Euskaldunontzako termometroa (I)

Euskaldunontzako termometroa (I) EUSKAL HERRITIK | 2026-09-27 22:26

Euskaldunontzako termometroa (I)

Garai nahasi hauetarako termometro politiko bat asmatu nahi izan dugu. Euskal Herrian, burujabetza helburu, egun eragile politikoek duten tenperatura neurtuko duena.  

Hitzaurrea

Aspalditxo galdera bat dabilkigu buruan. Zer aldatu behar dugu gaur egun euskaldunok morrontzan bizitzetik geure buruaren jabe izatera igarotzeko? Gure herria instituzionalki zatiturik dago, politikoki espainiarren eta frantsesen mende bizi gara, ezin dugu bizia geure kasa antolatu, ezta geure etorkizuna erabaki, ekonomikoki aberatsen hatzaparretan harrapatuta gaude eta arazo handiak ditugu bizimodu duina izateko. Eta honi guztiari aurre tinko egin beharrean, herritarrok geldirik gaude. Zer pizgarri behar dugu geure energiak mugiarazteko?

Mamiari heldu baino lehenago, argi dezagun hitz hauek -gure idatzi guztiak bezala- euskaraz bizi nahi dutenei zuzenduta daudela. Irakurleen kopurua murritzagoa izanen dela jakin arren. Zergatik beti euskaraz, eta euskaraz bakarrik? Ba, Euskal Herriaren motor politikoa beti euskalduna izanen delako. Berdin dio zein norabide hautatzen duen, herri honen motorra euskalduna izanen da. Arrazoi bakar batengatik, euskaldunok bakarrik dugulako herri honen identitatearen osagai nagusia eta erabakigarria den euskara.

Ez ditugu erdaldunak zokoratzen. Erdaldunak ere guztiz beharrezkoak dira Euskal Herri hau aurrera txukun ateratzeko. Geure barrikadetan eta trintxeretan ondo-ondoan behar ditugu, geure borrokarekin bat eginik. Baina sekula ez dira motorra izanen, euskara falta dutelako. Ezin dute euskaraz mintzatu, ezin dute euskaraz idatzi, askok euskara ulertu ere ez dute egiten, euskaldunok erderaz mintzatzera behartzen gaituzte… Mugatuta daude motor politikoaren pieza izateko.

Termometroak neurtu beharrekoak

Euskal Herria bezalako herri ukatuak nola iraul lezake egungo egoera bere buruaren jabe izatera igarotzeko? Erantzuna aurkitzeko bi bide dugu. Euskal Herriaren historiari bakarrik erreparatu eta eskarmentu horretatik ondorioak atera ala amesten dugun moduko iraulketa -edo antzekoa- munduan egin duten herriei begiratu.

Euskal Herriaren historiari erreparatu ezkero, garai zaharrenetatik hasita, Orreaga topatuko dugu lehenik. Iruñea sarraskitu zuen Karlomagnoren armadari mendekua ordainaraztea bilatu zuen ekintza ospetsua. Nafarroaren Erresumaren bihotzaren azken taupaden garaian, Noaingo eta Amaiurko gazteluko balentriak aurkituko ditugu, non bertako herritarrok ez zuten inbaditzailea geldiarazteko azken odol tantara arte eskaintzeko zalantza izpirik izan. Karlistaldiak ere aurrean azalduko zaizkigu -herritarren estrategia zuzena ala okerra izan zen epaitu gabe-, non garbi ikus litekeen bertako herritarrek burujabetzari eutsi nahi izan ziotela kosta hala kosta foruak aldarrikatuz. 1.936ko Francoren altxamenduaren aurrean ere Euskal Herriak, odol asko isurita beste behin ere, tinko eutsi nahi izan zion burujabetzari armak eskutan hartuta. Azkenik, 1.959tik aurrerako matxinada ere aipatu beharra dugu, eraginkorra, odoltsua, gogorra, eta azken orbainak oraindik sendatzekoak dituena. Zein da aipatu gertakizun guztiak josten dituen haria? Bat eta nabarmena: burujabetza gosea eta bere beharraren sentimendu sutsua. Herri honek nortasun nabarmena du eta halako genetika duen herriak ez du inoiz etsitzen. Beraz, geroari erreparatzen diogunean, urratsik eman nahi duen orok burujabetza jarri beharko du edozein proposamenen oinarrian.

Munduari begiratzen badiogu, kasu ezberdin interesgarriak daude euskaldunoi hausnarketa egiten lagun liezaguketenak. Baina neurriagatik, populazioagatik eta protagonisten ezaugarriengatik, Kubari botako diogu bistadizoa lehen-lehenik. Iraultzaren lehen urratsa Mexikon eman zuten, 1956ko azaroan, Tuxpandik 82 gerrillari Granma izeneko itsasontzian Kubara abiatu zirelarik. Fidel eta Raul Castro anaiak, Txe Gebara, Camilo Cienfuegos, tartean ziren. Astebete beranduago iritsi ziren Kubara, baina Fulgencio Batista diktadorearen armada zain zuten eta 27 gerrillari bakarrik lortu zuten bizirik ailegatzea Sierra Maestrara eta berriro elkartzea. Ez zuten etsi. Aurrena gerrillari taldea handitzea eta sendotzea lortu zuten. Ondoren, nekazariekin eta hirietan antolatuta zegoen diktadorearen aurkako erresistentziarekin harremanak landu zituzten. Azkenerako, milaka ziren guda horretan inplikatuta zeuden herritarrak. 1.959ko urtarrilaren 1ean Batista diktadoreak hanka egin zuen beti babesa eman zioten AEBetara.

Zein izan ziren garaipenaren oinarriak? Lehenik, Fidel Castrok eta gainerako 81 lagun haiek Mexikotik abiatu zirenean barruan zuten AEBen morroi zen Fulgencio Batistaren erregimena suntsitzeko irrika. Berarekin batera, Kuba kubatarren esku gera zedin gogo bizia eta, azkenik, helburu horiek lortzeko behar ziren grina eta konfiantza osoa, Kubara iritsi orduko hartu zuten jipoi handi hura gainditzeko ezinbestekoak.

Halaber, zuzendaritzaren gaitasuna. 27 lagunekin matxinada abiatu eta azkenerako milaka lagunen inplikazioa lortzeak -eta gainera bi urte luzetako prozesu odoltsu eta gogorraren ondoren garaipena eskuratzeak-, prozesua aurrera eraman duen zuzendaritzak buru argi eta adimentsua izan duela erakusten du. Fidel Castrok orduan, eta gero ere, ongi erakutsi zuen zuzendaritza politikorako zuen trebezia bikaina. Antolaketarako gaitasuna ere ezin ahaztuko dugu. Milaka lagunek diktadore basati bati aurre egin ahal izateko, indarrak ongi eratuta eta egituratuta behar baitituzte egon, ezinbestean.

Sahelen gertatutakoa ere oso interesgarria da guretzat. Burkina-Faso, Niger eta Mali herrialde afrikarrek burujabetasuna eskuratu dute, hiruek nahikoa denbora laburrean. Kolonia frantsesak ziren eta 2022 eta 2023. urteetan lortu zuten armada frantsesa beren lurretatik alde egitea. Hiru kolpe militar hauek herritarren babesarekin emanak izan dira eta herritarren babesa dute orain ere. Ondorio nagusia orain bere buruaren jabe direla eta herritarren bizi mailak gora egin duela. Hiruek bat eginik, Sahelgo Estatuen Konfederazioa osatu dute.

Neurtzeko parametroak

Aipatu gabe utzi ditugu Errusiako 1917ko iraultza eta beste hainbat. Ikusten denez, orain arte behintzat, burujabetza eskuratzeko prozesuak mundu osoan gerra bidez erabaki dira. Baina gaur egun Euskal Herrian ez dugu iraultza armatua egiteko baldintzarik. Dena dela, prozesu guztiak bide bertsutik garatu izanak galdera sorta jartzen digu aurrean. Adibidez, Euskal Herrian, mundu osoan ez bezala, burujabetzarako prozesua samurra izan al daiteke? Parlamentuetako berriketen bidez soilik gerturatu al gaitezke burujabetzara? Arduradun politikoek lortuko al dute Euskal Herria burujabe izatea? Albiste pozgarri hori herritarroi, sofan gozo-gozo gaudela, telebistatik iritsiko al zaigu?

Ala ezinbestekoa izanen da herritarron protagonismoa? Euskal gizartearen presio esturik gabe Madrildik kudeatzen gaituen sistema alda al daiteke agian? Hemen ere ez al da beharrezkoa izanen herritarron mobilizazio jendetsu etengabea?

Gaurko atalean ikusitakoa oinarritzat hartuta, galdera ugari sortu zaigu eta erantzun errazik ez dago. Irakurle bakoitzak bere baitan erantzunak bila ditzan, hausnarketa egiteko lagungarri izan daitezkeen parametro batzuk zehaztu ditugu, ausarki:

  1. Askapen prozesuak eragiten dituzten motorrak burujabetasunerako barruko sua eta grina direnez, ezaugarri horiez blai dauden pertsonak eta kolektiboak beharko dute izan eragile nagusiek Euskal Herrian ere.
  2. Burujabe ez izatetik izatera igarotzeko prozesuak nekezak eta luzeak izan ohi dira. Nekerik gabe halako helbururik lortzea ez da ezagutu. Bozketa bidez ere ez.
  3. Mobilizazio iraunkor jendetsua izateko prozesuek zuzendaritza argiak eta adimentsuak behar izaten dituzte. Herritarrei bidea ongi azalduko dietenak, jendea motibatuko dutenak, lana eta militantzia ongi antolatuko dituztenak.
  4. Prozesu luze eta nekezetan, herritarrak egitura zabaletan antolatu ohi dira. Indarrak bateratu eta noranzko berean bideratu behar baitira.

2026-09-27

joan mari beloki kortexarena


Utzi iruzkina: