Euskaldunontzako termometroa (II)

Euskaldunontzako termometroa (II) EUSKAL HERRITIK | 2026-09-30 16:39

Euskaldunontzako termometroa (II)

Aurreko atalean Euskal Herriko eragile politikoen tenperatura politikoa neurtzeko parametro batzuk eskaini genituen. Burujabetzaz jardun genuen gehienbat. Ez genuen gehiegi sakondu, ordea, nork duen burujabetzaren inguruan interesik handiena. Asko dutenek ala herritar xumeok? Asko dutenek globalismoaren aldeko apustu garbia egina dute aspaldi. Mundu osoa azoka bakarra izatea nahi dute, garai bateko anarkismoak zioen bezala, mugarik gabe eta estatu burujaberik gabe. Herritar xumeok, berriz, geure nortasunaren arabera, geure kulturaren arabera, eta geure baliabideez baliatuta bizi nahi dugu, munduko beste herri guztiekin geurea partekatuz. Horra hor gaurko sokatira.

Duela zazpi hamarkada, euskaldunon artean ohikoa zen politikaz hitz egitea. Orduan lagunekin egunero egiten zen poteoan ia ez zen beste hizketagairik izaten. Franco eta bere urtegiak, poliziaren errepresioa, Europak lagunduko ote zigun… Aurrerago, batzuk marxismoaz, kapitalismoaz, sozialismoaz… gero eta gehiago hitz egiten hasi ziren. Oro har, jendeak ez genekien deus politika kontuetan. Nola ikasiko genuen, ba, diktaduran! Baina interesa handia zen, Franco zahartzen ari zen eta luze gabe aldaketak etorriko zirela eta, jendea antolatzen hasi zen. Poliki-poliki kontzeptu garrantzitsu batzuk ikasi genituen:

  1. Langileok, geure egoera ulertu eta baldintzak hobetzeko, marxismoaren oinarriak ezagutzea mesedegarria zela.
  2. Klase-borroka. Gizartea bi multzotan desberdinduta dagoela, burgesia eta langileria. Eta beren interes ezberdinak tarteko, etengabeko talkan bizi garela.
  3. Sistema honek egoera bidegabea betikotzen duela eta alternatiba aurkitu behar zaiola. Honela sozialismoa, komunismoa eta anarkismoarekin egin genuen topo. Azkar samar garbi geratu zitzaigun oraingoz sozialismoa borrokatzea aski dela. Gero gerokoak.
  4. Gainbalioa/Plusbalioa. Enpresarioek langileei ez dietela ekoitzi dutena ordaintzen eta kentzen dieten alde horrekin izugarrizko dirutzak ari direla pilatzen.
  5. Langileek ez dute lana eta ez enpresaren baldintzak kontrolatzen. Arrotzak dira beren izerdiaz aurrera ateratzen ari diren lantokietan. Lantokian ezin dute deus erabaki.

Komunismoa, klaserik gabeko gizarte bezala ulertuta, urruti ikusten genuen. Anarkismoa, estaturik eta mugarik gabeko mundu bezala ulertuta, are urrutiago. Hortaz, sistema sozialista zen gure borroka, soldata eta lan-baldintza duinak bermatuko zituen sistema bezala ulertuta. Ekoizpen-bitartekoen jabetza langileon esku geratzea ere urrutiko kontua zen orduan gutako askorentzat.

1939-1975 bitartean 36 urte luzez iraun zuen diktaduran bizi izan ginen euskaldunok. Gure ohiturak, kultura, instituzioak… gure identitatea osatzen duen den-dena ukatuta. Inorentzat ez, baina bereziki gazteontzat, ez zen erraza politikoki lanean nondik hasi ikustea.

Hala ere, euskaldun ausart batzuek euskara erakusten hasi ziren eta horrela ikastolak sortu zituzten, eskola etxean emanda. Artearen munduan ere artista batzuk hasi ziren geurea erreklamatzen. Arlo politikoan, 1959an azken matxinadaren hasiera izan zen eta 2011ra arte iraun zuen. Urteen poderioan, milaka lagunen babesa lortu zuten autodeterminazioaren eta erabakitze-ahalmenaren inguruan. Eztabaida politiko sutsuak izan ziren urte horietan eta euskal gizartea berehala zatitu zen bi multzotan. Burujabetza nahi zutenak, batetik, eta estatuaren barruan jarraitzea nahi zutenak, bestetik. Lehenbizikoek Euskal Herri mailako egiturak eta dinamikak nahi zituzten eta bigarrenek estatu mailakoak. Abertzale batzuei eta “españolista” besteei esaten zitzaien garai haietan.

Geroztik aldaketa handiak gertatu dira Euskal Herrian. Azken 15 urteotan desideologizazio izugarria izan da eta gizartea desmobilizatuta dago. Sistemak jendearen burutik osotara ezabatu ditu goien aipatu ditugun kontzeptuak eta gaur egun kalean ez da sistemari min egiten dion bideez hitz egiten. Sistemak baliabide ugari du horretarako. Komunikabideak dira zeregin horretan indartsuenak. Bestalde, herri mugimendua geldiarazteko hamaika GKE asmatu du. Soros eta enparauek nahierara darabiltzatenak. Orokorrean, azken hamarkadetan, kolektibo horiek izan dira era guztietako borrokak geldiarazteko sistemak erabili duen tresna eraginkorrena. Wokismoa edo woke ideologia ezarri dutenak gazte askoren buruan.

Wokismoa, sistemaren tresna

Ibili eta buelta, wokismoak jendea nahastea lortu du. Desideologizazioaren beste aldea da. Ahurra eta ifrentzua. Euskal Herrian gazteria despolitizatuta dago. Gehienek ez dute langile-klasearen kide izateko kontzientziarik. Politika ez da gazteen balioen artean kokatzen. Ez dute frankismoa eta ondorengo 30-35 urteak ezagutu dituzten belaunaldien eskarmentua. Hauek hil artean eutsiko diete lehengo iritziei, urte horiek oso gogorrak izan zirelako eta politikoki oso markatuta geratu zirelako. Woke ideologia nagusi den neurrian gazteria bigarren mailako arazoekin nahasita geratuko da eta bere burua defenditzeko ahulago azalduko da sistemak jarriko dizkion erronka gogorren aurrean. Ikuspuntu horretatik egoera larria da eta Euskal Herriak esnatu egin beharko du, etorkizuna gazteen gain eraikitzen baita. Azter dezagun arazo pare bat:

  • Arrazakeria: Euskal Herrian inoiz ez da arazo berezirik izan alor honetan. Industriaren iraultza gertatu zenean, dozenaka mila etorkin etorri zen estatutik eta, nahiz uholde horrek nahiko buruhauste sortu zigun geure hizkuntzari eta kulturari eusteko, arazoa talka handirik gabe bideratu zen. Geroztik Afrikatik, Latinoamerikatik eta beste leku askotatik etorri diren etorkinek euskaldunokin ez dute arazo aipagarririk izan. Wokismoak alor honetan arazo berriak sortu besterik ez du egin, etorkinen etorrerari arrazionaltasunak eskatzen duen mugarik jarri nahi ez izatean.
  • Transgenerismoa/transexualitatea: Euskal Herriko datuak ez ditugun arren, mundutik iritsi diren haizeen eragina larria izateko arriskua dugu. Haurtzaroan tratamendu berezia behar duten neska-mutikoen kopurua betidanik izan da oso txikia. Wokismoak eraginda, gero eta nerabe gehiagok uste du generoa aldatu egin lezakeela eta beste generoko pertsona normala bezala bizi litekeela ezaugarri fisikoak bakarrik aldatuta. Testigantzak asko eta izugarriak dira eta wokismoak gazte asko darama hondamendira.

Bi arazo horiek bezala, klima-aldaketaren eztabaida amaigabea aipa dezakegu eta beste hainbat. Baina non geratu dira artikuluaren hasieran aipatu ditugun ikasketa eta eztabaida politiko haiek? Orain aitona-amonak garenon ilobentzat ez al dira garrantzitsuak, agian, Karl Marxek langile-klasearen inguruan egindako hausnarketak? Eta, adibidez, Mendebaldetik kanpo burujabetzaren inguruan BRICS lantzen ari den nazioarteko elkartasunaren berri izatea?

Termometroa osatuz

Lehenengo atalean lau parametro proposatu genuen euskal eragile politikoen tenperatura politikoa neurtzeko. Osa dezagun zerrenda, ausarki berriz ere, eduki berrirekin:

  • Nazioartea. Egun globalizazioa da munduko aberatsen hautua, hura indartzeko herrien burujabetasuna desaktibatzea dutelarik lehen zeregina. Langileona, berriz, kontrakoa. Burujabetasuna bihurtu da globalizazioaren aurkako tresna nagusia eta Euskal Herriak borroka horretan punta-puntan azaltzea nahi dugu. Europako Batasuna geure kontinentean globalisten tresna preziatuena denez, hura desegitea zeregin garrantzitsuenetako bat izanen da ezkerrarentzat. Europa bat eta osoa nahi dugu, Lisboatik Vladivostok-eraino. Herri burujabeen elkartasunerako lekua BRICS da, eta nazioarteko elkartasuna -emigrazio lekuetan inbertsio ekonomikoak sustatzea bezala ulertuz- lantzeko gunea ere.
  • NATO. Sobiet Batasunari aurre egiteko sortu zen erakunde militar honek, duela 35 urte Sobiet Batasuna desagertu zenetik, funtziorik eta helbururik gabe geratu zen. Azken urteotan Errusiari ekiteko lana hartu du bere gain eta geroztik gerra gidatu eta suspertu besterik ez du egin. Europa mendebalde osoa inplikatu du zeregin horretan eta gure esku dago gerra horrekin deus ez dugula jakin nahi esatea eta dinamika horretatik alde egitea. Alemania eta enparauak armadak indartzen ari dira eta gazteak nahitaezko soldaduskara deitzekotan dira. Intsumisioa prestatzeko garaiak iritsi direla dirudi. Faxismoa eta nazismoa indartzen duten dinamikei bizkarra eman behar diegu.
  • Ezker politikoa. Ezkerra langile-klasearen interesekin egon da beti lotuta eta sozialismoa erreibindikatu du historikoki. Horrek talka egitera eraman du beti aberatsen interesak defenditzen dituztenekin. Praxi politikoan ikusi behar da hori eta mobilizazioen bitartez erantzun behar dio gobernuen utzikeriari eta aberatsen interesekin bat egiten dutelarik.
  • Komunikazioa. Sistemak komunikabideen bidez bermatzen du gizartearen homogeneizazioa, non indibidualismoa eta kontsumismoa nabarmentzen diren balio arbuiagarriak diren. Komunikazio sare alternatiboa eratu beharko da, sistemaren babesetik aparte. Ezkerreko indarrek borroka ideologikoa garatu behar dute herritarrok komunikabideen presioari aurre egin ahal izan diezaiogun. Egun wokismoa sistemaren euskarri garrantzitsua dela salatzea ezinbesteko zeregina du.
  • Ekonomia. Zerbitzu publiko duinak bermatu behar zaizkio herritarrari, osasun- eta hezkuntza-sareak bereziki. Etxebizitzen espekulazioari amaiera eman behar zaio. Langile helduei pentsio duina bermatu behar zaie. Energia publifikatu egin behar da eta herritarrari gasaren eta argiaren prezio eskuragarriak bermatu. Estatuak ekimen pribatuari mugak ezarri behar dizkio, herritarren interesak lehenetsiko dituen gobernuaren plangintza ekonomikoaren baitan.
  • Kultura. Burujabetza identitatearekin lotuta dago. Herri burujabearen lehentasunetako bat da bere kultura sustatzea. Gure kasuan, euskara bertako herritar guztiek ikas dezaten lehen helburua da arlo honetan. Helburu hori, eta horretarako behar diren bitarteko guztiak herritarren esku jartzea, administrazioen zeregina da. Herritarrek Euskal Herriaren historia jakitea ere lehentasunen artean kokatuko dugu.
  • Herri mugimendua. Euskal Herri dinamikoa eta bere buruaren jabe dena nahi badugu, herri mugimendu bizkorra eraiki beharko dugu ezinbestean. Batzuk kulturan, besteak artean, hangoak kirolean, hemengoak sindikalismoan, herri guztietan euskalgintzan… zenbat eta herritar gehiago inplikatu herrigintzan orduan eta Euskal Herri biziago eta osasuntsuagoa izanen dugu. Burujabetzara iristeko milaka herritarron eskuhartze zuzen eta tinkoa behar baita.

2026-09-30

joan mari beloki kortexarena


Utzi iruzkina: