Finlandia ataka estuan
Sakari Linden Askatasunaren Aldeko Aliantza alderdiko zuzendaritza-batzordeko kidea da Finlandian. Aurretik, Europako Parlamentuko aholkulari politikoa izan zen. Bere alderdia kritikoa da Europako Batasunarekiko, NATOrekiko eta Ukrainako gatazkaren testuinguruan Errusiari ezarritako zigorrekiko. Alderdiak ez du ordezkaritzarik parlamentu nazionalean.
Finlandiak historia handia du neutraltasunean oinarrituta, eta horrek independentzia politikoa, ongizatea eta segurtasuna eman zizkion. Baina gure klase politikoak neutraltasuna mendebaldeko botereekiko menpekotasunaz ordezkatzea erabaki zuen; beraz, gure independentzia politikoa galdatuz joan gara. Gero eta gertuago gaude gure ongizatea eta gure garapen ekonomikoa galtzetik. Eta arriskua dugu atzerriko interesen bidezko gerra batera bultzatuak izateko, Ukrainako bideari jarraituz.
Askatasunaren Aldeko Aliantza, Vapauden Liitto (VL) alderdia, 2022an sortu zen eta bere pentsamendua independentzian eta neutraltasunean oinarritzen du. Finlandiako interesei herritarren interesen ikuspuntutik heltzen diegu. Mendebaldearekin zein Ekialdearekin lankidetzan aritu nahi dugu. Ez dugu Finlandia mendebaldeko eta ekialdeko potentzien arteko hurrengo frontea bihurtu nahi.
Segurtasun hitzarmena Sobiet Batasunarekin
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, Finlandiak segurtasun itun bat sinatu zuen Sobiet Batasunarekin. Agintean zeuden pertsonek, bereziki Urho Kekkonen presidenteak, oso ongi ulertzen zuten Sobiet Batasunari Finlandiako lurraldearen bidez inoiz ez zuela mehatxurik izanen bermatu behar ziola Finlandiak. Neutraltasuna oso onuragarria izan zen Finlandiarentzat. Nahiko nekazari herrialde pobrea izatetik Europako naziorik aberatsenetako eta egonkorrenetako bat izatera igaro zen.
Neutralak izanda, harreman politikoak eta ekonomikoak norabide guztietan mantendu ahal izan genituen. Gerra Hotzaren garaian, Finlandia Sobiet Batasunarekin eta bloke sozialista osoarekin merkataritzan aritu zitekeen merkatuko ekonomia eta alderdi anitzeko sistema zituen Europako herrialde bakarra zen. Hori abantaila handia izan zen eta oso onuragarria gertatu zen Finlandiako enpresentzat.
Une honetan, Finlandiako klase politikoa prest dago Finlandiako segurtasuna arriskuan jartzeko, AEBen hegemonia-asmoak sustatzeko. Gure komunikabideek Mendebaldearekiko lerrokatzea defendatzen dutelako gertatzen da hori. Mendebaldeak nagusitasun militar, ekonomiko eta politikoa duela dioen mezua igortzen du.
Lawrence Wilkerson-ek, Colin Powell AEBetako Estatu Idazkariaren aholkulari izandakoak, esan zuen 2002tik aurrera baliabide handiak bideratu zituztela Europako herrialde neutralak NATOko herrialde bihurtzeko. Baliabide horiek Finlandiako iritzi publikoa aldatzeko ere erabili direla esanen nuke. Finlandia eta Suedia adibide garbiak dira herrialde neutralek beren jarrera nola aldatzen duten ikusteko.
Finlandiako komunikabide nagusiek eta buruzagi politikoek AEB eta NATO munduan superpotentzia morala direla sinestarazi diete finlandiarrei. Baina, aitzitik, AEB dira munduan gerra gehien hasi dituen eta nazioarteko zuzenbidea etengabe urratzen duen herrialdea.
Egoera oso arriskutsua gaur egun
Finlandian badira egungo egoerarekin kezkatuta dauden politikariak eta kanpo-politikan hartu duen norabidearekin. Gutxiengo txikia da publikoki norabide hori kritikatzen duena, komunikabide nagusiek presio handia egiten baitute kritikarien gainean, eta jende askok ez baitu bere karrera eta lana arriskutan jarri nahi. Finlandia oso egoera arriskutsuan dago.
NATOrekin kritikoak direnak %30 inguru dira. Baina gaur egun ez dute Finlandiako Parlamentuan babestu ditzakeen alderdirik. Finlandiak baimena eman du bere lurraldean 15 base militar erabiltzeko. Eta NATOren lurreko indar aurreratuak dagoeneko lanean hasiak dira Finlandia iparraldean. 5 milioi eta erdi biztanleko biztanleriarekin, ez gara potentzia handia. Besteen interesen aldeko gerratara bultzatzea saihestu behar dugu.
Europako Batasunan dagoen Errusiari buruzko histeria agian Finlandian iristen da bere punturik gorenera. Errusiari lotutako interes estrategikoen oreka garrantzitsua mantendu dugu historikoki. Errusiak Finlandiako autonomia eta gure gobernu-sistema errespetatzen zituen, eta Finlandiak bere lurraldea ez zela Errusiaren aurka erabiliko bermatzen zuen. Orain, atzerriko tropak Finlandiako lurraldean sartzen utzita, oreka estrategiko hori hautsi egin dugu.
Finlandian erreparatu beharko genioke Pertsiar Golkoan zer gertatu zaien AEBen aliatuei. AEBen babesean konfiantza zuten eta beren lurraldea base militarrak zabaltzeko utzi zieten. Eta beren interesen alde egiten ez duen gerra batera eraman dituzte. AEBekiko aliantzak, babes eta segurtasunaren ordez, gerra eta suntsipena ekarri dizkie. AEB dagoeneko ez dira duela 20 urteko hegemon polobakarra.
Finlandiako ongizate-estatua desegiten ari da. Errusiaren aurkako zigorrekin bat egitera behartuta gaude eta kostu handia dakarkigu, Errusiarekiko merkataritza beti izan baita oso onuragarria guretzat.
Komunikabide orokorrek ez diote ikusgarritasunik ematen gure alderdiari, eta hori gure garapena zailtzen ari da. Indar handia dugu sare sozialetan eta politikan oso sartuta dauden pertsonek gure alderdia aurkitu dute, baina Finlandiako biztanleria-masa handik ezagut gaitzaten behar dugu Parlamentuan sartu ahal izateko.
Subiranismoa vs. globalismoa
Pascal Lottaz: gaur egungo politikan dagoen gatazkaren dimentsio nagusia ez da ezkertiarren eta eskuindarren artekoa, independentzia eta jende arrunteko interesak defendatzen dituzten subiranisten eta egitura supranazionalak eta oligarken klase oso aberatsaren interesak babesten dituzten globalisten artekoa baizik. Egoera hau berriki ikusi dugu Saxonia-Anhalt Alemaniako estatuan. Han AfD eskuineko alderdia deitutakoa da, baina eskuineko alderdiek, Batasun Demokrata Kristauak eta Demokrata Liberalak, gogor erasotu dute. Ezkertiar subiranista den alderdi batek, Sarah Wagenknecht-en BSW-k, AfD babesteko prest dagoen bitartean.
Sakari Linden: Finlandian alderdi guztiak alderdi bakarra balira bezalakoak dira. Denek jarraitzen dute NATO babesten, AEBen aldera lerrokatzen, Europako Batasuna babesten eta neoliberalismo ekonomikoa bultzatzen. Hori zalantzan jartzen duten indar politikoak Parlamentutik kanpo daude.
Helsinkin 1975ean egin zen Europako segurtasunari eta lankidetzari buruzko gailurra Finlandiako historiaren zati oso garrantzitsua izan zen bloke kapitalista eta sozialistaren arteko harreman baketsuak sortzeko. Gaur egun, Finlandiako buruzagiek gerra bultzatzea dute helburu nagusitzat. Une honetan oso argi dago Finlandiako agintarien helburuak eta motibazioak ez datozela Finlandiako Estatuaren interesetatik, ezta haren independentziatik eta ongizatetik ere. Ez datoz finlandiar arrunten interesetatik ere, bakea baita gure etorkizunerako gehien inporta duena.
Finlandiako biztanleriak Ukrainari laguntza militarra eta finantzarioa ematea babesten du, baina aldea dago horren eta gerran parte hartzearen artean, eta Finlandiako biztanleria oso tinko dago gerran parte hartzearen aurka. Finlandiako biztanleriak laguntza horiek Errusiaren aurkako gerran zuzenean parte hartzeko bidea direla ulertuko balu, handiagoa izanen litzateke Finlandiako buruzagien ildoaren aurkako jarrera.
https://www.youtube.com/watch?v=oT7zA1QfUqo
joan mari beloki kortexarena
2026-09-22

Iruzkinak
Utzi iruzkina: