Galdera asko eta erantzun gutxi
Gaztetan, militantzia politikoan murgildu ginenean, gehien-gehienok ez genuen formakuntza politikorik. Senak bultzatuta mobilizatzen ginen. Euskara debekatuta egotea pizgarri handia zen horretarako. Francoren zakurrek egindako atxiloketa, tortura edota hilketak eguneroko albisteak ziren eta pentsatzeko ia aukerarik izan gabe etengabe aurkitzen ginen berriz mobilizatu beharrean.
Ideologikoki askok -gehienek segur aski- ezkerrean kokatzen genuen geure burua, baina instintiboki. Urteen poderioan analisi politikoa egiten zerbait ikasten joan ginen, baina beti militante batek behar duen prestakuntzara iritsi gabe.
1978an Herri Batasuna sortu zen eta, ordura arte erabateko inprobisazioan geniharduenok, aurrerantzean militantzia ongi antolatuta egiteko aukera izan genuen. Formakuntza politikoa ez zen nahikoa lantzen, baina abagune politikoan alde-aldera kokatuta egoteko adina informazio jasotzen genuen. Mobilizazioa etengabea izan zen, 2003an ilegalizazioa iritsi arte.
Eta orain? Bi autonomi-estatutu hauek ase utzi al dute gure burujabetasun gosea? Urte haietan aldarrikatzen genuen KAS Alternatibaren pareko zerbait al dugu orain? Oro har, politikoki egoera hobea al da oraingoa? Erantzun negatiboa dugunok geure buruari galdetzen diogu zergatik eman den amaitutzat urtetan eta urtetan bizi izan genuen etengabeko mobilizatu behar hura.
Urte haietan borroka mota guztiak erabiltzen genituen. Kale-borroka tresna garrantzitsua zen, mobilizazio handiak eta txikiak antolatzen genituen, propaganda lanari ordu asko ematen genion, batzarretan koherentzia politikoa lantzen genuen… Borroka instituzionala osagarria zen.
22 urte igaro da ezker abertzale hura legez kanpo utzi zutenetik. Belaunaldi oso bat. Egoera hobean aurkitzen al da orain Euskal Herria? Hobeki bizi al gara Hegoaldekook, gure borroka mota guztiak bakar batera -instituzionalera- mugatu ditugunetik?
Gogoan ditut borroka mota gogorrenak sortzen zizkigun kontraesanak. Ezin ahaztu ditut kale borrokaren azken urteetan Estatuak nola atxilotzen eta kartzelaratzen zizkigun gazte borrokalari gehienak. Barru-barruan daramat Estatua babesten zutenen poza euskaldunon arteko zatiketa zela eta. Nahi eta ezinaren etsipena.
Gaur egun ez dut alaitasunik sumatzen euskaldunon artean. Inori ez diot entzuten zein urrats erabakigarri eman dugun geure buruaren jabe izateko. Inon ez dut irakurtzen zer gertu dugun autodeterminazio-erreferendumaren eguna, Krimea, Luhansk eta Donetskek 2014an eta Zaporozhie eta Khersonek 2022an egikaritu zutena.
Sindikatuak ez ditut oso pozik sumatzen langileen egoera hobetuz doalako. Amonak ere ez, pentsio duinagoa dutelako. Gazteak kezkatuta sumatzen ditut, etxebizitza erostea ia ezinezkoa egiten zaielako. Bikote berriak ez ditut seme-alabak edukitzeko animoso ikusten babes ekonomiko nahikoa dutelako.
AEK pozik sumatzen dut hurrengo Korrika antolatzen. Eeeskerrak! Baina nor eta zein dago pozik euskararen egoerarekin, euskara normaltzeko urratsek aspaldiko jazarpen handiena pairatzen dutelarik?
Borroka ideologikoa
Kultura orokorra eta formakuntza politikoa ezinbesteko bitartekoak dira herri baten etorkizuna diseinatzeko eta egitasmoa aurrera eramateko behar adina indar biltzeko. Ez dugu aski buru “argi” batzuei zintzo jarraitzea. Ez gara eraginkorrak izanen herritar guztiok zehatz-mehatz norantz bultzatzen dugun ez badakigu.
Lehenik, munduaren gorabehera nagusiak izan behar ditugu argi. Euskal Herriko arduradun politikoek zergatik ez digute argiago azaltzen estatubatuarren inperialismoa maldan behera doala eta BRICS familia indartuz doala? Eta Europako Batasuna, bere burua estatubatuarren morroi bilakatuta, ekonomikoki maldan behera doala gero eta herritar gehiago miseriara kondenatuz? Bitartean, Txina eta Errusiak lideratzen duten BRICS herrialdeek elkar laguntzeko helburu nagusia duten familia osatzen dutela eta ekonomikoki gorantz doazela?
Zergatik ez digute argitzen estatubatuarren inperialismoak eta BRICSen gorakada azkarrak talka ezin bortitzagoa egin dutela Ukrainan? Estatubatuarren inperialismoak piztu zuela gerra hori eta Errusia bere segurtasunerako eskubidea defenditzen ari dela? Zergatik ez digute azaltzen 1962.go Kubako misilen gatazkarekin pareka daitekeela Ukrainakoa?
Zergatik ez digute azaltzen Holland eta Merkel presidenteek nola aitortu zuten Errusiari ziria sartu ziotela Minskeko hitzarmenak sinatzean? Eta Ukraina eta Errusiako ordezkariak bake-akordio batera iritsi zirela Istanbulen 2022an? Eta biharamunean nola Boris Johnsonek Zelenski “gonbidatu” zuen Istanbulen errusiarrekin hitzartutakoa ez betetzera? Zergatik ez dute ozen salatzen Zelenskiren gobernu nazia eta bere ustelkeria?
Gure arduradun politikoek zergatik ez dizkigute azaltzen Von der Leyen auzipetuaren eta EBko instituzioetako arduradunen ustelkeriak? Nola ari zaizkigun Euskal Herria bezalako nazioei -eta estatuei- burujabetza ezabatzen? Nola ari diren ez dagozkien eskumenak bereganatzen?
Ustez defentsarako sortu zen NATOk hiru hamarkada daramala erasotzen? Zergatik ez dute erakunde armatu horretara BPGren %5 gehiago bideratu beharra gogor salatzen?
Zergatik ez dute argitzen sistema honetan politikoek ez dutela agintzen, ilunbetik dirudun batzuek baizik? Zergatik ez diete aurpegia eta izen-abizenak jartzen eta komunikabideetan zabaltzen?
Zergatik ez digute AEBetan beltzen eskubideen alde sortu zen woke mugimenduaren jatorria eta bilakaera argitzen? Zergatik ez dute egungo wokismoak egiten duen kalte sozial izugarria azaltzen eta salatzen?
Mobilizazio etengabea
Aurreko puntu guztiak -eta aipatu gabe geratu den gehiago- argi dituzten herritarrek indar handia egin dezakete gizartea hobetzeko. Sisteman herritarron aldeko pitzadurak eragiteko mobilizazio handiak behar dira. Mobilizazio zabalak egin ahal izateko, herritarrak ideologikoki ongi hornituta egoteaz gain, politikari bizkorrek gidatutako kolektibo indartsuak behar dira.
Zergatik baztertu dute gure politikariek 2003ra arte praktikatzen genuen mobilizazio etengabea? Helburu argi bat genuen: Madrilgo Gobernuak nazio gisa dagokigun autodeterminazio eskubidea onar ziezagula. Ez genuen behar adina indar bildu. Asko ginen, baina ez nahiko.
Orain mobilizazio etengabea aktibatzeak amets utopikoa dirudi. Zeren zain daude gure politikariak duela 2-3 hamarkadan bezala herritarrak mobilizatzera deitzeko? Txirrindularien Espainiako Vueltan Euskal Herriak kemena baduela erakutsi zuen. Aste batzuk geroago, San Mamesen berriz indar erakusketa egin zuen Palestinaren aldeko mobilizazio erraldoia eginda. Euskal Herrian jende askok mantentzen du barruko sua gartsu. Su hori politikariei itzali zaie.
Estatu nazioanitza omen da gurea. Sánchez presidenteak esana da eta bere alderdi politikoaren estatutuetan hala dago idatzita. Noizko utziko dugu bide horretatik abiatuta urratsak eman daitezen? Hainbat hamarkadatan mobilizazio etengabean mugitu ginen herritarrok oso ongi dakigu zer egin behar den dinamika horretan jarduteko. Herri honek memoria politiko bikaina du.
Bihotzean etengabeko mobilizazioaren beharra sentitzen duten eta buruan lehentasunen artean dinamika hori kokatuta duten politikariak behar ditugu. Herria ondo-ondoan izanen dute.
joan mari beloki kortexarena
2025-12-04

Iruzkinak
Utzi iruzkina: