GARA-NAIZen jarreraz
Atzo GARA-NAIZko kazetari batek EUSKAL LANGILEON EZKERRAren aurkezpena zela eta, erreportaje publikoan gezurretan aritu izanak hausnarketa serio samarra merezi duela iruditu zait. Atzokoaz gain, nik bai baitut beste esperientzia txarra komunikabide horrekin. Garai batean, 2.011ra arte hain zuzen, Ezker Abertzalearen abangoardiaren komunikazio-ildoaren oinarria beti egia aitortzea zen. Ekintzak ondorio txarrak zituenean ere, egia iraultzailetzat hartzen baitzuen. Gauzak ederki aldatu direla dirudi.
Atzo, EUSKAL LANGILEON EZKERRA aurkezteko prentsaurrekoan, NAIZko Ramon Sola kazetaria ekitaldia amaitu baino dezentez lehenago joan zen aurkezpenetik. Ia galdera-erantzun guztiak galdu zituen. Zein izan ziren ondorioak? Batetik, NAIZen zintzilikatu zuen artikuluan prentsaurrekoan esandako gauza interesgarri asko ezin izan zuela jaso eta, bestetik, horren ondorioz, artikulua kamuts geratu zela. Zergatik alde egiteko halako presak, artikuluaren edukia pobreago geratuko zela jakinda? Niretzat garbi dago. Euskal Herrian alderdi politiko berria sortu dela planeta osoan berria zabaltzen lehena izan nahi zuelako. Zertarako? Iritzi publikoa baldintzatzeko eta gainerako komunikabideek, neurri batean, berak albistea abiarazi zuen bidetik jarrai zezaten eragiteko.
Baina hori ez da okerrena. Ramon Solak izan zuen jarrera makurra baizik. Kazetari horrek mahaitik egin ziren hiru azalpenak hasieratik bukaerara entzun zituen. Beraz, etorkinen eskubide guztiak babestearen aldeko jarrera dugula entzun ahal izan zuen. Baina artikuluaren izenburutik hasita “ELEk etorkinei eskubideak ukatzen dizkie” idatzi zuen errepikatuta. Zergatik egia faltsutzeko gogo hori? Hor asmo txarrak antzematen dira. Jende askoren aurrean, Ramon Solak profesionalki bere burua gezurti eta erabiltzaile gisa utzi du, eta GARA-NAIZ egitasmoa sinesgarritasunik gabe.
Egunkari hau EHBilduren informazio organo ofiziala denez, koalizioa urduri dagoela ondorioztatu liteke. Zergatik, bestela, halako presa eta gezurrak? Erantzunak, seguru aski, galtzen ari den herritarren babesarekin izanen du lotura. Eta gazteak bizkar ematen ari zaizkion sentsazioarekin ere.
Iritzi artikuluei boikota
Orain ulertzen dut zergatik hasi ziren boikotatzen nire iritzi artikuluak 2025. urtean. GARAk artikulu pare bat bakarrik argitaratu zidan 2023ko azarotik 2025eko maiatzera arte. NAIZek, berriz, garai horretan bidali nizkion guztiak argitaratu zituen, 20 inguru. Halako batean, azalpenik gabe, maiatzetik aurrera boikot osoa ezarri zidaten eta geroztik artikulu bat bera ere ez zuten argitara eman.
Bi aldiz eskatu nituen azalpenak. Lehenean, Ramon Solari berari, NAIZko Iritzia sailaren arduradun gisa. Ez nuen erantzunik jaso. Bigarren aldian, Iritzia sailaren izenean bidali nuen kontsulta, inoren izenik aipatu gabe. Gaur oraindik ez dut erantzunik jaso. Zer gertatu zen? Interpretazio bakarra bururatzen zait: goi-karguren batek eman du nire iritzi artikulu guztiak boikotatzeko agindu zorrotza. EHBilduren bulegotik? EHBildukoa ez den norbaitek aginduta?
Azalpenik eman ez izanak gauza bat adierazten dit: kaleratu ezin litezkeen argudioak zeudela aginduaren oinarrian. 24 urtez lehen lerroko militantea izan eta gero, erdiak baino gehiago koalizioaren soldatapean, pertsonari ezin zaio halako traturik eman. Errespetuari eta edukazioari egindako akats larritzat hartzen dut nik Ezker Abertzaleak erakutsi duen jarrera.
Lehengo leku berera iritsi gara, berriz ere urduritasunetik bakarrik uler baitaiteke EHBilduren joera. Boikota ezin bailiteke beste modura ulertu. Ni, abangoardiak borroka amai zezan onartu eta gero, Herri Batasuna sortu genuenetik ez bainaiz milimetro bakarra ere mugitu nire betiko ideologiatik. EHBildu da bere ideologia aldatu duena. Dena den, azalpenik eman ez didatenez, ez naiz ni hasiko puntu horretara iristeko ideologia hainbeste zertan aldatu duen esaten.
Lehen isiltasunak erakutsi zuen urduritasuna. Orain gezurretan aritu izanak. Autokritika ariketa egin beharko luke koalizioak, urduritasuna zerk eragiten dion aztertzeko. Dena den, historikoki, autokritika egitea oso zaila egin zaio Ezker Abertzaleari eta orain hori eginen ote duen itxaroteko esperantza handirik ez du ematen.
Ezker abertzale soziologikoarentzat hausnartzeko garaiak dira. Bi alderdi izateko arrazoiak aztertu egin beharko dira. Zein izan dira EUSKAL LANGILEON EZKERRA sortzeko zergatiak? Euskal gizartean zergatik ikusten da hainbeste jende alderdi politiko guztiekin haserre?
joan mari beloki kortexarena
2026-11-22

Iruzkinak
Utzi iruzkina: