EZKERRAK ETA TXAKETAK ("Bikila"ri erantzunez)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-01-28 18:01

belokijmari@gmail.com 1738083999715

"Bikila"ren artikulua: https://zuzeu.eus/mundua/begirada-estrabikoak-ukrainiako-gatazkari-begira/

Aspergarri egiten zait beste norbaitek idatzitako iritzi-artikulu bati erantzutea, baina Joxe Iriartek bere azkenean nire izena aipatu duenez, behartuta nago erantzutera. Are aspergarriago aurkariak errespeturik gabe idazten duenean. Izan ere, ni ez bainaiz deusetan “txapeldun” (sic). Dirudienez, gizon horrentzat ni korronte politiko berri baten bozemale edo liderra naiz. Ez, ba, pertsona arrunta naiz, bizi osoan ezkerreko eta abertzalea izan den militante politikoa izan dena eta inoiz txaketarik aldatu ez duena. Beste batzuek, aldiz, txaketa bat baino gehiago daukate armairuan eta, giro politikoaren arabera, bat edo beste janzten dute. Adibidez, batzuek atzo Leon Trotskiren ezkerreko ideiak defendatzen zituzten eta gaur elite ekonomikoen aldean kokatzen dira barrikadan.

Joxe Iriarte bezalakoek egiten dizkidaten kritikak Europako errealitate politikoa errusofobiaren betaurrekoen bitartez ikusten dutenek egiten dizkidate. Errusiaren aurkako gorrotoak itsutu egiten dituzte eta oharkabean inperialismo yankiaren hatzaparretan bukatzen dute. 1945. urtetik hona inperialismo bakarra da planeta osoan, yankiena. Yankiek antolatu dituzte guda guztiak Vietnamen, Afganistanen, Iraken, Libian, Sirian… Nikaraguan, El Salvadorren, Kuban, Jugoslavian eta beste hamaika lekutan egindako bonbardaketak eta sarraskiak ahaztu gabe.

Zerrenda luze horietako beste bat gehiago da Ukrainako guda. Errusofobiak jota daudenek 2022an kokatzen dute hasiera. Ez dute ikusi nahi guda 2014an hasi zela eta bere gertueneko aurrekariak 1990ean kokatzen direla, SESB desegin zenean. 35 urte dira yankiek, Europako elite ekonomikoek lagunduta, NATOren arma hilgarriak Errusiaren mugarantz zabaltzen hasi zirela, noizbait herrialde erraldoi horri ekin eta desegiteko asmoz. Ahaztu nahi dute 2014an yankiek antolatu, babestu eta gidatu zutela Maidango estatu-kolpea, Gobernu berria nazi banderisten esku utzita. Ahaztu nahi dute Zelenskik, AZOVeko naziek zuzenduta, Ukrainan diktadura zorrotza ezarri zuela, aurkari politikoak legez kanpo utzita eta kartzelatuta. Ahaztu nahi dute 2022rako NATO Ukraina osoan hedatuta zegoela, Europako armada indartsuena bertan osatuta zuela eta Errusiako mugetan CIAk behatoki eta laborategi ugari zeukala eraso desberdinak prestatzen.

Ez dute gogoratu nahi 2014an eta 2015 Ukrainak eta Errusiak Minsken bake-akordioak sinatu zituztela, Europako eragileen begiradapean, hauek babestuta. Ez dute gogoratu nahi Istanbulen 2022an berriz ere Ukraina eta Errusia adostasunera iritsi zirela hitzarmen-agiria sinatzeko eta Biden-Johnson bikoteak behartu zuela Ukraina gudan jarraitzera. Garai batean ezkerreko sentimendua zutenek memoria selektiboa dute eta ez dute gogoratzen Ukrainako Gobernuak Donbassen milaka zibil hil dituela eguneroko bonbardaketaren bitartez azken hamar urteotan. Gogora dezagun, bidenabar, bonbardaketa horiek egunero-egunero egiten jarraitzen duela gaur egun Zelenski diktadorearen armadak, egunero hildako eta elbarritutako zibilak eraginez. Gogora dezagun ere, Errusiako Kursken inbasore ukrainarrek aitona-amonak torturatuta hil dituztela eta eskuak lotuta azaldu direla hamaika basakeria jasan ondoren.

Memoria selektiboa duten ezkerreko hauek ez diote garrantzirik ematen egun pairatzen dugun zentsurari. 2022tik ezin dugu komunikabide errusiarren informaziorik jaso. Haientzat, nonbait, xehetasun honek ez du eraginik gure bizimoduan. Zer motatako demokrazia nahi dute zentsura babesten duten ezkerreko hauek? Zentsura ezarri ziguten politiko berak dira urtarrilaren 17an, Auswichzen, bertako kontzentrazio-esparruaren liberazioa ospatu zutenak. Esparru horretan bertan milioi bat pertsona baino gehiago hil zuten alemaniar eta poloniarren oinordekoak ongi ordezkatuta zeuden, baita egungo nazi ukrainarren buru den Zelenski ere. Baina Auswichzen oraindik bizirik zeuden milaka presoak askatu zituzten Armada Gorriaren oinordekoak -egungo errusiarrak- ez zituzten gonbidatu. Zentsura ezartzen diguten berak dira Hiroshiman eta Nagasakin abuztuan egin ziren oroitzapen ekitaldietan hizlariek bonba atomikoak bota zituztenak yankiak izan zirela isilik gorde zutenak. Historia aldatu nahi digute, askatzaileak lehen eta orain yankiak izan zirela eta direla saldu nahian, eta errusofobiak jota memoria selektiboa duen  ezkerrak onartu egiten du isilik.

Ezker berak babes osoa ematen dio gaurko EBri. Europako elite ekonomikoek, AEBetakoekin bat eginda, herritarren presioa ekiditeko antolatu zuten tramankulu mafioso horri. Bonba, misil, tanke eta balaz ongi hornituta, aurrerago Errusiari berriz ekiteko, gure sakeletatik ateratako dirutzarekin BPGren portzentajea %5era igo nahi duten Von der Leyen, Kallas, Rutte eta enparauei jarraituz. Errusofobiak hiltzaileen aldera eraman ditu egungo ezkerrekoak.

Ezker honek ultra izatearen etiketa dutenei ezker historikoaren betiko aldarrikapenak oparitu dizkio. Azken hamarkadetan elite ekonomikoek, ezkerrari burua jateko asmoz, wokismoa asmatu zuten eta erronka aise irabazi zuten. Ezkerrak norabidea osotara galdua du eta gaur, adibidez, ahaztua du ugaztunok bi generotan sailkatzen garela: arrak eta emeak. Ezkerrak lehen uste zuen aldaketa klimatikoa ozono-geruzan zuloa sortu zelako zela. Geroago, baserritarrek dauzkaten behiek botatzen dituzten putzen eraginez. Gaur, autoen kutsaduragatik. Zein izanen da hurrengo eragilea? Memoria selektiboa duen ezker horrek ahaztu egin du migrazio erraldoia kolonizatzaileek eragin dutela, beren interesen arabera, eta arazoa etorkinen herrialdeetan inbertsioak handituz eta langile kualifikatuak prestatuz konpontzen dela. Wokismoak meningeak nahasi egin dizkio ezkerrari.

Generoa, klima, etorkinak… hamaika kezka, baina garrantzitsuena ahaztuta. Industriaren iraultza indartzen hasi zenetik, langileek oso argi izan zuten gizartean zegoen kontraesan handiena nagusi eta langileen artekoa zela. Aurretik aristokraten eta morroien artekoa zen bezalaxe. Gaur ere kontraesan nagusia aberatsen eta herritar xumeen artekoa da, haiek dirutza izugarria eta herritarrek alde-aldera bizitzeko nahikoa ez dutelako. Ezkerra ez da klaseen arteko borrokaz mintzatzen. Motorra gripatuta edukitzearen ondorio.

Elite ekonomikoek nolako mundura ekarri gaituzten ulertzeko beste bi aipamen: batetik, hamarkadetan arazorik izan ez duten Baltikoko Itsas azpiko kableak egun gutxitan zazpi (!) aldiz azaldu dira moztuta, interneten erabilera kaltetuz diotenez. Errudunak, noski, txinatarrak eta errusiarrak izan omen dira. AEBetatik esan dute istripuak izan direla, baina bada ezpada Baltikoko Itsasoa untzi militarrez betetzen hasi dira. Eta, bigarrenik, Siriako Gobernuan aspaldiko urteetan terrorista ezagunak izan direnak jarri dituzte. Bideo ugaritan ikusi dugu bere jendea gaztetxoei buruak mozten, gizonak kristau izateagatik kalean kolpeka hiltzen… eta, puntaren puntan, Justizia ministro berria emakume bat kalean tiroz hiltzen, semearentzat txaketa gorria zeramalako.

Joxe Iriarte, hobe huke ezkerra birmoldatzen saiatu, ni bezalako pertsona arruntari koplak ateratzen saiatu baino. Barrikadaren alde desberdinetan gaudek. Nik frankismoaren azken urteetan eta ondorengo hamarkadetan neuzkan leku berean zauzkaat burua, bihotza eta txaketa. Hik ez.

joan mari beloki kortexarena

2025-01-28


Utzi iruzkina: