero eta indartsuagoak eginen direla uste dut.

Orain beste bandoak nola erreakzionatzen duen ikusi behar da. Errepresio autoritario batekin erantzuten badute, gerra zibil edo iraultza baterantz mugituko gara. Baina amore ematera behartuta badaude, agian trantsizio graduala izanen dugu, non Europak bere merkatuak ireki beharko dituen Errusiako energiara eta baita, pixkanaka, BRICSera, merkatu multipolarretara. Trantsizio ordenatua izateko, etorkizun hurbilean aukera gehiago izanen dugu iraganean baino. Orain bertan gu biok hortaz hizketan jarduteak norabide egokian emandako urratsa da; izan ere, orain bai baitakigu gaur egungo sistema ez dela jasangarria, erabateko aldaketak datozela eta adi eta konprometituta egon behar dugula emaitza positiboak nahi baditugu.

Baztertu egin behar ditugu narratiba sinplistak, gu onak eta besteak gaiztoak direla diotenak. Edo inoiz ez direla zigorrak altxatu behar. Konpromisorik hartu gabe irabazi behar dugula diotenak. Argudio horiek indarra galduko dute. Emaitza onak izatea espero dut. Baina, zalantzarik gabe, epe zaila izanen dugu datozen urteetan.

Errusiarrak pazientzia handikoak izan dira. Kontu handia izan dute europarrei 5. artikuluaren aipamenik egiteko aitzakiarik ez eskaintzeko. Akatsa handia zatekeen beren aldetik. Ez gerra hori galduko luketelako, ekarriko lukeen suntsipenagatik baizik. Agian europarrek ezin izanen liokete Errusiari irabazi, baina suntsitzailea izanen litzateke oso guztiontzat. Errusiarrak arreta handiz aztertu dute historia. Beraz, nahiz eta militarki justifikatuta dagoen helburu britainiarrak erasotzea, Storm Shadow misilak egiten diren instalazioak, adibidez, ez dute eginen.

Errepresaliak hartu nahiko balitu, Ekialde Hurbileko egoera berria aprobetxa lezake. Trumpek frantziarrak eta britainiarrak presionatu ditu beren armadak eskualdera bidal ditzaten Ormuzko itsasartea zabalik mantentzen saia daitezen. Frantziar eta britainiar gerraontziak Irango misilen irismenean sartuz gero, errepresalia modu burutsu bat litzateke frantziar eta britainiar ontziak urperatzea. Frantziako eta Britainia Handiko gobernuak ezegonkortu eginen lituzke, gerraren aurkako matxinada eraginen luke eta militarki ahuldu eginen lituzke.

Trumpen agendaren zati bat izan daiteke hori. Izan ere, dagoeneko esaten ari baita, "Lagundu nahi ez badiguzue, ez dut ikusten zein den NATOren zentzua". Beraz, Trump egoera hau aprobetxatzen ikus dezakegu, "Ados, agian NATOrekin amaituko dugu" esanez. Egoera berri honekin etxean duen publikoari esan diezaioke bere aliatu europarrak alferrikakoak direla, Iranen aurkako borrokan bakar-bakarrik utzi dituztelako. Beraz, aliantza hori mantentzeak ez duela zentzurik. NATO “komuneko zulotik” doala uste dut, seguruenik Europako Batasunarekin batera eta oso modu itsusi eta disruptiboan, agian sistema kolonialista batetik munduko arkitektura multipolar baterako trantsizioaren parte gisa.

Gertatzen dena gertatzen dela, ez dut uste atzera bueltarik dagoenik gauzak lehen ziren modura itzultzeko.

https://www.youtube.com/watch?v=iH_EcT2dfaE (37-49 min.)


Utzi iruzkina: