Gaurko Europa

Bideo honetan, bere iritziak eskaintzen dizkiguna Evarist Bartolo duzu, Maltako alderdi laboristako kidea. 30 urtez Maltako Parlamentuan jardun du parlamentari gisa. Kanpo-harremanetarako ministroa ere izan zen 2020-2022 bitartean. Oso ongi ezagutzen du mendebaldeko Europaren egoera eta zertzelada interesgarriak azaltzen dizkigu elkarrizketan zehar.
Europar Batasunean, jazarpena esperientzia koloniala izan duten estatuetatik dator. Inperiorik izan ez duen herrialde bakarretakoa da Malta. Kolonizatuak izatearen esperientzia besterik ez dugu. Horrek bestelako pentsaera ematen digu. Mediterraneoan gaudenez, oso sentiberak gara Afrikan gertatzen denarekiko.
2004az geroztik, Baltikoko eta Europa ekialdeko estatuek Europar Batasunarekin bat egin zutenetik, epizentroa aldatu egin da eta Europar Batasunak hegoaldeko bizilaguna ahaztu du, Afrika. Atzerri Arazoetarako Batzordearen agendan ekialdeko bizilagunak, Pazifikoa eta Txina baino ez dira agertzen.
Ukrainako gatazka hasi zenean, AEBetatik Antony Blinken iritsi zen eta bat eginik egon behar genuela esan zigun. Ez genuen eztabaidatu zerk eragin zuen, zergatik gertatu zen eta zer egingo genuen horren inguruan.
Atzerri Arazoetarako Kontseilua oso azalekoa da. Ez da eztabaidarik izaten. Atsegin ez duten zerbait esaten baduzu, ez dizute jaramonik egiten. Zigorrak eztabaidatzen aritu ginenean, inork ez zuen planteatu kentzen dioguna Errusiak ez ote duen Txinan, Indian edo beste nonbait aurkituko.
Gainerako atzerri ministroekin biltzean, eztabaida izanen dela suposatzen duzu. Subiranotasuna estatu kideetan dagoelako. Ez ba, inoiz ez da jarrera bateratua bilatzeko iritzi trukerik izaten. Hortaz, nondik datoz erabakiak?
2022an, Ukrainako gatazka hasi zelarik, EBren aireko espazioa Errusiari itxi eginen zitzaiola erabaki zuen Europako Batzordeak, aireko espazioa estatu kideen eskumena izan arren. Europako ministroak ez ziren kontsultatuak izan. Informatuak ere ez. Albisteen bidez jakin zuten. Washingtondik datorrena jarraitzen da, besterik ez.
Europaren morrontzak puntu ulertezinera iritsi da. Gogoan dut Joe Bidenek, Olaf Scholzekin batera, Errusiak erasotzen bazuen Estatu Batuek Nord Stream lehertuko zutela iragarri zuen unea. Scholzek, besterik gabe, onartu egin zuen eta ez zuen txintik ere esan. Europarrek norabidea erabat galdua dute, ez dituzte beren herrialdearen interesak defendatzen.
Nola ez da izanen Afrikatik migraziorik, ez badiegu lanpostuak sortzeko behar ditugun gauzak ekoizten uzten? Ez gaitu harritu behar inbertsio bila Turkia, Errusia edo Txinara jo dezaten. Europak erabat ahaztu du nola egiten den diplomazia, nola negoziatu berdinen artean.
Municheko segurtasun konferentzian, harritu egin ninduen lehen ilara defentsa ministroentzat izateak eta bigarren ilara atzerri eta finantza ministroentzat. Oso sinbolikoa da eta oso argi islatzen du hor armak direla garrantzitsuena, ez diplomazia.
Maltan Estatu Batuek duten enbaxadoreak esan zidan ez nuela Errusiarekin edo Txinarekin bildu behar. Halaber, Malta zerrenda grisean sartu dutela gure kanpo harremanetarako ministroak kanpo politika independentea gauzatzeko asmoa duelako.
Maltak ez du EBtik atera nahi, beto eskubideari eutsi ahal izateko. Europako batasun federalaren aurka nago, berriz ere kolonia bat izanen ginatekeelako, oraingo honetan Bruselatik gobernatua. Europako Estatu Batuek arazo handiak izanen lituzkete kontraesan ezberdinei aurre egiteko.
Behinola, Lavrovek galdetu zidan ea zergatik horrenbesteko ezinikusia. Esan nion, zoritxarrez, liderrek beren historia ez dakitelako, beren geografia ezagutzen ez dutelako, norberaren kulturarekiko estimurik ez dutelako ezta besteen kulturak errespetatzeko eta diplomazia klasikoa ulertzen saiatzeko jarrerarik ere. Hori guztia galdu egin da.
Teknologiari dagokionez, Australian bada XXI. menderako oso funtsezkoak diren 64 teknologia aztertzen dituena Politika Estrategikoko Institutu bat. Txina lehena da 57 probatan. India bigarren postuan dago. EB ez da inon ageri. Alemania bitan azaltzen da. Hala ere, munduko gainerakoei nola jokatu behar duten eta zer egin behar duten esateko gai sentitzen gara, harrokeriaz.
Gure arazoei heldu beharrean, beste batzuei botatzen diegu errua. Kanpaina militarrak prestatzen ditugu eta ongizate estatutik gerra estatuetara aldentzen gara. Autoak ekoitzi beharrean tankeak izanen ditugu. Estatu gehienak gobernaezinak bihurtzen ari dira. Eta Europar Batasuna bera ere gobernaezina da.
Behin Sobietar Batasuna kolapsatu zenean, NATO ekialderantz ez zabaltzeko egin zuten lehen konpromisoa Maltan egin zuten 1989an, Bush eta Gorbachov bildu zirenean. Bushek esan zuen ez zutela eginen. Baina gero gauzak aldatu egin ziren. Orain errusiarrek eta txinatarrek diote: "Norekin negozia dezakegu presidente batek esaten badizu ez dutela zentimetro bat ere aurreratuko zuregana, eta hurrengo presidenteak aurkakoa egiten badu?"
Antony Blinken Estatu Departamenduak 2022-24 epealdian Maltari buruz egindako txostenean irakur dezakezu helburuetako bat Maltako Konstituzioa gainditzea dela. Ezkutatu ere ez dute egiten. Ez dute inor errespetatzen. Diplomatiko estatubatuarrekin hitz egiten duzunean, europarrekiko duten mespretxua erabatekoa dela ziurta diezazuket.
Gure historian 42 aldiz izan gara inbadituak, beti arrazoi geopolitikoengatik. Beraz, duela 60 urte, independenteak izateaz gain herrialde neutrala ere izanen garela erabaki genuen.
1953an kolonia britainiarra ginen. Halako batean, gobernadoreak –erreginaren ordezkaria– lehen ministroari esan zion Malta NATOren Mediterraneoko egoitza bilakatuko zela. Maltako lehen ministroak hori ez egiteko eskatu zion, oraindik gurekin ez baitzuten eztabaidatu. Gobernadoreak erantzun zion: "zuek gure kolonia zarete, hauek kontu erreserbatuak dira eta maltarrek ez duzue zerikusirik gai militar estrategikoetan”. Eta NATO inolako akordiorik gabe Maltan kokatu zen. Maltako presidente Dom Mintoff 1971n, boterera itzuli zelarik, NATOra joan eta zera esan zien: "Ez dugu idatzizko akordiorik zuekin. Zuen kabuz etorri zineten hona. Orain zoazte hemendik”. Eta NATO urte horretan bertan joan zen.
Jendeak gogoan du 2008ko finantza krisia zela eta, bankuetan dirua nola injektatzen zen bankuak salbatzeko eta ez pertsonei laguntzeko, hauek lanpostuak galtzen ari baldin baziren ere. Orain jendeak galdetzen du: "Armak direnean ondo dago mailegua eskatu eta arau fiskalak haustea, baina jendeari laguntzeko ez?”
2023an eta 2024an egin ziren azken inkestek erakutsi zuten europar gehienek ez dutela gerrarik nahi. Txaikovski musikari errusiarra ere errudun bihurtzen duen hainbesteko gorroto eta fobia sortzearen ideia porrot morala da, porrot kulturala. Kontinente berean bizi gara eta harreman duinak eraiki behar ditugu gure bizilagunekin.
Zergatik behar dugu segurtasun politika bateratua? EBk aniztasunari eutsi beharko lioke, herrialde neutralak, NATOko kideak edota ekialdearekin harreman onak eta mendebaldearekin harreman txarrak dituzten herrialdeak edukiz. Izan dezagun ikuspegi dibertsifikatua. EBn bunker mentalitatea dago. Brusela bunker bat da, ez bakarrik Errusiari dagokionez, baita munduko gainerako herrialdeei dagokienez ere.
https://www.youtube.com/watch?v=J7yHWyFrmug
joan mari beloki kortexarena
2025-04-25
Iruzkinak
Utzi iruzkina: