EZKERRA BERRITU

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-02-04 19:29

belokijmari@gmail.com 1738711007294

Europako bi poloak

Europako mendebaldean, bertako elite ekonomikoek azken hamarkadetan AEBetako elite ekonomikoekin bat eginda jardun dute, globalismoa sustatuz. Estatuen subiranotasuna globalismoa ezartzeko traba handia zen. Arazoa gainditzeko, Europako Batasuna izeneko proiektua abiarazi zuten. Langile eta herritarrak beren eskubideak ezin defendituz geratu ziren, denentzat urruti geratzen baitziren instituzio eta arduradun politiko guztiak.

Europako ekialdean, Errusiak Europako mendebaldearekin elkar lanean jarduteko apustua egin zuen. Bere petrolioak eta gasak merke saldu zizkigun eta ekonomia suspertzeko aukera eman zigun. NATOn sarrera eskatzera iritsi zen, Europa osoaren segurtasuna elkarrekin adostua izan zedin. Baina mendebaldarrek -aspaldiko asmoei eutsiz- bizkar ematea erabaki genuen eta guda bortitzaren bitartez erantzun genion. Helburua: “Errusia estatu txikiagotan zatitzea” (Kaja Kallas, EBren Presidenteordea, 2025eko urtarrilean).

Europako mendebaldean, eskuina eta ezkerra larri

Orain, Europako mendebaldeko elite ekonomikoak larri daude. Ukrainan guda galtzen ari dira eta beren egitasmo nagusia -Europako Batasuna- desagertzeko arriskuan ikusten dute. Hortaz gain, urtarrilaren 20tik hasita, Trumpek ezarriko dituen muga-zergak, batetik, eta NATOren inguruan azaldu dituen zalantzak, bestetik, iparra galduta geratu dira noraezean eta estu. Egoera honetan murgilduta, Europako mendebaldeko eskuin globalista gudazalearen etorkizuna oso iluna da. Hortaz gain, Alemanian, Hungarian, Austrian… bestelako eskuina, gudaren aurkakoa eta subiranista esan litekeena, indartuz doa eta haize guztiak alde ditu. Hauteskundeetan gero eta boz gehiago jasotzen ari da, Ukrainako guda nahi duen amaierara iristen ari da eta Trumpen bultzada ere alde du. Le Pen eta Meloni ere ez ditu oso lagun.

Mendebaldeko eskuin globalistarentzat garaiak zailak badira, beste hainbeste esan dezakegu ezkerrarentzat. Aspaldiko urteetan elite globalistek ezarritako bideari jarraitzen eroso sentitu da eta orain, eliteei arazo larriak sortu zaizkielarik, bera ere iparrik gabe eta deseroso aurkitzen da. Maastrichten, 1993an, EB izeneko egitasmoa abian jarri zelarik, oso kritika zorrotzak egin zizkion, “merkatarien” Europa zela eta halakoak esanez. Duela hiru hamarkada mendebaldeko ezkerrak oso garbi zuen EB proiektua aberatsen aldeko zerbait zela eta herritarrak salduta geratzen zirela beren burua defendatzeko aukerarik gabe. Garai hartako ezkerrak guztiz zuzenak ziren kritikak egin zizkion egitasmoari, baina denboraren joanean ahaztuta utzi ditu bide bazterrean.

Ezkerraren bilakaera okerra

2014an Ukrainako Gobernuak Donbassko genozidioari hasiera eman zionean, ezkerra isilik geratu zen. Palestina eta Saharari eman ohi zion arreta ukatu egin zien bonbapean bizi ziren ukrainarrei.  Mendebaldeko ezkerrak inoiz ez du ulertu inguru haietako egoera politikoa. 2014an naziek diktadura ezarri zuten eta, errusiarrak 2022an beren senideak nazismotik libratzera joan direlarik, inbasioz mintzatzen da.  Gobernu naziak Ukraina NATOn sartzeko apustua egin zuen, Errusiak horri marra gorria aspaldi jarrita zion arren, eta ezkerrak horri ez dio sekula garrantzirik eman. Agian yankiak Errusiako armadaren misilak Mexiko, Kanada edo Kuban onartzeko prest leudeke?

Azken hiru urteotan Europan dugun arazorik larriena den Ukrainako Guda amaierara hurbiltzen doan garaiotan, Europako ezkerraren ahulezia gero eta nabarmenago ageri da. Aski dela Ukrainako Gobernu ustelari dirua ematea, aski dela Ukrainara arma gehiago bidaltzea, milioitik gora hildako eta elbarri eragin duen guda bukatu beharra dela… gudaren inguruko aldarrikapen guztiak eskuinak bere egin ditu, ezkerra zeharo galduta geratu den bitartean, isilik, itsu eta geldirik. Europako mendebaldean ezkerra jota dago. Lehendik EBren politikei aurre egiteari uko egin ziolako; orain, Ukrainako Gudan galtzaileen alde egin duelako.

Europako mendebaldeko elite globalistek ezkerraren jarduera aldarrikatzailea gerarazteko asmoz wokismoa asmatu eta zilarrezko erretiluan eskaini zion. Ezkerrak irentsi egin zuen amarrua eta aldarrikapen minoritarioetan murgildu zen buru-belarri, betidanik herritar guztioi larriki eragin izan diguten arazo ekonomikoak alboratuta. Inoiz ekimen politikoa berreskuratu nahi badu, ezkerrak langile, pentsiodun eta herritar ororen aldeko aldarrikapen ekonomikoei eutsi beharko die lehentasunez. Ezkerrak lehentasunak identifikatzen ikasi behar du.

Europako ekialdean, Errusia bizkor

Europako ekialdean, Errusia bizkor dago. Herritarrak bat eginda daude beren presidentearen inguruan, eta babes osoa ematen diote, herri bezala biziraupena ziurtatzen ari zaielako. Ukrainako Gudan prezio handia ordaintzen ari den arren, Errusiako estamentu eta gizarte-sektore guztiak bat eginda daude, estrategia bakarrean; oligarkia, armada, Eliza Ortodoxoa, sindikatuak, alderdi politikoak, herritarrak... denek elkar hartuta dihardute. Batasun hori ari zaie bermatzen garaipena guda bortitz horretan. Inperialismo yankieuroparrak 1990ean hasitako etengabeko mehatxuak eragindako batasuna, hain zuzen. Europako mendebaldean, berriz, oligarkiak arrazoi batzurengatik eta ezkerrak besterengatik, arazo asko dute etorkizunari begira, denetan larriena noraeza delarik.

Ezkerraren lehentasunak

Europako mendebaldean ezkerra urrats serioak eman beharrean da. Lehenik, aurre tinko egin beharko die egitasmo globalistari eta bere ikur nagusiak diren Europako Batasunari eta NATOri. EB ustelkeriak jota dago eta ez digu herritarroi zerbitzen. NATOk, berriz, orain arteko dirutzak baino lau bider gehiago kendu nahi digu, osasun-sareari, hezkuntza-sistemari, pentsioei eta gainerako zerbitzuei dirutzak handiki murriztuz. Donald Trumpek BPGaren %5 eskatzen du. NATOren buru Mark Ruttek, berriz, %10. Milaka milioi armatarako, 4-5 urte barru Errusiari beste guda bat eratzeko asmoz. Herritarrok ezin dugu diru-xahutze hori onartu, gizartean ehunka mila pertsona bizitzeko nahikoa ez dutelarik.

Ezkerrak lehentasuna aldarrikapen ekonomikei eman behar die berriz ere. Pentsio, lan baldintza, soldata… duinak exijitzea izan behar du lehentasuna. Hor aise, erraz eta ongi bilduko ditu herritarrak bere inguruan. Euskal ezkerraren kasuan, Euskal Herriaren subiranotasuna ere lehentasunen artean izan beharko du. Testuinguru egokia suertatzen denerako prest egon behar baitugu urrats garrantzitsuak emateko.

Euskal herrian, autokritika

Europan ezker berriak sortzen hasiak dira. Alemanian Sahra Wagenknechten BSW alderdia. Penintsulan “Soberanía y Trabajo” izenekoa. Euskal Herrian ere antzeko alderdirik behar al dugu? Nik garbi dut ezetz. Oraingoz behintzat. Herri zahar honek mendeak daramatza gudatan parte hartzen eta matxinadak antolatzen bere biziraupenari eusteko. Borrokaren sena euskaldunon DNAn, kontzientean eta subkontzientean txertatua dugu. Ez da tresna berririk behar. Euskal Herriak ez du ezker berriren abenturarik behar. Hori bai, azken urteetako ibilbidearen azterketa patxadatsua egin beharra du, autokritikatik abiatuta, indar metaketa zabala helburu.

Europa eta mundua astinduta daude. Hegemonia polobakarra bere azkenera iristen ari da eta mundu poloanitza indartzen ari da. Hegemonia duenak ez du botere hori galdu nahi eta indarkeriara jotzen du hari eusteko. Mugimendu tektoniko erabakigarriak gertatzen ari dira geopolitikan. Europa iraultzen ari da eta euskaldunok ezin dugu politikarik egin errealitate horiei begiratu gabe. Euskaldunok ohituta gaude politika zilborrari begira egiten, baina burua jaso eta munduko mugimendu berri eta sakonei erreparatu behar diegu. BRICSen betaurrekoak jantzita hasi behar dugu geopolitikari begiratzen.

joan mari beloki

2025-02-04


Utzi iruzkina: