EUSKARA, GUDA EREMU

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-11-20 01:27

belokijmari@gmail.com 1700440232666

Euskal Herri osoan bezala Nafarroa Garaian ere euskararen eremuan guda bortitza ematen ari da. Alde batean euskaltzaleak, eta bestean administrazio espainiarra, autonomoa eta herritar ugari. Arazo guztietan bezala, bazterrean sektore bat geldirik, behiak trenari begiratzen dion bezala deusetan inplikatzen ez dena.

Euskaltzaleok lurralde euskalduna irudikatzen dugu geure ametsetan, non administrazio ezberdinekiko harremanak euskaraz egin ahal izanen ditugun eta herritar gehienekin ere. Demagun hori dela gure helburua. Iristeko bide luzea geratzen zaigu, ez da hala? Baina guda honetan aurka ditugunak  ez daude lo. Administrazio ezberdinetako instituzio gorenak alde dauzkate eta hauen helburua ez dator bat gurearekin. Aitzitik, aktiboki hartzen dute parte guda honetan eta traba ugari jartzen diote euskararen garapenari eta zabalkundeari.

Euskal Herrian gazteen artean % 25 omen da euskalduna. Goian aipatu dugun helburua lortzeko kopuru hori gutxienez hirukoiztu egin beharko genuke. Eta nola egiten da hori? Euskararen etsaiak egiten ari diren higatze lanari aurre egiteko arma desberdinak erabili beharko ditugu. Gogora datorkit duela hiru hamarkada inguru ultzamar batek esan zidana. Franco hil eta gero, bi aukera eskaini zitzaien gurasoei eskolan, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Hasieran gehienak gaztelaniazkoa hautatu zuten. Baina denboraren joanean, gurasoak beren hautua aldatuz joan ziren eta halako batean Hezkuntza Departamenduak soilik euskarazkoa mantentzea erabaki zuen matrikulazioaren datuei erreparatuta. Zergatik aldatu zuten gurasoek jarrera? Nonbait, euskarazko lerroan nagusi zen giro alaia izan zen eragile erabakigarria. Horra hor eredu bat.

Ezin utziko dut aipatu gabe Errigora herri ekimena. Ager Vasconum lurraldean euskarari bultzada emateko asmoz sortua. Eremuan ekoizturiko produktuak Euskal Herri osoan saldutakoaren dirutzaren zati bat euskara indartuz diharduten kolektiboei deusen truke ematen zaie. Euskaltzaleak ohartu dira herritarron esku dagoela euskararen etorkizuna, ez administrazioenean. Hauen gaur egungo lana oztopoak jartzea da nagusiki. Instituzio propioak izan arte gaurkoen jokabidea ez da aldatuko. Eta aurka diharduen herritar multzo zabal batena ere ez, zoritxarrez. Behin irakasle batek urte batez Erriberako herri batetan izan zuen esperientzia txarra azaldu zidan. Herri hartan gurasoek ezin zuten euskarazko eredurik aukeratu ateak itxita zituelako -gaur egun bezalaxe, esan beharra da-. Baina euskara gai bezala ikas zezaketen astean ordu pare batez. Eguberriak iritsi zirenean Olentzerori ongi etorria prestatu zion ikasle horiekin batera, gurasoen laguntzaz. Ba, irakasle gehienak aurka azaldu zitzaizkion eta gorrotoz baztertua eduki zuten handik aurrera. Asko sufritu zuen urtea amaitu arte.

Guda eremu honetan argilunak ditugu. Alde batean euskararen aldekoak umoretsu ekimenak garatzen eta asmatzen gero eta jende gehiago izateko eta, beste aldean hauei jazarrita aurkakoak, gorrotoaren gorrotoz eta kopetilun, dugun kultur ondare baliotsuenari ateak itxi nahian han eta hemen. Batzuek euskara ikasiz, besteak beste  lana errazago aurkitzeko eta besteak, euskara ikasi beharrean, lubakiak egiten euskara dutenek lana ken ez diezaieten.

Sare sozialetan hainbat euskaltzale azaltzen ari da maiz PSNrekin Gobernu berria negoziatu duten eragile politikoak kritikatuz. Txibite lehendakariaren alderdia euskarafoboa dela eta, nola litekeen alderdi horrekin traturik egitea aurpegiratuz. Ea. Lagun batekin oporretara joatea erabakitzen dugunean, bidaia hori positibotzat jotzen dugulako egiten dugu, ez da? Ziur ez dugula laguna gizaki perfektu bezala ikusten, baina ematen diguna kentzen edo oztopatzen diguna baino norbait bezala hartzen dugu, noski. PSNrekiko tratuak honela hartu behar ditugu ezinbestean. Era berean, PSNk hobe du lehenbailehen bere buruari galdetzea ea noiz arte jarraitu behar duen bide anker horretatik, lehenago edo beranduago norantza 180 gradutan aldatu beharko duela aurreikusita.

Euskaltzaleok herrialde osorako ofizialtasuna eskatzen segituko dugu. Tresna garrantzitsua baita euskararentzat, zalantzarik gabe. Baina gure hizkuntzaren etorkizuna ez datza horretan, herritarron ahaleginetan baizik.

 

joan mari beloki kortexarena

2023-10-30


Utzi iruzkina: