Gaza, erresilientzia eta erresistentzia

Erresilientzia: Izaki bizidunek eragile asaldatzaile edo egoera kaltegarri bati egokitzeko duten gaitasuna.
Erresistentzia: Lurralde bateko inbaditzaileei edo diktadura bati hainbat metodoren bidez aurka egiten dieten pertsonen multzoa.
-----------------------------------------
Israelekiko gatazka 1948an hasi zen, Israelek militarki palestinarren exodo handia eragin zuenean, 700.000-800.000 inguru. Nakba (hondamendi handia) izenaz ezagutzen da. Israelek gerra krimen guztiengatik eta palestinarren genozidioagatik kontuak ematen dituen egunean soilik eman ahal izanen da amaitutzat gatazka.
Errefuxiatuen artean, Gazan bizi dute esperientziarik gogorrena, etengabeko sarraskia, setioa, gosetea eta joan-etorri amaiezinak direla eta, bizirauteko etengabeko borrokan. Gainerakoak errefuxiatu-esparruetan bizi dira Libanon (12), Jordanian (10), Sirian (9 baino gehiago), Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean (19) eta Iraken, Saudi Arabian, Europan eta Amerikan sakabanatuta dauden komunitate palestinarretan, guztira sei milioi errefuxiatu inguru, amestutako Palestina burujabera itzuli ahal izateko zain.
Zerk egin du posible genozidioa gelditzea? Erantzuna argia da: palestinarren erresilientzia. Egoerari aurre egiteko erabakitasuna, oso erresistentzia maila altua eman dien tinkotasuna. Erresilientzia eta erresistentzia, elkarri estu lotuta dauden bi errealitate, mundu osoan gehiago nabarmendu beharko liratekeenak.
Gazatarren ausardia
Palestinar herriak kolektibo gisa duen erresilientziagatik eta Gazan palestinarrek duten erresistentziagatik izan ez balitz, ez zatekeen genozidioa geldituko. Gazatarrek Israelgo armadari aurre egin izan ez baliote, zein izanen litzateke egungo egoera, bi urte geroago? Israel Gaza bere nahierara administratzen ariko litzateke. Eta Israelgo kolonia eta kanpamendu militarrak Gazako iparraldetik hegoalderaino egonen lirateke. Eta Gazako biztanleen erdia baino gehiago garbiketa etnikoaren bitartez erailda.
Arabiar munduak oso ekarpen gutxi egin du. Libanoarrak eta yemendarrak dira salbuespen duinak. Gobernu gutxi batzuk azken orduan mugitu dira eta argazkirako bakarrik. Estatubatuarrak? 1948az geroztik eurek eutsi diote genozidioari. Donald Trump patetiko bat ere nabarmendu da azken unean, Bakearen Nobel Saria lortzeko helburu hutsagatik. Palestinarren pazientzia, indarra eta borroka izan dira genozidioa geldiaraztea ahalbidetu duten bakarrak. 77 urte igaro behar izan dira Israel sortu zenetik, eta 100 urte baino gehiago Britainia Handiaren agintaldia deiturikotik, palestinarrek beren erresistentziaren bitartez emaitza politiko erabakigarri bat lortzeko. Palestinarrek orain badakite ez direla marjinalak eta ez dutela askatzaileren bat salbatzera etortzeko zain egon behar.
Israelek beti lortu du Ekialde Hurbilean nahi izan duena. Baina Gazan ezin izan du. AEBek, munduko potentzia militar handienak, eta Israelek, eskualdeko potentzia handienak, zeinek ez duen inolako lotsarik jendea hiltzeko, bortxatzeko, torturatzeko eta, Qatarren bezala, aliatu estatubatuarrak bonbardatzeko, genozidioa halabeharrez gelditu behar izan dute. Bitartean, Gazako herri palestinarrak Gazan jarraitzen du, sendo. Gainera, 2.000 preso politiko askatzea lortu du. Eta dena beren kabuz egin dute, gizarte zibilaren nazioarteko elkartasun erraldoiaz babestuta.
Amen eta nerabeen garrantzia
1993an, Yasser Arafatek Palestina traizionatu zuen, Israelek PAE erakundea onar zezan. Palestinako erresistentzia armatu osoa -Al-Qassamen garaietatik, hau da, 1920 eta 1930eko hamarkadetatik hasita- bete-betean gaitzetsi zuen. Eta zer lortu zuen? Armak besterik ez, baina Israelgo armada babesteko eta palestinar herria zapaltzeko bakarrik. 2014tik, Palestinako presidentea Mahmoud Abbas da eta Arafaten ildo berari eutsi dio hasieratik, Palestinako erresistentziaz hitz egin duenean alferrikakotzat jotzeko izan delarik.
Egungo erresistentzia palestinarrak, ordea, ez dela desmilitarizatuko esan du. Horretan ari diren gazteei bizirik dauden seme-alabak hartu eta beren etxea berreraikitzera itzultzen diren ama palestinarrak gehitu behar zaizkie. Haurrak hazi, etxea berreraiki, etxekoen gorpu erailak aurkitu, lurperatu eta garbiketa etnikoari uko egitea ere erresistentzia baita. Eta ez nolanahikoa. Milioika palestinarrek ama horiengandik ateratzen dute beren erresilientzia, borrokarako grina eta guduari ekiteko indarra. Beste ehunka gaztetxo bezala -bat-batean kazetari bihurturik-, sare sozialen bitartez munduari beren errealitate beldurgarria zuzenean ezagutarazteko lan erabakigarria egin baitute.
Bi urte hauetako genozidioak nabarmen handitu du Palestinarren aldeko atxikimendua mundu osoan. 20 puntuko bake plana deritzona Palestinaren alde mobilizatzen ari den nazioarteko komunitatea baretzeko sortutako tresna besterik ez da. Ederki argitzen du hori Mustafa Barghouti intelektual palestinarrak, zeinari Hegoafrikako apartheidaren aurkako borrokalariek berriki esan baitiote palestinarrekiko egungo elkartasun globala askoz handiagoa dela haiek bere garaian Hegoafrikan jaso zutena baino. Beldur handia dago elkartasun global honek palestinarrak mundu osoko borroka global garrantzitsuena bezala erdigunean kokatzen dituen bitartean, Israel erabat isolatu eta estatu paria bihurtzeko adina indar bil dezan. Estatu palestinarra izan izanen da eta palestinarren borrokaren emaitza izanen da.
Gatazka hau konpontzeko, ezinbestekoa da munduan Israel den bezalakoa ikusia izatea. Indarkerian, garbiketa etnikoan, genozidioan, arrazakerian eta apartheidean errotuta dagoen sionismoa azaltzea lortu behar da eta ideologia gisa garaitua izatea. Sionismoaren isolamendua eta porrota behin betiko konponketarako erabat beharrezkoa da. Irtenbidearen giltzarria bi estatu izan daitezke. Agian bat bakarra. Baina ez da konponbiderik izanen Israeli ideologia sionista honekin jarraitzeko aukera ematen zaion bitartean.
Tormentuak segida izanen du
Azken bi urteetako genozidioa amaituko balitz ere, Gazan tormentuak ez du etenik izanen. Gaza Israelen setiopean egon da 1948tik. Israelek Gaza militarki garaitzea lortu ez duenez, orain Gazan sartzen eta ateratzen den guztia kontrolatzen saiatuko da. Kontrol mekanismoak askoz zorrotzagoak izanen dira, eta palestinarrek izugarri sufrituko dute horren ondorioz. Janaria eta medikuntza palestinarren erresistentziari presioa egiteko erabiliko dira, gertatuko ez den armagabetzea lortzen saiatzeko.
Gaza berreraikitzea lehenago egin zuten bezala lortuko dute. Jendeak bere etxeak eraikiko ditu, Israelek Gazan porlana sartzen utziko ez duen arren. 2012an bezala eginen dute, suntsitutako eraikinen hormigoia hartu, txikitu eta birprozesatuz. Behin eta berriz eraiki zituzten etxe, eskola, meskita, eliza eta unibertsitate berberak.
Israel beti izan da faxista. Genozidioaren hasieran, inkestek zifra sinesgaitzak erakusten zituzten. Israeldarren %82ak babesten zuen gazatarren garbiketa etnikoa. Hau ez da bakerako prest egotea. Gizarte gaixoa da. Eta gaixotasun hau gelditzeko modu bakarra kanpotik presioa egitea da. Palestinarrak beren partea egiten ari dira, sionismoari aurre eginez. Orain nazioarteko komunitateak Israeli kontuak emanarazi behar dizkio boikotaren bidez, zigorrak ezarriz eta Israel estatu paria bilakatuz. Horrek eman zion amaiera apartheidi Hegoafrikan.
Hedabide hegemonikoek Palestinako Autoritatearen inguruan zentratuta jarraitzen dute. Palestinar onez eta gaiztoez hitz egiten jarraitzen dute. Baina aparte badago mugimendu berri bat, sare sozialek bultzatua, hizkuntza egokiz mintzatzen dena. Ez dute beldurrik palestinarrak defendatu eta Israeli erantzukizunak eskatzeko. Israeli erantzukizunak eskatzeko eta borrokaren lehen lerroan dauden palestinarrei askatasuna lortzen laguntzeko behar den masa kritikoa lortzea lor dezakeen mugimendua da.
joan mari beloki kortexarena
2025-10-16
Iruzkinak
Utzi iruzkina: