"FIFAk ez luke existitu behar"

"FIFAk ez luke existitu behar" EUSKAL HERRITIK | 2026-07-18 18:55

"FIFAk ez luke existitu behar"

Rolando Dromundo geopolitikan doktorea da. Halaber, analista politiko, kazetari eta idazle gisa dihardu mexikar honek. FIFA-k antolatu duen azken Mundu Txapelketaren azterketa zabala eskaintzen digu ordu beteko bideoan. Hona puntu batzuk bakarrik ekarri ditugu. Goiko izenburuak dioena berak esana da.  

Ezohiko mundiala izaten ari da aurtengo hau. 48 selekzio dituen lehena izateaz gain, beste zentzu batean ere atipikoa da. Herrialde bat gerran da beste parte-hartzaile baten aurka, AEBetako presidentea auzokoak gutxiesten, zirikatzen eta erasotzen daukazu; hortaz gain, Kanada 51. estatua izatearen ideiarekin jolasten eta aste batzuk lehenago arte Mexikoren aurkako balizko eraso militarrekin espekulatzen eta mexikarren aurkako oso diskurtso oldarkorra erabiltzen. Gainera, presidente estatubatuarrak ekitaldi honetarako propio sortutako zerbait jaso du, FIFAren bakearen saria. Hau da, FIFAk Donald Trumpi Bakearen Nobel Saria eman ez izana konpentsatzeko izan duen modu zentzugabea.

Oro har, hau guztia Munduko Txapelketa inguratzen duen gatazka politikoaren parte da. FIFAk kirol ekitaldia besterik ez dela esanen dizu, politikarekin zerikusirik ez duena… Donald Trumpi nahi duen guztia emateko logikan erabat murgilduta dagoen bitartean. Infantino eta Donald Trump gauza askotan datoz bat, izan ere, negozioak egiteko modu berbera baitute. Irabaziak maila guztietan maximizatzea da kontua. Eta berdin dio jendeak zer esaten duen, berdin dio estandar etikoak, berdin dio bitartean zer gertatzen den.

FIFAk akordio politikoak sinatzen ditu

Arazoak ez dira bakarrik sarrerekin, prezioekin edo gehiegikeriekin gertatzen, asko izanagatik ere, baizik eta gastatzen den diru publikoa herrialdeentzat inbertsio ikaragarria dela. Kanadan bi hirik bakarrik onartu zuten munduko txapelketaren egoitza izatea, Montrealek ez zuen FIFAk eskatzen zuen diru kopuru handia inbertitu nahi izan. FIFAk hiriak kontratuak sinatzera behartzen ditu, eta kontratu horietan zerga-salbuespenak, pribilegio asko eta euren komenentziara egokitu behar den lege-klausula mordoa lortzen dituzte. Beraz, erakunde politikoa edo estatua izan gabe, akordio politikoak sinatzen dituen erakundea duzu FIFA.

Kirolak egun kontraesan handia du. Kirol erakunde erraldoiek apolitikoak direla esaten dute, baina antolatzen dituzten ekitaldi erraldoien finantzaziorako, eta erakundeak bizirauteko, diru publikoaren beharra dute. FIFAk ezartzen ditu arauak, FIFAk ez du onartzen tokiko gobernuen esku-hartzea. Estatuak ekitaldietan diru kopuru izugarriak inbertitzera mugatzen dira.

Kontuen iluntasuna da gaur egun nazioarteko kirol sistema osoak duen kontraesan handienetakoa. Ez dago inolako gardentasunik, ez babesleak kudeatzeko eran, ezta hautagaitzak negoziatzeko moduan ere. FIFAren barruan ez dago kontuak emateko egiturak aldatzeko inolako asmorik. Eta estatuek edo nazioarteko erakundeek FIFAk duen boterea oztopatu, arautu, kontrolatu edo mugatzeko aukerarik ere ez.

Errusia, AEB, Israel…

Zurikeria handia dago honetan guztian. Parte-hartzearen gaian, adibidez. 2022an, Errusiak Ukrainari eraso egin zionetik 4 egunetara UEFAk eta FIFAk zigorrak eta debekuak ezarri zizkion Errusiari. Geroztik, Errusia UEFAren edo FIFAren lehiaketetan parte hartzeko aukeratik kanpo dago erabat. Baina zer gertatzen da Israelekin? Ez dago inolako zigorrik, ez asmorik, ezta Israelen aurkako zigorrak kontuan hartzeko iradokizunik ere. Eta zer gertatu zen Amerikako Estatu Batuekin? Irani eraso egin zioten. Eta nork zigortu zituen? Jakina, inor ez da ausartzen AEB zigortzeko ideia proposatzera. Beraz, alde horretatik, legea aplikatzerakoan bi bide daude.

Eskozia, herrialde independentea ez dena, FIFAko kide duzu. Baina Katalunia, independentzia helburu duena ere, FIFAtik kanpo. Erresuma Batuaren parte diren lurralde askok baimenduta dute FIFAn ordezkaritza propioa izatea. Curaçao, herrialde independentea ez den FIFAko beste kide bat -Herbehereetako erresumaren lurralde autonomoa da-, munduko txapelketan parte hartzen ari da. Kosovo ere FIFAko kide duzu, baina antzeko egoeran dauden Hego Osetia eta Abkhazia herrialdeak ez. FIFAk ez du irizpide finkorik. Adibidez, "Nazio Batuen onarpenik gabe gerra bat egiten duten edo herrialde bati eraso egiten dioten guztiak zigortu eginen ditugu” edo “Nazio Batuen Erakundeko kide diren herrialdeak bakarrik aitortuko ditugu”, gisako irizpiderik.

Irregulartasun asko dago lan egiteko moduan, baina argi ikusten da mendebaldeko ikuspegia nagusitzea ahalbidetzen duen eragin geopolitikoa. Horrela funtzionatzen du FIFAk. Aldi berean maximizatu nahi dira negozio-aukerak eta, batez ere, babesleei den-dena kontrolatzeko eta erabakitzeko aukera eman. Esaterako, aurtengo hidratazio etenak kritika ugari sortu du mundu osoan, babesleei bi zatietan bina minutu gehiago emateko modua baino izan ez delako. Babesleek agintzen dute eta gainontzekoak berdin dio, futbola ez da lehentasuna.

Dirua korporazioen eskuetan geratzen da

FIFAren 2.034ko mundialaren egoitza bakarra Saudi Arabia izanen da. Saudi Arabiak badu dirua, baliabideak eta, batez ere, dena kontrolpean izanen duen gobernua. Ez dago, "Hau ez dut gustuko, hau ez da ideiarik onena, hau gehiegiko gastua da", esan ahal izanen duen oposizio politikorik. Gobernuak oso aktiboak dira ekitaldi erraldoi horien negoziazioetan. Juan Antonio Samaranchek, 70eko hamarkadan COI-ko presidente zenak, behin esan zuen: "Nahiago dut oposiziorik eta kritikatuko gaituen demokraziarik ez dagoen herrialdeetan ekitaldiak antolatu, askoz praktikoagoa baita". FIFAri ez zaio axola politikariek lortzen duten etekin politikoa. Nahi duten guztia jasotzen badute, ongi da. Ekitaldi erraldoi hauetan gastatzen den diru publikoa gutxitan egiten dio ekarpen positiborik jendeari. Diru guztia korporazioen edo antolatzaileen eskuetan geratzen da.

FIFAk berehala mehatxatzen du zigorrekin edo herrialde bat munduko txapelketatik kanpo uztearekin. Adibidez, Iran txapelketara ez joateko ideia aztertzen aritu zen, egun bizi duen egoera kontutan hartuta. Eta FIFAk berehala erreakzionatu zuen, zigorrekin mehatxu eginez, parte ez hartzea erabakitzen bazuten zigortuak izan zitezkeela esanez. Aldi berean, Donald Trumpek ez zuela Irango talde nazionalaren segurtasuna bermatzen zioen. Egoera guztiz zentzugabea. "Tira, hau gehiegikoa da" esanen duen herrialde multzoa behar da. Eta hori potentzia global batzuetatik etorri behar da. Posible dela uste dut, baina oraintxe bertan ez dut borondate politikorik ikusten.

FIFAk ez luke existitu behar

Mundialaren inguruan politika eta geopolitika beti daude presente eta garrantzitsua da erabiltzen den gastu publiko guztia kontrolatzea. Garrantzitsua da dirutza horiei mugak jartzea. FIFAk ez luke hainbeste botere izan behar, ez luke existitu behar. Munduan milioi asko duenik egon behar ez lukeen bezala, ez luke egon behar FIFAk adinako boterea duen, erregulaziorik ez duen eta kontuak ematen ez dituen erakunderik. FIFAk kontuak eman behar ditu, mugak behar ditu. Estatuek modu aktiboagoan inplikatu behar dute muga horiek elkarrekin ezartzeko, Nazio Batuen, UNESCOren… bitartez

https://www.youtube.com/watch?v=TnwSZs2ZAuo

joan mari beloki kortexarena

2026-07-18


Utzi iruzkina: